Aurtengo Musika Hamabostaldiko izarretako bat da Anne Sophie Mutter (Rheinfelden, Alemania, 1963), munduko biolin jotzaileen artean ezagunenetakoa baita. Bigarren aldia da Donostiara datorrela; 2019an izan zen lehenago, kontzertu pribatu batean. Atzo Santanderren (Espainia) kontzertua eman ostean, gaur, 19:30ean, Donostiako Kursaal auditoriumean Wolfgang Amadeus Mozart, Ludwig van Beethoven eta Cesar Franck musikarien sonata bana joko du, Lambert Orkis pianista (Philadelphia, AEB, 1946) lagun duela. Salduta daude sarrera txartel guztiak.
«Donostiako entzuleak isilak dira, baina apasionatuak», adierazi du gaur goizean Mutter andereak. «Gogoan dut arkitektura eta akustika ederrekoa dela Kursaal. Pozik nago berriz hemen nagoelako».
Lau Grammy sari irabazi ditu Mutter biolinistak, 1994, 1999, 2000 eta 2005. urteetan; baita bederatzi Echo Classic sari ere. Hamahiru urte zituela Herbert von Karajan zuzendariak Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin jotzera gonbidatu zuen. Geroago, 1977an, Mutterrek debuta egin zuen Salzburgoko jaialdian English Chamber Orchestrarekin, Daniel Barenboimen zuzendaritzapean.
Obra klasikoak interpretatzeaz gainera, gaur egungo musikarien obrak estreinatzen ditu. Mutterrentzat idatzi izan dute, esate baterako, Unsuk Chin, Sebastian Currier, Henri Dutilleux, Sofia Gubaidulina, Witold Lutoslawski, Norbert Moret, Krzysztof Penderecki, Andre Previn, Wolfgang Rihm, Joerg Widmann eta John Williams konpositoreek.
Orkis pianistak 1988tik ematen ditu errezitaldiak Mutter biolinistarekin. Bestalde, Mstislav Rostropovitx biolontxelo jotzailearekin aritu izan zen hamabi urtez.
Mutterren aburuz, «goibeltasunetik eta iluntasunetik argira eta itxaropenera igarotzen den emanaldia izango da gaurkoa. Gizakien arteko elkartasun mezua da zabaldu nahi duguna».
Mozarten Biolin eta piano sonata KV304 joko dute aurrena. Musikari austriarrak Parisen konposatu zuen, 1778an, musikariaren ama Anna Maria hil zen garaian. Agian horregatik da Mozartek idatzitako 40 sonaten artean minor moduan dagoen bakarra. Bi zati ditu: allegroa eta minueta.
Beethovenen Udaberria sonata alaia joko dute ondoren, biolin eta pianoarentzat konposatu zuen bosgarrena, 1801ean, Moritz von Fries bankariaren enkarguz. Lau zati ditu: allegro, adagio, scherzo eta rondo.
Azkenik Francken La minorreko sonata eskainiko dute. Esan ohi da Franckek 27 urtez lantzen jardun zuela, eta ez zuela 1886ra arte osatzea lortu. Franckek biolinarentzat konposatutako sonata bakar hori Eugene Ysaye biolinistari eta honen emazte Louise Bourdeauri oparitu zien, eztei egunean. «Pianoa eta biolina solasean ariko dira, bikote harreman batean bezala», ohar egin du Orkis jaunak; «bikotekideen arteko emozioak, arazoak eta pozak agertzen ditu sonata honek».
Kontzertuaren amaieran, bisetan, «zerbait berezia ere izango da», esan du atsegintasunez Mutterrek; «adibidez, John Williamsen konposizioren bat. Ondo pasatuko dugu».