Rantxerak, normalean, beti edo ia beti, gizonezko batek kantatzen ditu, eta mariatxi talde bat izaten du alboan, gitarrak, biolinak, biolak edo beste instrumentu batzuk jotzen. Nahiko alaia izan ohi da musika estilo hori. Normalean. Chavela Vargas (San Joaquin Flores, Costa Rica, 1919-Cuernavaca, Mexiko, 2012) emakumezkoa zen, baina rantxerak abesten hasi zen orain dela 60 bat urte; mariatxirik gabe, gainera. Gitarra eskuan hartu, jorongo izeneko beroki gorria jantzi, eta, bere ahots lodia lagun, artifiziorik gabe, muga estetikoak eta moralak gaindituta, oholtza gainera. Errebelde beti. Eta, horrela —«negarrez bezala» abesten zuela esan zuen behin hari buruz Joaquin Sabina kantari espainiarrak—, estilo goxo bezain urratu bat garatuta, jendeari emozioz, minez eta pozez negarrarazteko gauza izan zen. Macorina edota La Llorona abestien egilea gaixo zebilen azken urteotan, eta herenegun hil zen. 93 urte zituen.
Aurten bertan, apirilean, kaleratu zuen bere azken lana: Luna grande. Federico Garcia Lorcaren poemekin ondutako disko-liburu bat zen. Azken kontzertua, berriz, Madrilgo Residencia de Estudiantesen eskaini zuen, joan den uztailaren 10ean. Bi egun geroago ospitaleratu zuten, Madrilen, baina handik egun batzuetara Mexikora itzuli zen.
Jaiotzez costarricarra zen, baina haurtzaro gorabeheratsu baten ondoren, Mexikora heldu zen, 17 urterekin. Urteak egin zituen txanpon batzuen truke kalean kantatzen, harik eta Jose Alfredo Jimenez abeslari eta musikagilearekin topo egin zuen arte. 50eko hamarkadaren hasiera zen. Acapulcora (Mexiko), mundu osoko turisten gunera, eraman zuen orduan Jimenezek, eta Vargas La Perla hoteleko Champagne Rooom aretoan kantatzen hasi zen, gauero. Gustura zegoen. Pozik. Halako batean, Frida Kahlo eta Diego Rivera margolariak ezagutu zituen festa batean. «Lagun handiak ginen hirurok. Batzuetan, jatekorik ere ez izan arren, egun osoa pasatzen genuen barre egiten», aitortu zuen Vargasekbehin.
Baina hil zitzaizkion Kahlo eta eta Rivera, eta hil zitzaion, batez ere, Jimenez. Bere laguna. Bere abesti ezagunenen egilea. Deprimituta, indarrik gabe, 1970eko hamarkadaren amaieran desagertu egin zen. Alkoholari emana ibili zen urte luzez. Lur jota, «bakardade estrainio batean murgilduta». Garai haietan pistola bat eramaten zuen aldean...
Maitatzen dutenen eta ez dutenen artean bereizten zituen pertsonak Vargasek, eta bera maitatzen zutenetakoa zenez, eta ingurukoei maitasun hori transmititu nahi zienez, alkohola betiko alboratu —bere bizitzan 40.000 litrotik gora tekila edan zuela esaten zuen—, eta Coyoacang (Mexiko) El Hábito aretoan kantatzen hasi zen berriro. Beroki gorriarekin, nola bestela. Izan ere, oholtzara gaueko soineko batekin eta takoiak oinetan igo zen aldi bakarrean mutu geratu zen.
Almodovarren bultzada
Hurrengo urtean, Werner Herzog zinema zuzendari alemaniarraren Scream of Stone filmean indigena baten papera jokatu zuen. Urte hartan bertan, Pedro Almodovar zinema zuzendari espainiarrak — «nire arima bikia», kantariaren esanetan— Vargasen Piensa en mí abestia erabili zuen Tacones lejanos filmean. Ez zen izango elkarrekin lan egingo zuten aldi bakarra. Bultzada horri esker, 1994an, Parisko Olympia antzokian jo zuen; baita bete ere. 2003an New Yorkeko Carnegie Hall mitikoan bildutakoak, berriz, aho bete hortz geratu ziren 80 urte pasatxoko errebelde haren indarra ikusita.
Mende erdi baino gehiagoko ibilbidean ondutako diskoak—80tik gora— nahikoa ez, eta askatasuna utzi nahi zuen «ondare gisa»: muga estetikoez gaindi estilo propioa eratzea ahalbidetu zion askatasuna, hain zuzen.
Negarrez negarrarazten
Chavela Vargas hil da, 93 urterekin, muga estetikoez gaindi estilo goxo bezain urratua garatu zuen kantaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu