«Artean ez da estilorik existitzen, mintzairak baizik». Premisa horretatik abiatuta, Alfonso Askunzek (Iruñea, 1966) naturarekiko hainbat mintzairen arteko hitz-jokoak egin ditu bere artelanetan. «Nik ez dut estilorikmargotzean; hainbat mintzaira erabiltzen ditut nire koadroetan nahi dudana adierazteko»,aitortu du Askunzek. Atzo hasieta abenduaren 16ra arte, artistaren 56 koadro ikusi ahalko dira Lizarrako Gustavo Maeztu museoan.
Hesiaren bestaldeko sasiak, Madrilgo Retiro parkeko paisaiak, lirioak edo almendrondoak. Horiek guztiak eta gehiago margotu ditu Askunzek. Izan ere,natura izan da erakusketaren ardatza. «Naturako elementu zehatzak marraztu ditut, eta margolanetako protagonistak bihurtu ditut». Hala ere, natura «zerbait adierazteko metafora» baino ez dela dio. «Nire subkontzientean dagoen zerbait da, barnetik ateratzen zaidana». Betidanik izan du gustuko izadia, eta horregatik dago hain presente erakusketan. «Hiriak itxiak dira, lerro zuzenak; natura, aldiz, kaosa, nahaspila eta aldakorra da.Askoz interesgarriagoa da niretzat».
Agerikoa da naturarekin duen konpromisoa, eta hori erakutsi nahi izan du bere obretan. Naturak duen garrantzia onartu behar dela uste du Iruñeko margolariak. Izan ere, «arrazoiaren garaian bizi garen honetan, natura gero eta gehiago baztertzen dugu, baina naturaren kultura behar dugu».Era berean, Askunzek «denboraz gaindiko irakurketa» egitea nahi izan du bere olio margolanetan, eta, aitortu du horregatik lan egiten duela orainaldian, eta inoiz ez oroitzapenetan oinarrituta. Lekuak ere ez du garrantzirik Askunzerentzat, «barnekoak balio du, ez nongo paisaia edo zuhaitza den jakiteak».
2007. urtetik 2010. urtera arte Iruñeko estudioan egindako margolanak bildu dituzte 11 de octubre deituriko erakusketan; eta hainbat sailetan dago banatuta. «Serieak egin ditut, margolanak multzoka banatuz, baina guztiek lotura dute euren artean», azaldu du Iruñeko margolariak.
Hala ere, bilduman badaude naturarekin zerikusirik ez duten hainbat margolan ere. Esaera zaharra deituriko sailean bildu ditu, eta offset inprenta paperaren gainean egindako akrilikoak dira. Beste margolanetan ez bezala, beltza gailentzen da kolore guztien artean, eta irudi «sinbolikoagoak» lortu ditu. Natura presente dagoen margolanetan, aldiz, kolore leunak, argiak eta tonu berdeak erabili ditu.
Atzo aurkeztu zuten erakusketa, Lizarrako Gustavo Maeztu museoan, baina Askunzek aitortu du iazko zegoela prestatuta. «Krisia dela-eta atzeratu behar izan genuen, baina azkenean egin dugu».
«Etenik gabeko erditzea»
Erakusketan bildutako 56 koadroak egitea «etenik gabeko erditze bat bezalakotzat» ikusten du Askunzek. Hiru urtean egindako lanaren erakusle dira. «Ez da prozesu bera izan margolan guztiekin; batzuek lan gehiago eskatu didate, beste batzuek, gutxiago», esan du Askunzek. Hala ere, era sistematiko batean lan egiten duela adierazi du. «Lanean hasi aurretik, giroa prestatzen dut beti, eta behin eta berriz aztertzen dut egindakoa. Mila aldaketa eginda, azkenean nahi dudan emaitza lortzen dut».
Askunzek ez du bere bizitza irudikatzen marraztu gabe.«Margotzea ezinbestekoa da niretzat,neure burua hobeto ezagutzen laguntzen dit, eta baita mundua ulertzen ere», dio. «Barruan dudana ateratzeko balio dit», gaineratu du. Izan ere, margotzea bere barrena aztertzea da, «izaera osoa barrentzen duen hizkuntza agerian utziz».
Naturarekin hitz-jokoak eginez
Alfonso Askunze artista iruindarraren artelanak bildu dituzte Lizarrako Gustavo Maeztu museoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu