Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak 2018. urtean abiatu zuen Musikariak Ikastetxeetan programa, 14eta 18 urte bitarteko ikasleen artean euskara eta kulturabultzatzeko. Joan den ostiralean, baina, egitasmoa etetea erabaki zuen Nafarroako Gobernuak, inolako azalpenik eman gabe: antolatzaileek jakinarazpen bat jaso zuten, posta elektronikoz.
«Injustizia» gisa salatu du egoera Gotzon Barandiaran proiektuaren sortzaile eta koordinatzaileak: «Posta elektronikoz bota digute jakinarazpena: inork ez digu azalpenik eman; ez da egon inolako harremanik gure artean». Ordutik, Hezkuntza Departamentuarekin harremanetan jartzen saiatzen ari dira antolatzaileak, baina ez dute erantzunik jaso: «Programa bat-batean zergatik eten duten jakin nahi dugu». Era berean, «begirune falta» agerikoa dela salatu du: «Egin dugun lanari errespetu gutxi erakutsi diote. Alde barrez hartutako erabakia da, eta kalteturik handiena euskal kulturgintza da».
Programaren bitartez, euskal kulturaren transmisioa hezkuntzan formalizatzen ahalegindu dira urte hauetan guztietan. Nafarroako A eta D ereduko ikastetxeek parte hartu dute egitasmoan, eta eragile guztiek balorazio «oso ona» egin izan dutela nabarmendu du Barandiaranek: «2018tik hona harrera oso ona egin diote ikasleek, irakasleek eta sortzaileek. Saio oso emankorrak izan dira, eta ez dugu ulertzen zergatik eten duten».
Emanaldi horietan, kontzertu txiki bat emateaz gain, sortzaileak euskal kulturaren inguruan mintzatzen zitzaizkien gazteei. Amaieran, galderetarako tarte bat ere uzten zen, ikasleenganako hartu-eman zuzena sustatzeko helburuarekin. Aitzindari izan zen egitasmoa Euskal Herrian, eta, proiektuak Nafarroan nolako harrera izan duen ikusita, 2021. urtean Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetara hedatzea.
Konpromiso falta
Musikariak Ikastetxeetan programaren ordez Solaskide izeneko egitasmoa martxan jarriko dutela jakinarazi dio Nafarroako Gobernuak Euskadi Irratiari. Hezkuntza Departamentuko kideen arabera, hobeto egokitzen delako curriculumera. Barandiaran ez da ados agertu: «Musikariak Ikastetxeetan programa erabat lotuta dago curriculumari: ikasleen garapen integrala sustatzen du. Ez dago arrazoi pedagogikorik proiektu hori bertan behera uzteko». Horrez gainera, epeak ere ez dira egokienak, Barandiaranen arabera: «Gobernu berria osatu aurretik hartu dute erabakia, San Fermin atarian. Ez dago ezertarako tarterik».
Programa martxan jarri zenean, Ana Unanue zen Euskara Ataleko Didaktika eta Sustapen Bulegoko burua. Gogor kritikatu du erabakia, eta saileko kide batzuen interes falta nabaritu du: «Mingarriena egiten zait ez dela egin inolako ahaleginik programari eusteko. Saiatu beharra zegoen, erresistentzia pixka bat egin».
Halaber, halako egitasmoek nerabeengan duten «eragin positiboa» nabarmendu du irakasleak: «Halako inguru erdaldunetan, euskara ez da oso erakargarria nerabezaroan. Euskal kulturaren transmisioa egitea oso garrantzitsua da, eta, halako jardueren bitartez, ikasleek erakusten dute gogoa eta interesa badagoela».
Catalan fokupean
Aferaren harira, hainbat izan dira Musikariak Ikastetxeetan programari babesa eman dioten sindikatuak; tartean, LAB, ELA eta Steilas. Erabakiaren inguruko azalpenak «lehenbailehen» emateko eskatu dute guztiek. Steilasek, esate baterako, halako programen garrantzia azpimarratu du: «Euskal kulturaren transmisioak horrelako programa gehiago behar ditu, irakasleok ikasgelan lantzen dugunaren osagarri baitira. Musikariak, idazleak, aktoreak eta bertsolariak gurekin behar ditugu Nafarroako ikastetxeetan». LABek, berriz, euskararen aurkako eraso gisa hartu du programa bertan behera geratu izana: «Berriz ere argi utzi nahi dugu aurrean izango gaituztela euskararen kontrako erasoek hor jarraitzen duten bitartean».
Nafarroako Gobernuko Eleaniztasun Zerbitzuaren aurkako kritikak, ordea, ez dira berriak: LAB sindikatuak joan den maiatzaren 19an eman zuen aferaren berri, Ignacio Catalan zerbitzuburuaren jarrera kritikatzen zuen ohar bat publikatuz: «Zuzendaritzak aspalditik erakusten duen euskararekiko mespretxuak lanpostu tekniko batzuk kentzea ekarri du, eta, orain, horri gehitu behar zaio geratzen zen lanpostu tekniko bakarra ataletik kanpo atera dutela». Unanuek berak ere kritikatu du zerbitzuburuaren jokaera: «Catalan ez da ez euskaltzalea, ez euskarafoboa: bere nagusiek agintzen diotena da. Ez du irizpiderik».
Egoera salatzeko asmoz, bihar elkarretaratzea egingo dute, Nafarroako Gobernuaren aurrean, 11:30ean.
Musikariak Ikastetxeetan programa eten du Nafarroako Gobernuak
Antolatzaileek joan den ostiralean jaso zuten jakinarazpena, posta elektronikoz, erabakiaren inguruko inolako azalpenik gabe. 2018an abiatu zuten proiektua

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu