'Genpin'

Naturarekin bat izan

Gontzal Agote.
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Zuzendaria eta gidoigilea. Naomi Kawase. Parte hartzaileak. Tadashi Yoshimura. Muntaketa. Yusuke Kaneko. Herrialdea. Japonia. Iraupena. 92 minutu.

Gontzal Agote

Aurtengo Zinemaldiak ziklo oso bat eskaini dio dokumental garaikideari. Azken urteotan generoak prestigioa berreskuratu, eta bigarren mailako zerbait izatetik zinemagile askoren kutuna izatera pasa da. Dena den, oraindik ere dokumentala aipatuta, askori hipopotamoen arteko txortaldi amaigabeak etorriko zaizkio burura, bazkalosteko lo-kuluxka egiteko somniferorik eraginkorrena.

Zorionez, dokumentalaren esparrua askoz ere zabalagoa da, eta askotarikoak dira horren barruan dauden begiradak. Horietatik interesgarrienetakoa Naomi Kawaserena da. Egungo zinemagile askoren modura bere lanak fikzio eta errealitatearen arteko muga lausoan mugitzen dira, baina japoniarraren lanak berezko ezaugarri batzuk ditu; besteak beste, heriotzarekin duen tema eta naturak bere lanetan jokatzen duen rol garrantzitsua.

Hori guztia ederki aski ikusten ahal da Genpin-en. Itxuraz, erditze naturalaren inguruko film batek bizitzaz hitz egin beharko luke eta ez heriotzaz, baina Kawasek jakin izan du txapon bereko bi alde horiek uztartzen. Medikuaren gogoetak gidatuta, heriotzari beldurrik gabe begiratzeko proposamena da filma, bizitza baliotsu egiten duen ezinbesteko osagaia baita.

Batere apaingarririk gabe, oso modu zuzenean, erditze naturala aukeratu dutenen bizipoza deskubrituko dugu, haiekin eguneroko lana konpartituko. Dena den, filma da ez da horretara mugatuko, naturarekin harremana galdu duen mundu oso bat da protagonista.

Medikuntza modernoaren gabeziak eta hutsuneak hor dira, baina hori baino gehiago da: denboraren eta patxadaren nozioa, norbere gorputzaren sentitzearen plazera, kontaktu fisikoaren garrantzia eta heriotza bere horretan onartzen ikastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.