'notre nazi'
Zuzendaria: Robert Kramer.
Urtea: 1984.
Iraupena: 113 minutu.
Ikusgai: sarean.
Badira pelikula zailak, norabide argirik gabe garatzen doazenak, lehen ikustaldia amaitu orduko zer pentsa ez dakigula uzten gaituztenak. Robert Kramer zinemagile estatubatuarraren Notre nazi (Gure nazia) ikustean gertatzen da hori; alegia, ikuslea geratzen dela armarik gabe, babes neurririk gabe, iritzi argi baten faltan. Are gehiago, badira pelikulak zuzendariaren deliriora gerturatzen gaituztenak, haren dilema etikoen aurrean abandonatzen gaituztenak, aztoraturik eta bakardadean. Halaxe adierazi dit mezu trukean urrutiegi dagoen lagun batek pelikulaz haren iritzia galdetu diodanean: «It's a very disturbing film, but important, I think» (Pelikula zinez nahasgarria da, baina inportantea, nire ustetan). Ados nago.
Notre nazi filmean, Robert Kramer zuzendari entzutetsuak Thomas Harlan zinemagile alemaniarrak haren aitari dedikatutako Wundkanal (Zauriaren ubidea) pelikularen filmazioa erregistratu zuen, making off baten gisara. Vert Harlan —Thomasen aita, ordurako hila— Hirugarren Reicheko zinema zuzendari pronazia izan zen, eta, filmean berau errepresentatu nahian, gerrako kriminal batengana jo zuen Harlan semeak: Alfred Filbert doktorea, Gestapoko komandante ohia eta krimen askoren zuzeneko arduraduna. 1962an, Alemaniako Errepublika Federaleko auzitegi batek biziarteko espetxe-zigorra ezarri zion Filberti, baina, hamarkada bat geroago, osasun arazoen ondorioz libre geratu zen, denetik urrun eta biziera apartatuan.
Filma delirantea da zinez; izan ere, Tomas Harlanek bere aita naziak beragan utzitako arrastoa ezbaian jarri eta arbuiatzeko erabiliko baitu, halako ariketa sasi psikoanalitiko eta sasi pornografiko baten antzera. Hala, Harlanen fikzio honen abiapuntua honako hau izango da: talde bateko kideek hamaika erailketaren arduradun izan den SSetako buruzagi zahar zein idortu bat —zentzu ez metaforikoan— bahituko du bere krimenei buruz interrogatzeko. Kramerren zeregina izango da, hain zuzen ere, pelikula horren inguruko pelikula egitea eta horretarako bideo formatuan grabatuko ditu errodajearen fase ezberdinak.
Harlanen filma Filbert berari bere iraganaren inguruan galdekatzeko bidea bilakatuko da. «Zenbat ume erail zenituen?», galdetuko dio. «Bat bera ere ez, funtzionario soil bat nintzen eta aginduak betetzera behartuta nengoen», erantzungo du. Pelikularen asmoa hasieratik zapuzten deneko film horietako bat da honako hau, bikaina zentzu horretan, eta gaur egun ziur asko ezinezkoa egiten —arrisku gutxiko zine giroan gaudela ezin ahaztu—. Era berean, labirinto psikoanalitiko honetan zuzendaria tematuko da behin eta berriz ekipo tekniko guztia bere deliriora entrega dadin eta baita Filbert bera ere bai, pertsonaia eta pertsonaren arteko banaketa gainditurik, egindako krimenen gaineko damuaren bila.
«Nire aitari buruzko film bat egiten ari naiz. Gisa honetako aitei buruzko filma bat egiten ari gara. Gure aitak ez dira fosilak, gugan bizirik daude. Halako aitek hitz egin gabe eta isiltasunean hil nahi dute, haren seme-alabei kontatu gabe ze gisako pertsonak izan diren».
Harlanek galduko du distantzia —inoiz eduki bazuen— eta akaso kontrola ere bai. Pelikularen sekuentzia zoro batean lantalde teknikoaren aurrean onartuko du militar zahar hauskor eta manera-oneko horren barrenean ez dagoela agerizko damurik, ez atsekaberik. Hutsala dela haren saiakera, eta, hartara, pelikula bera ere bai.
Zentzugabekeria horren erdian Kramerrek Harlanen enkarguari eutsiko dio, bere modura. Enkoadraketa itxien bidez saiatuko da Filberten erretratu propioa egiten, kameraren bidez gizon hark eragindako ehunka hildakoek utzitako zamaren marka fisikoak bilatzen. Barre Phillips jazz musikariaren laguntzarekin distortsionatuko du haren ahotsa, dramatismoz konpasatuko ditu haren testigantzak, eta aldenduko da, nola edo hala, Harlanen pelikulak asmo duen diskurtso erredentorearen espektatibatik.
Urte batzuk geroago, Robert Kramerek esan zuen Notre nazi bere film gogokoenetako bat izan zela. «Ez dut uste Thomas Harlanen filmarekin zerikusi handirik duenik». Mundu Berriaren eta Europaren arteko amildegiari buruzko filma da. Edozelan ere, filmaren amaieran amildegian gauden sentsazioa ekidin ezina da: halako impasse etiko eta zinematografiko baten aurrean gaude, arras tragikoa, interpretazio saiakera guztien gainetik, disturbing but important.
