Bertsolaritza

Nafarroa Arenan jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala

Urriaren 4an abiatuko da lehia, eta azaroaren 29an izango da finala. 30 bertsolarik eman dute izena, eta zortzi saio jokatuko dira guztira: lehen faseko lau, hiru finalaurreko eta finala.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapela, 2023ko finalean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Nafarroako Bertsolari txapelketako txapela, 2023ko finalean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2025eko uztailaren 2a
12:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 48. aldia urrian abiatuko da, eta irailean egingo dute aurkezpen ofiziala, baina dagoeneko badu bide orria. Guztira zortzi saio egingo dituzte, finala barne. Urriaren 4an abiatuko da txapelketa, eta azaroaren 29an jokatuko da final handia. Hain justu, finalean izango da berrikuntza nagusia; Anaitasuna atzean utzi, eta Nafarroa Arenan jokatuko dute, Euskal Herriko finala jokatu zen agertoki berean.

Nafarroako finala Nafarroa Arenan egitea «urrats kuantitatibo eta kualitatibotzat» jo du Nafarroako Bertsozale Elkarteak, kazetariei zabaldutako prentsa oharrean. Bertsolaritza Nafarroan izaten ari den «gorakadari esker» egin ahal izan dute pauso hori, elkarteko kideek nabarmendu dutenez. «Urtez urte txapelketak kalitate hobea eskaintzen du, eta geroz eta ikusle gehiago biltzen dira».

Guztira 30 bertsolarik eman dute izena txapelketan parte hartzeko, eta horietatik 24 ariko dira lehen fasean. Lau saiotan banatuko dituzte bertsolariak: Auritzen, Mutiloan, Iruritan eta Los Arcosen. Gainera, lehen aldia izango da txapelketako bertso saio bat Los Arcosen egiten dena.

Finalaurrekoetara hemezortzi bertsolari igaroko dira, eta, fase horretan, hiru saio egingo dituzte: bat Agoitzen, bat Leitzan eta beste bat Tafallan. Hiru saioetako irabazleek eta horiek kontuan hartu gabe puntuaziorik onena lortzen duten bost bertsolariek izango dute finalean aritzeko aukera. Ohikoa den bezala, finalean puntuaziorik onena lortzen duten bi bertsolariek jokatuko dute buruz burukoa, eta haren bidez erabakiko da zer bertsolarik jantziko duen txapela.

Bertsolariei dagokienez, ez dute xeheki jakinarazi zer 30 bertsolarik parte hartuko duten txapelketan. Baina orain arte Nafarroako txapela irabazi duten hiru bertsolari arituko dira lehian: Julio Soto, Saioa Alkaiza eta Julen Zelaieta. Era berean, aurpegi berri bakarra izango da: Kattin Madariaga (Arantza, Nafarroa, 2008).

SAIOAK

  • Urriak 4. Aurizko Kultur Etxea (lehen fasea)
  • Urriak 11. Arangurengo Kultur Etxea (lehen fasea)
  • Urriak 18. Iruritako Gizarte Bilgunea (lehen fasea)
  • Urriak 26. Los Arcosko Kultur Etxea (lehen fasea)
  • Azaroak 1. Agoizko Kultur Etxea (finalaurrekoa)
  • Azaroak 8. Leitzako Herri Aretoa (finalaurrekoa)
  • Azaroak 16. Tafallako Kulturgunea (finalaurrekoa)
  • Azaroak 29. Nafarroa Arena (finala)

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.