DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA. SAIL OFIZIALA

Naomi Kawase: «Erditzea ez da sufrimendua, plazera baizik»

'Genpin' izenburupean, modu naturalean erditzeari buruzko dokumentala ondu du Naomi Kawase zuzendari japoniarrak. Klinika batean dauden haurdunen gogoetak, bizipenak eta erditzeak filmatu ditu

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Tadashi Yoshimura doktorearen klinikan ariketa bereziak egiten dituzte haurdun diren emakumeek. Erditzeko unerako egin ohi diren ohiko arnasketak beharrean, aizkora hartu eta makurtu egingo dira kolpe bakoitzeko. Edo aizkorarik gabe, makurtuz eta altxatuz ariko dira. Erditzearen unerako gorputza indartzea da xedea, baita lasaitzea ere. Bildu eta elkarrekin hitz egingo dute beldurrak uxatzeko. Doktorearen klinikan urtebetean ikusitakoa filmatu, eta Genpin dokumentala ondu du Naomi Kawase zuzendari japoniarrak. Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu zuen lana atzo, Urrezko Maskorragatik lehiatzeko.

«Japonian ez dago ongi ikusita emakumeek sexualitatearen inguruan hitz egitea, lotsagarria da. Baina uste dut sexualitatea gauza garrantzitsua dela eta ez dela ezkutatu behar», esan zuen zuzendariak, semea altzoan eserita zuela eginiko agerraldian. Haren ustez, emakumeak haurdun daudenean, esaterako, bagina oso garrantzitsua da haientzat, «erditzeko ubidea» den neurrian. «Emakumeek, haurdun daudenean, lotura oso estua eratzen dute beren baginarekin».

Japonian, medikuen gehiengo zabalak ez duela andreen iritzia errespetatzen esan zuen, normalean medikuak esaten duen bezala egin ohi direla erditzeak. Filmaren bidez ez duela inor erditze naturalera bultzatu nahi zehaztu zuen, «beste aukera batzuk» badirela erakutsi baizik. Bera semeaz ez zela klinika hartan erditu, baina beste umerik izango balu, hala egingo lukeela esan zuen. Horregatik ez duela medikuntza modernoa baztertzen zehaztu zuen. «Hainbat aukera daudela erakutsi, konbinatu, eta oreka on bat lortzearen alde nago».

Naturak, heriotzak bezala, zenbaitetan beldurra ematen duela, baina horren ordez errespetua izan behar zaiola uste du zuzendariak. Halaber, amatasunaren zentzua beste pertsonak onartzean datzala esan zuen. «Ni, esaterako, semeaz erditu aurretik oso bakarrik sentitzen nintzen, baina erditu ostean, munduaren parte naizela sentitzen dut».

Lana eskoletan erakusteko modukoa dela uste du. «Film hau haurrei ere informazioa emateko erabiliko balitz, erditzea ez dela sufrimendua, plazera dela erakustea nahi nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.