Nafarroako hamabost argitaletxek, diskoetxek eta kultur erakundek beren ekoizpenak erakutsi eta salgai jarriko dituzte Iruñean, Edizioaren VII. Azokan. Hilaren 27tik urriaren 1era egingo dute, eta Sarasate pasealekuko karpa batean izango dira erakusmahaiak. Liburuak salgai egoteaz gainera, liburu aurkezpenak eta hitzaldiak ere izango dira egunero. Editargi Nafarroako editore independenteen elkarteak antolatzen du azoka, eta, antolatzaileen arabera, geroz eta arrakasta handiagoa lortzen ari daurtez urte. Goizez eta arratsaldez irekiko dute azoka: 10:30etik 14:00ak arte eta 17:00etatik 21:00etara.
Honakoak dira aurtengo aldian parte hartuko duten argitaletxe eta erakundeak: Txalaparta, Altaffaylla fundazioa, Next Door Publishers, Pompaelo, Kilikids, Euskal Memoria fundazioa, Alkibla, Pamiela, Katakrak, Eunate, Papeles del Duende, Denonartean, Continta Me Tienes, Mintzoa eta Nafarroako Gobernua.
Antolatzaileek azaldu dute aurtengo aldia «adin guztietako publikoarentzat» pentsatu dutela. «Azokak argitalpenen katalogo ugari eta askotarikoak ekarriko dizkie irakurleei».
Editargik azaldu duenez, azokan salgai egongo diren liburuetako asko ezin dira aurkitu ez liburu dendetan, ez eta sektoreko multinazionalek berentzat hartutako saltoki handietan ere. Azokaren beharra ere nabarmendu dute: «Erakusleiho baliotsua da Nafarroako egileentzat, honelako plataformak behar baitituzte beren obra publiko zabalari ezagutarazteko».
Nafarroako editore independenteen elkarteak «ilusio handiz» ekingo dio zazpigarren aldiari, eta, azaldu dutenez, «liburuarekiko eta Nafarroako argitaletxeekiko interesa piztea» izango du xede.
Aitzindariei aitortza
Gainera, Editargi saria emango dute lehenengoz, Nafarroako hainbat argitaletxe sortu zituztenen lana aitortzeko asmoz. Honako hauek jasoko dute saria: Txoria Errekan argitaletxea zenaren sortzaile Xabi Oterok; Pamielako Txema Aranazek eta Pello Elzaburuk; Mintzoako Segundo Otazuk; Igelaren sortzaile Xabier Olarrak; Txalapartako Jose Mari Esparzak; eta Denonartean-eko Enrique Hualdek.
Azokaren lehen egunean jasoko dute saria, hilaren 27an,18:00etan.
Nafarroako Edizioaren Azoka egingo dute irailaren 27tik urriaren 1era
Hamabost erakusmahai izango dira azokaren VII. aldian. Editargi saria banatuko dute lehenengoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak