Arkaitz Mendoza. Pianista

«Musikarien artean, Chopin da gertuen sentitzen dudana»

Musikagilearen hamar nokturno grabatu, eta Harkaitz Cano idazlearen poemekin batera kaleratu du 'Malgua da gaua' disko-liburua. Testuak tartekatuz, pianoan hamar pieza horiek joko ditu gaur, Donostian.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2014ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Menperatu ahal izateko, denbora asko eskatzen duen musika tresna da pianoa. Aspalditik dago hari lotuta Arkaitz Mendoza (Donostia, 1983), baina, halere, ateratzen du tartea beste hamaika arlotan ere aritzeko: Donostiako Musika Kontserbatorioan irakaslea da, orkestra zuzendari ere aritzen da, musika kritikari egunkari honetan bertan... Urtebeteko alabarekin gozatzeko eta kirola egiteko ere aurkitzen du tarterik; «denetarako dago denbora», dio, barrez. Andoaingo Basteron La del manojo de rosas zarzuela zuzentzen ariko da etzi, eta igandean, berriz, Opus Lirika hirukotearekin organoa jotzen, Ordizia Barroko Aire zikloan. Hori gutxi balitz bezala, emanaldia eskainiko du gaur Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan, Harkaitz Canorekin ondu berri duen Malgua da gaua disko-liburua aurkezteko.

Chopinen hamar nokturno bildu dituzu Malgua da gaua lanean. Horiek eskainiko dituzu gaur?

Hori da. Chopinek hogei nokturno ditu guztira, eta opus edo bilduma bakoitzetik bat aukeratu nuen, hori izan zen irizpidea. Urtarrilean Harkaitzi [Canori] aurkeztu nion proiektua; Donostiatik kanpo zebilen, AEBetan, baina interes handia agertu zuen, eta hilabete eta erdi pasatu zuen nokturnoak entzun eta entzun. Maiatzean handik testuak bidali zizkidan. Kontzertuan Ekaitz Gonzalez aktoreak irakurriko ditu, eta musika tartekatuz joango gara.

Diskoa grabatuta amets bat bete zaizula esan zenuen. Zergatik duzu hain kuttuna Chopin?

Pianoko ikasketetan beti egon da hor, eta uste dut gertuen sentitzen dudan musikaria dela, pianorako bere musika hain dago ondo idatzia... Ni ere, jotzeko moduan, beti oso erromantikoa izan naiz, garai horrekin oso identifikatua sentitu izan naiz, eta nokturnoak beti izan dira zerbait ameslaria, zerbait leuna, txikia...

Beste konpositorerik ez dizu halakorik sorrarazi?

Bai, bai, asko daude! Disko bat grabatzeko asko aukeratuko nituzke, adibidez, Brahms asko maite dut, Bach, Mozart, Beethoven... Obra handi pila daude, baina pianoko lehen diskorako bat aukeratzekotan nokturnoak; nahiz eta oso ezagunak izan eta pianista famatuenek grabatudituzten, ausartu naiz obra hauetan pixka bat nire nortasuna sartzen.

Interpretatzen ez ezik, musika irakasten ere orduak ematen dituzu. Zer zaizu gustagarriago?

Zeharo ezberdinak dira. Gutxienez, saiatzen naiz musikarekiko dudan maitasuna ikasleei apur bat kutsatzen; ia-ia hori da helburua. Duela urte batzuk ikasleek ez zituzten eskolaz kanpoko hainbeste gauza, baina orain gauza pila bat dago; meritu handia dauka kontserbatoriora etorri eta etxean instrumentua hartzeko denbora ateratzeak... Konstantzia eskatzen du musikak; lan gogor horretan laguntzea eta bidea pixka bat markatzea da asmoa eta, batez ere, musikarekiko sentitzen dugun maitasuna, zirrara hori haiek pixkanaka sentitzea.

Orkestra zuzendari izateko ikasketetan ere murgildu zinen. Arlo hori nola ari zara garatzen?

Hemezortzi urterekin organo eta piano ikasketak amaitu nituen, eta, haiekin jarraitu arren, kontzertuetan orkestra zuzendariak ikusita beti probatu nahian ibili naiz. Musikenen bi urte egin nituen, eta gero ezin izan nituen ikasketak amaitu, baina izugarrizko zortea izan dut, Sasibil Lirika Elkartearen bidez Viktoria Eugeniako zarzuelak zuzentzen ari bainaiz, 2010etik. Operaren bat eta zarzuela askotxo daramatzat jada, eta pozik nago zuzentzeko dudan aukeragatik. Hau ere oso ezberdina da; jende pila kontrolatu behar duzu, izugarrizko muntaketa da, baina gogoz hartzen da.

Urteak dira egunkari honetan kritikak idazten dituzula. Zer ematen dizu kritikari izateak?

Batez ere, musika beste alderdi batetik ikustea. Askotan, kontzertu batetik ateratzean, jendea bere artean aritzen da 'hau gustatu zait' edo 'hau ez'... Baina hori gero idatzi egin behar da, eta beste estatus batera eramatea beti gustatu izan zait. Gainera, BERRIAn aukera dut askatasun guztiarekin dena komentatzeko. Badakit oso zorrotzaren fama dudala [barrez], askotan esan didate. Baina, bueno... Kontzertu zailak ere egokitu izan zaizkit, oholtza gainean musikari adiskideak dituzu, baina uste dut zure sentsazioekin leiala izan behar duzula, argi eta garbi esan pentsatzen duzuna, jendeak uler dezan. Niri ere gustatuko litzaidake nire kontzertuetako kritikak halakoak izatea, gauzak argi eta garbi esanez. Gustura nabil.

Interprete, irakasle, orkestra zuzendari, kritikari... Eta zeure burua sortzaile gisa ikusten duzu?

Hori ez... Esan izan didate zer edo zer konposatzeko, baina horretarako benetan ez naizela gai izan, ez dut hartarako imajinaziorik edo... Interprete gisa aritzen naiz, baina sortzaile gisa ezer ere ez.

Beste proiekturik ba al duzu buruan?

Orain, disko honekin ibiliko gara; emanaldi batzuk lotuak ditugu abendurako, beste batzuk apirilerako... Pixka bat mugitzen ari da, eta nola doan ikusi beharko da, datorren urtean gainerako nokturnoak ere grabatzeko, eta, agian, Harkaitzek testuak egiteko... Ez dakit... 2016an, Donostia kultur hiriburu izango da Poloniako Wroclawrekin batera, eta Chopin poloniarra izanik, testuak hara eramatea... Ideiak asko daude, eta hau proiektu polita da musika eta literatura uztartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.