Nazien garaira moldatutako Pucciniren 'Tosca'-k abiatuko du denboraldia Baluarten

Jorge de Leonek, Mardo di Felipek eta Annalisa Raspagliosik jokatuko dituzte pertsonaia nagusien rolak

Iruñean bihar eskainiko duten Tosca operako une bat. BALUARTE- IÑAKI ZALDUA.
Erredakzioa
Iruñea
2013ko otsailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Giacomo Puccinik 1800. urtean kokatu zuen Tosca opera, Luigi Illica eta Giuseppe Giacosaren testuekin. Napoleonen eta Austriaren arteko gatazkaren erdian, alegia, eta haren lanik esanguratsuenetariko bat da gaur egun. Italiarraren pieza gaurkotzea erabaki dute orain, ordea, eta 1943an Naziek okupatutako Erromara moldatuta eskainiko dute horregatik Iruñeko Baluarten, bihar eta igandean. Bi emanaldi horiek abiatuko dute otsaileko eta martxoko denboraldia.

Pavarottirekin batera duoak egina den Annalisa Raspagliosi sopranoa izango da Floria Tosca pertsonaia, eta Jorge de Leon tenoreak jokatuko du Mario Cavaradossiren rola. Ez da izango opera hau taularatzen duen lehen aldia, aurrez ere eskainia baitu lan bera Placido Domingoren eta Zubin Mehtaren gidaritzapean. Marco di Felice baritonoa izango da Scarpia Baroia, Will Hummburg izan da zuzendari musikala eta Giancarlo del Monaco eta Marco Berriel izan dira eszena zuzendariak. Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Nafarroako Orfeoiak ere parte hartuko dute.

Esaldi bakarrean laburbildu du Tosca-ren interpretazio berria Berrielek: «biolentzia ikaragarri baten aurka altxatzen den askatasunaren aldeko aldarria da». Lanari soil eusten saiatu dira, gainera. «Operako keinuen hanpatasuna baztertu, eta lan zinematografiko bat balitz bezala azaldu nahi izan dugu».

Sarrerak 64, 54, eta 40 euroan daude, eta 30 urte bete ez dituztenentzat, 12 euroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.