Mustafa Koçak turkiarra 297 eguneko gose grebaren ostean hil da. 28 urte zituen, eta Grup Yorum folk musika taldeko kidea zen. Apiril hasieran hil zen; Helin Bolek kidearekin batera hasi zuen gose greba. Koçakek bere aurkako epaiketa berrikusteko eskatzen zuen, «auzitegiaren inpartzialtasun faltagatik». 2017an bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zioten, hilketa baten konplize izatea egotzita, defentsak eskuratu ezin izan zituen lekukotasun sekretu batzuetan oinarritutako epai batean.
Auzitegiak erruduntzat jo zuen Koçak, 2015ean, DHKP-C Herria Askatzeko Alderdi-Fronte Iraultzaileari emateagatik fiskal bat hiltzeko erabili zuen arma. «Konstituzioa urratzeagatik» eta «legez kanpoko erakunde bati suzko armak emateagatik» zigortu zuten. Koçakek, orduan, Auzitegi Gorenari kasua berriz irekitzeko eskatu zion, haren epaiketan lekukotasun sekretuak izan zirela argudiatuta.
Koçaken abokatu bulegoak haren heriotzaren berri eman zuen iragan ostiralean, eta esan zuen bere bezeroari ez zitzaiola eman bidezko epaiketa baterako eskubidea. «Badakizue estatuak hil duela Mustafa, epaitegian ez entzuteagatik», salatu zuen abokatu taldeak.
Taldearen aurkako jazarpena
Grup Yorum taldea 1985ean sortu zuten, Istanbulen, eta ordutik taldeko kideak aldatuz joan dira etengabe: dozenaka lagunek osatu dute. Euren letren mezu sozialista eta antiinperialistengatik nabarmendu dira, bai eta folklore kurdua eta turkiarra konbinatzeagatik ere. 1990eko hamarkadan egin ziren bereziki ezagun.
Hasieratik, jazarpen politikoa pairatu dute. 2016tik, 30 bat kide atxilotu dituzte, eta poliziak hamar aldiz esku hartu du entseatzen duten kultur gunean. Izan ere, Turkiako Gobernuak dio taldeak lotura duela «erakunde terroristatzat» duen DHKP-C Herria Askatzeko Alderdi-Fronte Iraultzailearekin.
Hori dela eta, Bolekek eta Koçakek eskatzen zuten taldeko zazpi kide askatzeko, haien aurkako atxilotze aginduen deuseztatzeko eta amaitzeko taldearen kontzertuen debekua eta haien entseatzeko tokiaren –Idil kulturgunearen– aurkako sarekadak. Martxoaren 11n, indarrez ospitaleratu zituzten Bolek eta Gokcek, baina uko egin zioten tratamenduari.
BERRIAk atzo argitaratutako elkarrizketa batean, Pinar Selek idazle eta soziologo turkiarrak, Boleken heriotzaz galdetu ziotenean, salatu zuen herrialde horretan artisten aurkako zapalketa etengabea dela: «Uste dut Helinekin gertatu dena adibide ona dela Turkiako Estatuko artisten egoera zertan den ulertzeko. Haur nintzenetik irakurri ditudan liburuen idazle guztiek, poetek, gustukoak nituen margolariek, denek ukan dute ibilbide bera: kartzela, erbestea edo heriotza, eta badirudi horiek direla artistaren patua. Horrela zen, eta horrela da oraino ere».