Natxo Montero gonbidatu du Tarregako Firak, dramaturgia berriak indartzeko helburuz

Kukai, Markeliñe eta Deabru Beltzak taldeak ere izango dira Kataluniako antzerki azoka handian, etzitik igandera bitarteanNazioarteko 64 talde izango dira aurten, eta Iberoamerika izango da kultura gonbidatua

Patricia Fuentes eta Natxo Monteroren Carni di prima qualitá dantza garaikideko pieza. JESUS VALLINA.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Euskal Herriko konpainien lanak aztertzean, Natxo Montero koreografoaren Carni di prima qualitá hautatzea egoki iruditu zitzaion Jordi Duran Tarregako (Herrialde Katalanak) Fira Teatre al Carrer kale antzerki jaialdiko zuzendariari, «azoka bestelako lanetara ireki» nahi baitu. «Dramaturgia berriak indartu nahi ditugu, toki bat egin adierazpide garaikideenei, eta hor kokatzen dugu Monteroren lana», azaldu du Duranek.

Denera, 64 talde izango dira Tarregako Firan, etzitik igandera bitartean, eta 54 ikuskizun aurkeztuko dituzte. 64 konpainia horietatik erdiak Kataluniakoak dira; gainerakoak atzerrikoak, eta horien artean lau, Euskal Herrikoak. Izan ere, Monteroz gain, Kukai, Markeliñe eta Deabru Beltzak izango dira Firan, lanik berrienak aurkezten.

31. Fira egingo dute aurten, eta euskal taldeek hamaseigarren urtez parte hartuko dute. Euskal Herriko 50etik gora konpainia pasatu dira Kataluniako azoka sonatutik urte hauetan guztietan.

Generoari gaina hartuz

Montero Patricia Fuentesekin batera ariko da oholtzan. Carni di prima qualitá lanean, gorputza beste era batera (des)antolatuko dute, generorik gabe, talka, igurtzi eta larruazalaren irristatzearen bidez. Gizon-emakume sailkapen hertsiari gaina hartu, eta haren ondoriozko harreman hierarkikoak berraztertzeko. Auzitan jartzeko. Bestelako ereduen batzuen arabera aurkezteko.

Monterok eta Fuentesek iazko azaroan estreinatu zuten Carni di prima qualitá Bilboko Fundicion aretoan, eta ordudanik Euskal Herrian ez ezik atzerrian ere aurkeztu dute pieza. Asteon, adibidez, Bartzelonan ere emango dute. Tarregako Firan aurkeztea, nolanahi den, sekulakoa izango da koreografo eta dantzariarentzat. Gainerako hiru euskal taldeentzat den bezalaxe.

Ez da lehen aldiz Kataluniako arte eszenikoen azokan ariko direna. «Aspaldiko ezagunak dira Tarregako Firan», Duranek dioenez. Eta Kukaiko Alain Maiak zalantza zirkinik ez du: «Jauzi ohol bikaina da azoka, ikuskizunak nazioarteko merkatuetara zabaltzeko aproposa». Horrenbestez, pozarren daude beren lanak Firan aurkeztuko dituzten taldeak. Kukaik Karrikan emango du, aurrekoetan Firan eskainitako lanen «antz gutxi» duena. «Alaia eta arina da, eta ondo uztartzen da azokako giroarekin», adierazi du Maiak. Haren anaiak, Jon Maiak,zuzendu du lana.

Estilo arras desberdinak jorratzen dituzten lau koreografok sortutako hiru piezak osatzen dute Kukai konpainiaren Karrikan: Damian Muñoz eta Virginia Garciaren Sorbatza, Pantxika Telleriaren Fight for Fandango eta Iker Gomezen Aupa Mutil piezek. Sei dantzarik eta musika batek parte hartuko dute ikuskizunean: Eneko Gil, Ibon Huarte, Nerea Vesga, Urko Mitxelena eta Maia anaiek, batetik, eta Zigor Lampre disko jartzaileak, bestetik.

Markeliñek Anomalia magnética eramango du Firara. Jose Ramon Martinez konpainiako kidearen arabera, «artistak erne egon behar du gizartean gertatzen dena antzemateko», eta bere lana «prozesu horiek» aintzat hartuta ondu. Irizpide horiei segitu diete Markeliñekoek Anomalia magnética lantzeko. Gizakiaren eboluzioari buruzko lana osatu dute, eta salatu «gizakiak Lurrarekin harremana galdu» duela. «Hortik aurrera gaiztakeria guztiak izan dira posible, ekonomikoak zein bestelakoak».

M-15aren loratzearen ondoren estreinatu zuen Markeliñek Anomalía magnética, maiatzaren akaberan, Valladoliden (Espainia). Mugimendu horren aldarrikapenekin lotura estua duen lana dela dio Martinezek.

Marijo de la Hozek zuzenduko du lana, eta Fernando Baradok, Sandra F. Agirrek, Itziar Rekaldek eta Jon Koldo Vazquezek interpretatuko dute. Ia testurik ez duen lana da, baina, gutxi izanagatik ere aktoreek espainieraz egingo dutenez, frantsesezko eta ingelesezko azpitituluak jartzea aztertzen ari dira, Martinezek azaldu duenez. Nazioarteko programatzaile ugari biltzen dira Firan, eta Markeliñekoek ez dute nahi gaztelania traba izatea. «Edozein hizkuntzatan emana izan daiteke, gainera».

Programatzaile ugari

AEBetako, Koreako, Brasilgo, Txileko, Argentinako eta Europako ohiko herrietako programatzaileak izango dira Firan, Duranek esan duenez. Iberoamerikako herrietan jarriko du arreta aurten Firak. Hango herrietako merkatuei eskainiko diete lehen eguneko mahai ingurua.

Duranek dioenez, kaleko arte eszenikoek gero eta indar handiagoa dute herri horietan, «ez bakarrik kontsumoan, produkzioan ere». Halaber, herri horietako konpainiak gonbidatu dituzte, jorratzen ari diren lan eta ildoak erakuts ditzaten.

Programatzaileek, orobat, Deabru Beltzak taldearen The Wolves ikusteko aukera izango dute. Aldez aurretik ikusi ez badute, behinik behin. Izan ere, Bilboko konpainiak uda oparoa izan du. Maiatzean Norwicheko jaialdian (Ingalaterra) estreinatu zuenetik hainbat tokitan eman du; batik bat, Frantzian.

Hamelingo txirularia-ren bertsio libre eta distortsionatua da The Wolves. Ez dago txirularirik, pianista baizik. Eta atzetik hiru otso izango ditu segika. Zesar A. Ogara, Gorka Goikoetxea, Paula Alfieri eta Aitor Fernandinok gidatuko dituzte metalezko panpina erraldoiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.