Nazioarteko zinemagileak erakarri nahi ditu Ikusmira Berriak programak

Apirilaren 3ra arte aurkeztu daitezke proposamenak. Ekoizteko bidean dira, edo lortzeko «aukera ona» dituzte aurreko urteetako proiektuek

Rubio, Rodriguez eta Rebordinos, atzo, Donostiako Tabakaleran. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Zinema produktuak garatzeko egonaldien Ikusmira Berriak programa abian da, Tabakaleraren eta Donostiako Zinemaldiaren eskutik. Proposamenak aurkezteko deialdia zabaldu dute, apirilaren 3ra arte. Hirugarren deialdia da aurtengoa, eta programaren «nazioarteko hedadura indartu» nahi dute, parte hartzeko kategorietan aldaketak eginda.

Ohi bezala, lau egonaldi eskainiko dituzte, baina, kategoriak aldatuta, ekoizle gehiagorengana heltzeko asmoa dute. Iazko Zinemaldiko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako parte hartzaileak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekoizleak, Espainiako ekoizleak eta ekoizle atzerritarrak; horiexek dira lau kategoriak. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak gogoratu duenez, iaz, Espainiako proiektu bat eta nazioarteko beste batdeialditik kanpo utzi behar izan zituzten, ez zutelako bat egiten deialdiko kategoriekin. «Programa bide onetik doanez, eta, batik bat, interes handia piztu duela ikusi dugunez, sarbidea aldatzea erabaki dugu».

Sei asteko egonaldia egingo dute, abuztuaren 21etik irailaren 30era bitartean. Lehenengo lau asteetan, euren proiektuak landuko dituzte Tabakalerako sortzaileen gunean, eta sektoreko zenbait profesionalek eskola magistralak emango dizkiete. Bosgarren astean, pitching saiorako prestatuko dira, hau da, egonaldiko seigarren eta azken astean egin beharko duten proiektuaren aurkezpenerako. Azken aste horrek bat egiten du Donostiako Zinemaldiarekin, eta, horri esker, industriako profesionalei aurkeztuko diete bere proiektua, Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren esparruan.

Produkziorako 20.000 euroko laguntza eskainiko du Ikusmira Berriak programak, proiektu guztien edo bakarraren artean banatzeko. Postprodukziorako laguntzak ere izango dira, REC grabaketa estudioaren eskutik. Jose Luis Rubiozuzendariak azaldu duenez, euren egiteko nagusia da proiektuak «amaitu egiten direla» bermatzea, «ahalik eta modurik profesionalenean». Alde horretatik, postprodukziorako bi sari emango ditu RECek: 10.500 euro film labur batentzat eta 35.000 euro film luze batentzat. Rubioren arabera, zenbateko hori alda daiteke: «Ez dugu utziko proiektu bat amaitu gabe, langa horietara iritsi direlako».

Donostia 2016ren legatua

Ikus-entzunezko proiektuek ibilbide luzea izaten dutela ohartarazi du Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendariak, eta gogoratu Ikusmira Berriak programaren zeregina hastapenekoa dela, proiektuak idaztea bultzatuz, finantzaketa bilatzen lagunduz, eta abar. Aurreko bi urteetan zortzi ikus-entzunezko jarri zituzten martxan: oraingoz, bakarrak lortu du amaitzea —Alex Alvarezen El extraño film laburra—. Gainontzekoak ekoizteko bidean direla edo lortzeko aukera onak dituztela jakinarazi du Rodriguezek.

Tabakalera eta Zinemaldiaz gain, Ikusmira Berriak Donostia 2016ren eskutik ere etorri zela gogoratu du Rebordinosek: «Legatuaz hitz egiten ari garen honetan, aipatu beharrekoa da Ikusmira Berriak haren laguntza ekonomikoari esker jarri zela martxan, eta laguntza teknikoa eskaini zuela gero, proiektuetan parte hartuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.