Musikaste jaialdiak doinu klasikoak eta garaikideak uztartuko ditu gaurtik igandera Errenterian

Hamar musika eta dantza emanaldiz osatutako egitaraua antolatu dute aurtengo, eta Juan Mari Beltran musikari eta ikerlaria omenduko dute.

Musikasteko antolatzaileak, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin batera, jaialdiaren aurkezpenean.
Musikasteko antolatzaileak, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin batera, jaialdiaren aurkezpenean.
Amaia Jimenez Larrea.
2025eko maiatzaren 16a
04:10
Entzun 00:00:0000:00:00

«Musikastek urrats sendoz jarraitzen du aurrera». 53. aldia izango du aurten Errenteriako (Gipuzkoa) Musikaste jaialdiak, eta urtez urte egindako lana nabarmendu dute antolatzaileek hedabideei bidalitako oharrean. «Euskal Herriko sormen eta interpretazio aberastasuna» agerraraztea da helburua, eta, gaurtik hasi eta hilaren 24ra arte, aukera izango da hamar musika eta dantza emanaldiz gozatzeko. Eresbil fundazioak eta Andra Mari abesbatzak elkarlanean antolatu dute jaialdia, eta, artista garaikideen eta klasikoen lanak plazaratzeaz gain, Juan Mari Beltran interprete eta musikaria omenduko dute.

Eusko Ikaskuntzak ematen duen Manuel Lekuona saria jaso berri du Beltranek, eta Musikastek ere aitortu nahi izan du Beltranen lana, omenaldi baten bidez. Haren lana zuzenean ikusteko aukera ere eskainiko dute, gainera: maiatzaren 22an, kontzertu bat emango du omenduak Niessen kulturgunean. Bere errepertorioaren parte bat joko du, bai eta beste konpositore batzuen lanak ere, tartean Pablo Sorozabalen Contrapás lana. Beltran ez da bakarrik egongo, oholtza gainean arituko baitira Herri Arte Eskolako alboka taldea eta Hernaniko (Gipuzkoa) txistulariak ere.

Irungo (Gipuzkoa) Oiasso Kameratak izango du Musikastek egitaraua abiarazteko ardura, gaur. Bizitzaren harian orkestra kontzertua emango du, Errenteriako Zariatxo-Zariagaz abesbatzaren eta Marina Beheretxe biolin jotzailearen laguntzarekin. Lekuona Fabrikan izango da saioa, 19:00etan. Euskal konpositore klasikoen lanak interpretatuko dituzte, hala nola Jesus Guridirenak, Farancisco Escuderorenak eta Carmelo Bernaolarenak. Halere, konpositore gazteen lanei ere egingo diete lekua. Ekhi Lamberten eta Elodie Baffalioren konposizioak ere entzun ahal izango dira.

Biharkoa dantzari eskainitako eguna izango da. Dantzaz konpainiak Ubun-Tu ikuskizuna emango du Lekuona Fabrikan. Landarbaso abesbatzak ere parte hartuko du. Bi piezaz osatutako lana da: lehena, Aire sakona izenekoa, euskal kulturaren elementuetan oinarrituta dago, bertsolaritzan eta arraunean besteak beste. Bigarrena, Eres deitzen dena, Martin Inthamoussu koreografo uruguaitarraren sorkuntza da. Emigrazioaren gaia lantzen du, musika korala eta dantza uztartuz.

Lekua haurrei ere

Igandekoa izango da jaialdiko egunik indartsuenetako bat. Organo eta eliza musikako kontzertuarekin hasiko da eguna. 10:00etan izango da, parrokian. Ana Belen Garciak izango du organoa jotzeko ardura, eta Andra Mari abesbatzak jarriko du ahotsa. Ondoren, 11:30ean, Errenteriako Udal Txistulari Bandak kontzertua emango du, Mixel Labeguerieri eskainia. Niessen kulturgunean izango da saioa. Amikuzeko (Nafarroa Beherea) musika eskolako eta Iparraldeko Kontserbatorioko ikasleek ere parte hartuko dute. 12:45ean, Errenteriako Udal Bandaren txanda izango da, eta Koldo Mitxelena ikastetxean emango du kontzertua.

Bestalde, haurrak izango dira Amalurra musikaleko protagonistak. Hain zuzen, Errenteriako Orereta ikastolako, Koldo Mitxelena ikastetxeko, Bizirain ikastolako eta Cristobal Gamon ikastetxeko ikasleek parte hartuko dute. Maddalen Dorronsorok egingo ditu zuzendari lanak. Lekuona Fabrikan egingo dute emanaldia, 18:30ean. Horrez gain, ikastetxe horietako ikasleentzako jardunaldi pedagogikoak ere prestatu dituzte. Wolfgang Amadeus Mozart konpositorearen arrebaren, Maria Anna Mozart Nannerl-en, inguruko ikuskizun bat izango da, eta hilaren 21 eta 22an taularatuko dute.

Abesbatzen Eguna

Dance of change ikuskizunean doinu modernoagoak uztartuko dituzte. Proiektuaren estreinaldia egingo dute hilaren 22an, Niessen kulturgunean. Emakume Sortzaile eta Artisten Sareak prestatu du lana, zehazki Haizea Huegun eta Bea Andres sare horretako kideek. Musika sinfonikoak eta musika elektronikoak bat egingo dute emanaldian.

Aurten, hilaren 23an izango da Abesbatzen Eguna. 19:30ean, Lekuona Fabrikan, Euskal Herriko hainbat txokotako abesbatzak arituko dira kantuan: Errenteriako Dizdizkak, Lekeitioko (Bizkaia) Kantakaik, Irungo Igak, eta Bilboko Euskeriak. Maddalen Dorronsororen, Xabier Sarasolaren, Junkal Guerreroren, Iñaki Tolaretxipiren eta Xabier Leteren konposizioak entzun ahal izango dira, besteak beste. Euskadiko Orkestrak eta Andra Mari abesbatzak emango diote amaiera festibalari; Lekuona Fabrikan egingo dute kontzertua.

Emanaldietarako sarrerak eskuragarri daude Eresbil fundazioaren egoitzan, Lekuona Fabrikan eta eresbil.eus webgunean. Bestalde, aretoetako leihatiletan ere eros daitezke, saioak hasi baino ordubete lehenago. Sarrerek zazpi euro balio dute. Igande goizeko kontzertuak doakoak izango dira, halere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.