Nafarroako Kultur programa ekainaren 18tik irailaren 4ra egingo dute

Nafarroako 38 herri eta hiritara zabalduko da, iaz baino bira gehiagora. Parte hartzaileen artean 28 artista nafar izango dira, eta kanpoko beste hamar.

Rebeca Esnaola eta Santos Indurain kontseilaiak, Juan Carlos Castillo eta tokiko erakundeetako eta konpainietako ordezkariekin. NAFARROAKO GOBERNUA
Ane Eslava.
2021eko ekainaren 1a
14:07
Entzun

Kultura eta lurraldea uztartzen dituen Nafarroako Gobernuaren programa bat da Kultur. Uda oro antolatzen dute, eta kultura foru erkidegoaren herri eta hirietara zabaltzea lortu nahi du. Iaz bezala, aurten ere pandemiak ezartzen dituen baldintzetara moldatuta eta protokolo batzuen pean antolatu dute egitasmoa: ekainaren 18tik irailaren 4ra egingo dute, ostegun, ostiral eta larunbatetan, 38 herri eta hiritan.

Beran hasiko da, hilaren 18an, Hogei Berriro taldearen kontzertu batekin, eta irailaren 4an amaituko da, Tuteran, Pamplona Jazz Band taldearen emanaldiarekin, eta Artaxoan, La niña hiloren kontzertuarekin. Toki horietara ez ezik, Tafalla, Orbaizeta, Gares, Zugarramurdi Elizondo, Uxue, Otsagabia, Corella edota Agoitzera ere hedatuko da. Gaur eman dituzte xehetasun guztiak Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak, Santos Indurain Osasun kontseilariak eta Juan Carlos Castillo Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioko presidenteak. Hemen ikus daiteke programazioa osorik.

Parte hartuko duten musikari eta taldeen artean daude Demode Quartet, Broken Brothers Brass Band, Hagoan, Anne Etxegoien, Juan Mari Beltran, Tenpora, Suakai edota Trikidantz. Aurten, gainera, sorkuntza digitaleko arte plastikoak txertatuko dituzte programazioan. Zehazki, Bertizeko lorategi botanikoan eta erakusketa aretoan zabalduko dute Gua-Mia-Bu artistaren Azken eguzkilorea erakusketa, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean.

Iaz, Kultur programak 4.300 pertsona baino gehiago bildu zituen, eta, Rebeca Esnaola kontseilariaren arabera, aurtengo baldintzak «hobeak» dira; beraz, erantzuna ere positiboa izatea aurreikusten dute. Hain zuzen ere, gizarteak «kultura arnastu» behar duela adierazi du Esnaolak: «Kultura arnastea izan daiteke gizartearentzako baltsamorik onena denontzako zailak diren hilabete hauetan. Kulturaz gozatzea izan daiteke uda hau aprobetxatzeko modu egokia».

«Kultura osasuna da»

Esnaolak zehaztu duenez, egitasmoaren helburuak dira «kalitatezko arte eskaintza zabaltzea lurraldean zehar, tokiko erakundeei kultura hedatzen laguntzea, sektoreari bultzada ematea eta bertako ondarearen balioa nabarmentzea». Kultura Zuzendaritzaren programen artean lurraldeari lotuen dagoena dela gaineratu du.

Santos Indurain kontseilariak, berriz, azpimarratu du kultura «segurua» dela, eta urte honetan sektoreak erakutsi duela «egoera orotara egokitzeko gaitasuna, osasunaren eta interes orokorraren alde». Gaineratu du «osasunean inbertitzea kulturan inbertitzea» dela, eta aurtengo uda «inoiz baino kulturalagoa» izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.