Transhumantziari buruzko lan antropologiko bat zen hasieran, baina esperimentazio artistiko bat bilakatu da. «Zientziatik arteetara». Hori da Iban Aiesta zinema zuzendari donostiarraren azken lanak egin duen ibilbidea. 2009an Burgitik (Nafarroa) Bardearako jaitsiera egin zuen zuzendariak Fran Fuerte eta Domingo Urzainki artzainekin. Zientifikoa zen interesa, eta haien egunerokoen inguruko apunteak hartzen zituen Aiestak. «Natura nola irakurtzen zuten aztertu nuen. Haren seinale, aztarna eta zantzuak nola jasotzen zituzten». Fikzio lan bat idatzi du idazki haietatik abiatuta: Vera. Naturaren kadentziaren ikerketa bat. Martxan da lantaldea jadanik, baina uztailean hasiko dira filmatzen. Euskal Herrian grabatuko dute nagusiki, eta euskara hutsean.
Lehenago ere egin du antzekorik Aiestak. Brasilen bi urte eman, eta esklabo izandakoen senideak elkarrizketatuta sortu zuen Pedra, peixe, rio: Itamatatiua film dokumentala. Fikziozkoa da oraingoa, ordea. Errekako urek eraman, eta bere haranera itzuli nahi duen artzain baten bidaia magikoa. Hori da Vera-k kontatzen duena. Bere nortasunaren bila dabilen pertsonaia baten road movie bat, naturan.
Natura da, Aiestak atzo Erronkarin azaldutakoaren arabera, filmeko pertsonaia nagusia. «Lokalizazio bereziak bilatzen ari gara, arraro eta zoragarriak. Iradokizunak dira nagusi. Naturarekin lotutako filma da, eta poesiarekin. Sekuentzia bakoitzean naturaren poesia horri eutsi, eta hari bizitza eman eta indartzea da filmaren erronka. Gizatiarrak ez diren entitateek, naturak, adibidez, sortzen dituzten galderak eta kezkak landu nahi izan ditut. Zenbait gizakiren eta naturaren arteko kontaktu berezi horrek beti du misterio puntu bat, eta horri heldu nahi nion: gizatasunaren eta naturaren arteko mugei».
Erritmoa izango da hori lortzeko baliabide nagusia. «Egunerokotasunetik at dagoen kadentzia bat izango du filmak. Motela. Pausatua. Plano luzekoa. Horrek ikuslea dimentsio magiko horretara eramatea nahi nuke. Elkarrizketa handirik ez du izango. Pertsonaiak ageri dira, nagusiki, gauzak egiten eta bizitzen». Patricia Lopez eta Nia Acosta aktoreak arituko dira artzainaren rola egiten. Haiekin batera Juan Ignacio de Paul ermitaua izango da, eta Urko Olazabalek jokatuko du artzainaren bikotekidearen rola.
Hizkuntza propioaren bila
Analogia argi bat dago filmaren prozesuaren eta edukiaren artean, Aiestak dioenez. «Bidaia film bat da Vera, artzain gazte batena, eta pertsonaia horrek bere buruaren bilaketa prozesu bat bizi duen bezala, filmatze taldeak ere proiektu honetan sorkuntza prozesu bat biziko du, hizkuntza propio baten bilaketa». Aurrekontua xumea izanik, filma egiteko elkartu diren hamabost pertsonen arteko elkarlana izango da, Aiestaren hitzetan, proiektua aurrera aterako duena, eta «irekia» da, horregatik, gidoia.
Oier Villar eskultorea arduratuko da zuzendaritza artistikoaz. Hainbat bideo-sorkuntza proiektutan hartu du parte lehenago, eta filmaren erritmo motelaren araberakoa izango da dena, dioenez. «Joko plastiko handiko film bat da». Eskultura baten pare tratatuko du argia, adibidez. «Material bat balitz bezala, presentzia fisikoa izango du argiak. Normalean sortzen den gunean eta talka egiten duen gunean ikusten da soilik argia. Film honetan presentzia fisiko bat eman nahi diot giro magiko hori sortzeko».
Musikak ere lagunduko du horretan. Alejandro Garmendiak egingo du musika, eta Martin Guridi eta Xabier Erkizia izango dira soinu diseinuaren arduradunak. «Musika, ziur aski, ez da ohiko musika tresnekin egindako zerbait izango, naturaren soinuak erabiliz sortutakoa baizik», azaldu du Villarrek. Horregatik egin dute Garmendiaren eta soinuekin esperimentatzera ohituta dauden Erkizia eta Guridiren aldeko apustua. «Naturak presentzia handia izango du. Oso film magikoa izango da. Naturaren pisua nabarmena duten lekuetan egingo dira grabaketak, eta musika eta argiztapenaren bidez presentzia hori nabarmentzea da xedea».
Atalka dago eraikita filma, artzainaren bidaiaren arabera, eta unitate propiorik izango ez badute ere, bakoitzari nortasun propioa eman nahi izan diote. Bardeako desertu giroan bukatuko da filma, transhumantzia prozesuari oihartzun eginez. Inguru natural hartan irudiak proiektatzea da Villarren asmoa, «lekuak dekonstruitzea».
Pertzepzioak lantzen
Esperimentala da Patricia Lopez eta Nia Acosta aktoreek aukeratu duten sorkuntza prozesua ere. Artzaina izango dira biak, eta hasiak dituzte entseguak. Donostia inguruan egiten dituzte hitzorduak, Ulia mendian. «Oso saio sentsorialak dira», dio Lopezek. «Natura sentitzen saiatzen gara, eta filmak izango duen kadentzia lantzen. Oso erritmo barea izango du filmak, eta hori lortzea da gure helburua». Acostak jarraitu du azalpenarekin: «Ez da entsegu psikologiko bat, dramaren bila egindakoa. Pertzepzioak lantzen ditugu». Zinemarako lana izanagatik, antzerkikoaren antzeko lanketa eskatzen du, Lopezen hitzetan. «Oso prozesu organikoa da». Kronologikoki filmatuko dute, eta, beraz, filmean ikusiko den ordena antzekoa izango du aktoreen jardunak, «etenik gabe».
Ohar bat ere bada filma, Aiestak dioenez. «Gero eta transhumante gutxiago dago, eta sentipena daukat galtzen ari den mundu bat ote den. Gero eta gutxiago dira artzainak. Egoera horren berri emateko aitzakia gisa ere erabili nahi nuke filma». Lan zirkularra ere izango da Vera, neurri batean, zuzendariaren arabera. Aretoetan ere ikusiko da hasierako ikerketa antropologiko haren aztarnarik, ikerketa hartan lagun izan zituen Urzainki eta Fuerte artzainenak izango baitira pantailan agertuko diren ardiak.
Emana Films, Sonora Estudios eta Zazpit'erdi ekoizpen etxeen arteko elkarlana da Vera, eta datorren urteko udaberrian izango da aretoetan.
Naturaren kadentzia
Iban Aiesta zuzendariak transhumantziari buruz egindako ikerketa antropologikoa zinemara eramango du 'Vera' filmaren bidezUztailean hasiko dituzte filmatze lanak, eta euskaraz grabatuko dute lan osoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu