Literatura. Haur eta gazte literatura'DINOSAUROEN GARAIAN'

Natur zientziak

2011ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Egilea: Mathilde Elie.

Ilustrazioak: Images Doc.

Itzultzailea: Bakun.

Argitaletxea: Ttarttalo.

Natur zientziek merezi eta behar duten zorroztasunarekin egindako dibulgazio lan gutxi argitaratzen dira haurrentzat euskaraz. Argitaratzen den gehiena fikziozko literatura da —kritika sail honek aztertutako tituluei erreparatzea besterik ez dago—, baina fikzioaz besteko hainbat argitalpen daude euren kalitate eta dibulgazio ahaleginagatik aipamen berezia merezi dutenak. Horietako bat da gaur hona ekarri dugun obra.

Dinosauroen garaian lan mardula da, azalpenetan zorroztasuna eta sakontasunean neurria bilatzen duten horietakoa. Euskal ediziorako tapa gogorreko 32x21 formatua hobetsi dute eta, zinez, liburukotea esku artean edukitzeak berak plazera emango dio zorioneko irakurleari.

Liburuaren formatua errepikatu egiten da orriz orri: izenburutzat balio duten galdera mordoxka eta haien erantzun laburrak, infografia irudi eta argazki ugariz hornituta. Alta, denek egitura malgu baina zehatz bati erantzuten diote. Egitura eraginkorra, bestalde, liburua behar bezala erabilita —esan nahi baita, patxadaz eta atalak osorik irakurrita— zientzia jakingai ugari jasotzeko.

Zazpi atal nagusitan banatuta dago obra eta, izendaturik ez datozenez, geuk bataiatuko ditugu: sarrera; oinarrizko argibideak; espezie ugaritasunari sarrera; lurreko dinosauroak, airekoak eta itsasokoak; paleontologiari sarrera; eboluzio teoriei sarrera; azken oharrak, fitxa didaktikoa eta aurkibide alfabetikoa.

Dibulgazioa erakargarri egiten duen obra honek badu bestalde aurrekaririk eta jarraipenik argitaletxe honetan bertan. Hain zuzen, Gure inguruko animaliakderitzon obra, gurea bezalako lurralde epeletan bizi diren animalien argibideekin, 2009an argitaratu zutena. Lan horrek ere formatu eta egitura bera ditu eta zinez gutiziatzeko alea da.

Baina ez dira hemen bukatzen Ttarttalok eskaintzen dituen zientzia-liburuetarako aukerak.

Orain arte aipatutako bi liburu hauek frantziar eskolaren dibulgazio emaitza diren bezala, amerikar eskolaren lau ale argitaratu berri baititu argitaletxe honek, eta Landa Gida saila osatu.

Landa Gida sail amerikar-zalearen ezaugarri nabarmenena hiru dimentsioko irudien erabilera da. Informazioa egitura askoz xumeagoan eraikita dago, aurkibiderik eta informazioaren sistematizaziorik gabe.

Gaur aztertzen ari garenetik hurbilena Dinosauroak deritzona da, 2010eko udazkenean argitaratua. Bertan amerikar paleontologiak izandako aurkikuntzen nola halako berri ematen zaigu, existitzen ez den pertsonaia (Jackson Foster) baten balizko indusketak aitzakia hartuta. Ikusgarritasunaren mesederako 70 pieza ditugu zortzi dinosauro muntatzeko, eta paisaia tolesgarri bat.

Dudarik gabe, Landa Gidako ale hau Dinosauroen garaian zoragarriaren osagarritzat erabil daiteke, ez alderantziz.

Azkenik Landa Gida sail honetako beste hirurak ditugu. Kronologikoki, argitaratzen lehenak Safariko animaliak (2009) eta Oihan tropikaleko animaliak (2009) izan ziren, eta oraintsu Poloetako animaliak (2010eko udazkena) etorri da.

Zortzi urtetik aurrerako irakurleontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.