Nafarroako arte garaikidea ezagutu ahal izateko bost erpin

Peio Izkue, Oskar Ranz, Andrea Lopez, Naroa Armendariz eta Taxio Ardanaz artisten lanak bildu dituzte Uharten

Erakusketan parte hartzen duten bost artistak, Gobernuko eta zentroko ordezkariekin. UHARTEKO ARTE GARAIKIDEKO ZENTROA.
Erredakzioa
Iruñea
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Nafarroako arte garaikideak badauzka erpin gehiago, baina bost jarri dituzte ikusgai Uharteko Arte Garaikideko Zentroan (Nafarroa). Lagin moduko bat da. Bost artista nafarren lanak bildu dituzte, guztira, hogeita hamar urteren gainetik dabiltza guztiak, eta denek jaso dute Nafarroako Gobernuaren Arte Plastiko eta Ikus-entzunezkoen Sorkuntzarako Laguntza. Diru horri esker osatu dute erakusketa bana zentroarekin elkarlanean Peio Izkue, Andrea Lopez, Naroa Armendariz, Taxio Ardanaz eta Oskar Ranz artistek. Gune propioa du haietariko bakoitzak, eta hurrengo urteko urtarrilaren 13ra arte egongo dira Uharten.

Argazkigintzari buruzko gogoeta bat proposatzen du Izkuek Baso Hil izeneko bere lanean. Irudiz saturatutako gizarte batean, irudi gehiago sortzeak zer zentzu izan dezakeen galdetzen dio bere buruari argazkilariak. «Zentzuzkoagoa dirudi jadanik badenari buelta ematea», dio. Ingeniaritza artxibo bateko irudiak eta Internetetik hartutako film pornografikoen txatalak biltzen ditu, horregatik, bere bilduman. Testuingurutik atera eta buelta emateko. Lehen solairuan daude lanok.

Andrea Lopezenak ditu ondoan. Heriotzarekiko distantziari buruzko gogoeta da. «Heriotzatik oso urrun bizi gara», azaltzen du. Artistak Indiara egindako bidaia bat da bildumaren abiapuntua. Heriotza bizitzeko beste modu bat ezagutu zuen han. Mendebaldean dugunaz bestelako modu bat. Modu zuzenago bat, dioenez. Bideo batek eta instalazio batek osatzen dute Heriotzaren teatrataltasuna izeneko erakusketa. Haragiaren edo iragankor denaren, eta hezurraren edo eternoa denaren arteko elkarrizketa bat sortzea da haren asmoa.

Memoria eta muralak

Irabaziko dugu izenburua jarri dio Taxio Ardanaz artistak bere lanari, eta bigarren solairuan dago. Memorialak ditu abiapuntu. Bi zehazki, eta biak 1938an eraikitakoak. Kataluniako Pandols zerrako XV. Nazioarteko Brigadari eskainitakoa da bata, eta Mexikoko hiriburuko iraultza mexikarrari eskainitako monumentua, bestea. Haien gaineko ikerketa dute abiapuntua haren eskultura eta pintura lanek.

Mural erraldoiak egin ditu Naroa Armendarizek, ikuslea erabat irensten dutenak. «Ikuslea obran inplika dadin nahi dut, piezak ikuslearen espazioa inbadidezan, eta bisitariak ez dezan izan harekiko distantzia hartzeko aukerarik». Lan abstraktuak dira bereak. Orduan eta lan handiagoa egin, ordea, gero eta forma eta kolore sinpleagoak erabili dituela dio. Zentroko horma batean interbentzio bat ere egin du, eta sorkuntza prozesua erakusten duen bideo bat ere ikus daiteke.

Erakarpen lerroak da Oskar Ranz artistak bere pieza multzoarentzat hautatutako izena, eta sorkuntza industrialaren eta eskuz egindako sorkuntzaren arteko mugan jarri du arreta. Dardarka edo desorekan dirudite bere margolanetariko batzuk, baina artistak sortutako ilusio piktorikoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.