Narratzaileen topaketa egingo du Ahoz Aho-k estreinakoz

Donostian, Irunen eta Albizturren ere egingo dituzte ekitaldiak aurten. Urrezko Kalabaza sari sinbolikoak banatuko dituzte lehenengoz

Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Hamargarren urteurrena du aurten Ahoz Aho jaialdiak. Martxoaren 2tik 25era bitartean egingo dute, eta, urteurren biribila ospatzeko, egitaraua «ohikoa baino zabalagoa eta bereziagoa» izango da, antolatzaileen esanetan. Ekitaldi garrantzitsuena Euskal Narratzaileen Topaketa izango da, martxoaren 25ean. Tolosan eta Ordizian (Gipuzkoa) ez ezik, Donostian, Irunen eta Albizturren ere egingo dituzte ekitaldiak aurten, jaialdia «haztea, handitzea eta zabaltzea» baitute helburu.

Aurten, 26 kontalari profesionalek parte hartuko dute: Euskal Herriko hemezortzik eta nazioarteko zortzik. Bi «gala handi», kontaketari buruzko bi ikastaro, hitzaldiak eta kontaketa lehiaketa bat egingo dituzte. Guztira, 30 ekitaldi.

Ahozkotasunaren Gala eta Euskal Narratzaileen Topaketa nabarmendu dituzte antolatzaileek. «Ilusio handia» dute aurtengo jaialdiarekin, haien ustez «aro berri» batean sartuko baita, euskal kontalaritzari «bultzada garrantzitsua» emanez. Ahozkotasunaren galan parte hartuko dute Ordizian egingo duten Ipuin Narrazio Lehiaketaren finalistek. «Halako lehiaketa bakarra egiten da Euskal Herrian, eta gero eta jende gehiagok parte hartzen du, kontalari saiatuek zein hasi berriek».

Ekitaldiz jositako hilabetea

Kontalaritzaz hausnartzeko baliatu nahi dute Euskal Narratzaileen Topaketa. «Kontalaritza zer den jakiteko erradiografia bat egiten lagunduko du; sei bat urtez antolatzen ibili ginen Euskal Kontalarien Festa, eta halako topaketa bat berreskuratzea oso garrantzitsua da», nabarmendu du Joxemari Carrere kontalariak. Hala, Leire Diaz de Gereñu, Juan Kruz Igerabide, Koldo Ameztoi eta May Gorostiaga hizlari arituko dira goizean, Joxemari Carrereren gidaritzapean. Arratsaldean, Urrezko Kalabaza sari sinbolikoak banatuko dituzte. «Ez ditugu oso gogoko sariak, baina balioa eman nahi diegu pertsona batzuek ahozkotasunaren alde egindako lanari», azaldu du Intujai Teatroko May Gorostiagak.

Ekitaldi handi horiek amaiera aldera izango diren arren, ia martxoa osoa hartuko du jaialdiak. Ekitaldi gehienak Tolosan eta Ordizian izango dira, baina hitzaldi bana antolatu dute Donostian, Albizturren eta Irunen. Numancia Rojas (Txile) arituko da Donostiako Ernst Lluch kultur etxean hilaren 2an, Iñaki Carretero (Euskal Herria) Albizturko herri eskolan hilaren 9an, eta Carlos Perez Aradros (Errioxa, Espainia) Irungo Kabigorrin, egun berean.

Bi ikastaro izango dira, haurrentzat eta helduentzat bana. Beatriz Egizabalek gidatuko du haurrena, Ordiziako Urdaneta ikastetxean eta Jakintza ikastolan. Helduena gaztelaniaz izango da, Rojasek emango baitu; martxoaren 4an eta 5ean izango da, Tolosako Amarotz auzunean.

Hamar urteak, datuetan

Antolatzaileekin batera, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako zuzendaria eta Nuria Carbonell eta Joseba Aranburu Tolosako eta Ordiziako kultura zinegotziak izan dira aurkezpenean. Gorostiagak azpimarratu du ez direla datuen oso zaleak, baina, atzera begiratuta, zenbaki esanguratsu batzuk lortu dituela jaialdiak: 30 herrialdetako 170 artistak baino gehiagok parte hartu dute, eta 1.000 ikuskizun inguru antolatu dituzte. Horrez gain, kultur eragileei dei egin die Gorostiagak, antolatzen dituzten ekintzetan kontalariak sartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.