Mutantearen apologia

Marina Nuñezek Bilboko Rekalde aretoan jarritako lanek begirada, identitate eta errealitate anizkuna aldarrikatzen dute'Estaltzea ikusteko, edo begi alferra' atzera begirakoan bideoak eta infografiak daude

Marina Nuñez, Bilboko Rekalde aretoko erakusketan, atzean Askotarikotasuna bideo laneko irudi bat duela. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Artegagarriak dira Marina Nuñezen (Palentzia, 1966) obrak, gogoetagarriak. Artista espainiarrak Bilboko Rekalde aretoan jarri dituen bideo, margolan, infografiaeta marrazkiek ez dute inor hotzepel utziko. Ernaltzen ari diren begiak, zomorroen erasoa jasaten ari direnak, nini bikoitzekoak, hainbat buruk zapaldutako gorputz larriak... Apaindurarik gabeko irudiak dira, zuzenak, gordinak, zorrotzak eta bortitzak.

Luis Buñuelen Un chien andalou filmak irekitzen du erakusketa. Lan horretako irudi batek, aizto batez neskato baten begiak ebakitzen dituzteneko eszenak hain zuzen, Nuñezen iruditeria markatu zuen. «Gogoangarria da, indar handikoa». Eta erakusketan izango diren lanen atariko gisa ekarri dute Estaltzea ikusteko, edo begi alferra izenburuko atzera begirako erakusketara. Iñaki Alvarez komisarioak zein Nuñezek uste dute surrealismoa «oso gaurkoa» izan daitekeela «oraindik ere», «Mendebaldeko pentsamendu fundamentalistan oinarritutako arrazoi ahalguztidunak kritika gogorrak jaurti dizkion arren», esan du Nuñezek.

Errealitateari erreparatzeko arrazoi eredu hori auzitan jarri du bere lanetan. Egia bakarra ez dela eta ez duela zertan arrazionalismoan oinarritu. Errealitatea hautemateko bestelako bideak ere badaudela aldarrikatu du artistak. «Pasio, bulkada, sentimen, desira eta gorputza, alegia, arrazoiak bazter utzi dituen horiek ere badira errealitatea antzemateko bide, egiara iristeko modu».

Gorputzaren arrazoia

Gorputza eta arima bereizteko joera kolokan jarri du, halaber. «Arima arrazoiari lotzen zaio; aldiz, gorputza masa ilun, itsu eta erdeinagarri bezala aintzat hartzen da. Engainua bezala. Arimaren eta arrazoiaren kartzela gisa. Eta ezagutzarako eta ongiarako bidean oztopo, bekatuzkoa baita, gorputzean baitaude emozio eta sentsazioak. Platonen garaitik datorren dualismoa da. Gorputza eta arima bereizten ditu, eta borroka horretan gorputza irteten da galtzaile, eta arima garaile».

Erakusketan, begiratzeko bestelako moduak daudela erakutsi nahi du Nuñezek, errealitatearekin harremantzeko bideak, «gorputzarekin lotura estuagoa dutenak, haragi eta emozioarekin lotuagoak». Hortik dator erakusketaren izenburua. Eta hortik ere hainbat nini dituzten begien bideoak. Errealitatea ugaria denez, eta askotariko begiez begiratu behar zaionez. «Pizkundeko gizonaren begirada ezarri zaigu. Zentroan kokatu eta dena bere ardatz horren arabera interpretatzen duena». Nuñez ez dator bat: «Onartu behar dugu gu ari garela begiratzen, eta ez dena dakien jainko bat. Eta gure begirada hezita dagoela, eta zama kultural oso handia duela. Hemen ez dago dena dakien eta esaten duen guztia egia den off-eko ahotsik».

Hainbat aurpegi erakusten dituen izenbururik gabeko infografia batek azaltzen du begiradak asko diren bezala pertsona baten baitan izaera bakar bat ere ez dagoela. Identitate multipleaz jardun du lan horretan. «Koherente izateko obsesioa barruraino irentsarazi digute, jaiotzetik hil arte dugun esentziaren garrantzia. Horri erantzuten dio ni horrelakoa naiz esaldiak, behin edo noiz denok esan dugunak. Baina estereotipo kulturala da, bizitza osoan pertsona asko izan gaitezkeelako. Baita aldi berean ere, elkarren artean kontrajarriak diren rolak ditugulako». Horregatik, identitatearen batasuna «atorra hertsagarria» dela uste du artistak. «Baina sistemarentzat erosoagoa da subjektu esentzial gisa definitzea, subjektu mutante gisa baino».

Ikonografia, diskurtso eta estrategia formaletan surrealismoari lotzen zaizkio artistaren lanak. Elementu jakin batzuk testuingurutik ateratzea edota muturreko direnen elkartzea behin eta berriro errepikatzen dira Rekalden dauden obretan.

Munstroak izeneko infografia sortetako batean, badirudi neskato batzuek eragin dutela inguratzen dituen hondamendia. Baina, aldi berean, haien gorputzetan lurralde berri bat ari da loratzen. Estrategia surrealistatzat har daitezkeen joko gehiago ere badira. Baita mundu onirikotik ateratakoak diruditen atmosfera eta giro ugari ere.

Oso Freudena den beste ideia batek itzal handia du erakusketan. Ezagun eta gertuko den zerbait gertaera ñimiño baten ondorioz ezbehar bihurtzen da ezustean; edozein toki segurutan dago amildegi bat.

Eguzkiaren sartzea-n, hiru dimentsioen teknika landuz artistak berak eginiko bideoan, tentsioa muturrekoa da. Zientzia fikziozko film baten hasiera zirraragarria izan zitekeen. Itsaso zabal batean ageri dira gizaki moduko hainbat izaki. Zutabe (klasiko) zein probeta (oraingo) izan daitezkeen beirazko hodien barnean, hilerri infinitu moduko egitura osatzen dute. Gizakien hondarrak dira; zainak dituzte agerian, eta begi asko. Irisak irekitzean amaitzen da obra. «Posthumanoaren hasiera da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.