Hamar urte bete ditu Azkaineko EliralE dantza konpainiak martxoan, eta Ninika haurrentzako dantza ikuskizuna estreinatuz ospatu du. Hamabi emanaldi egin dituzte jadanik, eta bihar Antsoainen (Nafarroa) arituko dira. «Zaila da gorputzaren hizkuntza», onartu du Pantxika Telleria koreografoak, «eta are gehiago umeentzat». Horregatik, apenas hitzik erabiltzen duen arren, hizkuntza asko uztartzeko hautua egin du: «Dantzaz bestelako hizkuntzak erabili ditut, dantza ulergarri egiteko». Mimika, jolasa, irudia eta dantza, adibidez.
Negutik udarako pasaera kontatzen du ikuskizunak, Celia Thomas, Lorentxa Iturralde eta Jose Cazaubon dantzarien lanaren bidez, eta Joseba Irazoki eta Mursegoren musikaz. Euskal dantza tradizionalak eta dantza garaikidea uztartuz naturarekiko harremanaz eta gizakien artekoaz egin du gogoeta Telleriak. «Naturaren piztearen bitartez, elkartze bat ematen da hiru dantzarien artean, eta gizarteak haiengan duen eragina aztertzen da».
Kukai dantza taldearekin lanean ari zela piztu zitzaion ikuskizun hau egiteko asmoa Telleriari. Beren ikuskizunari egindako kritika bati buruz gogoeta egiten zuenean, hain zuzen. «Euskal dantza tradizionalak jantzi garaikideekin ezin zirela dantzatu kritikatu ziguten testu hartan, eta, hasieran, ez nion kasurik egin. Denborarekin, baina, gogoeta egin, eta arrazoi puntu bat baduela onartu behar izan dut. Kodetu egiten du janzkerak gorputza, eta haren araberakoak dira mugimenduak».
Kodeketa hori da Telleriak Ninika-n ikertu duena. Soineko handi eta estuekin hasten dira dantzariak, gero jostailuen gisa eraldatzen dituzte, eta ia guztiz biluzten dira, azkenean.
Naturaren piztearekin biluzten diren dantzariak
EliralE konpainiak 'Ninika' haurrentzako dantza ikuskizuna eskainiko du bihar Antsoainen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu