Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Nerea Ibarzabal garaile Bizkaiko Bertsolari Txapelketan

Nerea Ibarzabalek irabazi du txapela, buruz burukoan Jone Uriarekin kantatu ostean. Atzetik sailkatu dira hurrenez hurren Xabat Galletebeitia, Gorka Pagonabarraga, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Aitor Etxebarriazarraga eta Aissa Intxausti.

(ID_13433865) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2023-12-16, Bilbo. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
oihana arana
Bilbo
2023ko abenduaren 17a
05:05
Entzun

Buruz burukoaren emaitza 2021ekoaren antzekoa izan den arren, aldatuta heldu da aurtengo finala. Lehenengoz izan dira bost emakume oholtza gainean. Eta lehenengo bertsotik nabaritu da aldaketa, Bad Gyal artistaren La Prendo kantaren egokitzapena ekarri du Aissa Intxaustik hasierako agurrean: «Kantatu nahi nuke txulita». Harrokeriazko keinuak ez, laztanak izan dira nagusi, ordea, oholtzan. Inoizko finalik goxoena izan da alde horretatik.

Nerea Ibarzabalek irabazi du txapela, buruz burukoan Jone Uriarekin kantatu ostean. Atzetik sailkatu dira hurrenez hurren Xabat Galletebeitia, Gorka Pagonabarraga, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Aitor Etxebarriazarraga eta Aissa Intxausti.

Saioan zehar zalantza izan da nagusi, bertsolari gehienek egin dute laprastada bat edo beste, eta buruz burukorako kinieletan era guztietako konbinazioak entzun dira Miribillako harmailetan. Puntuazioek ere islatu dute hori: lehenego sei sailkatuak oso puntu gutxiren barruan sartu dira.

4.400 lagun inguruk leporaino bete dute plaza. Pankartek eta txaloek edertutako testuinguruari kantatu behar izan diote zortzi bertsolariek. Zihara Enbeitak eta Beñat Vidalek egin dituzte aurkezle eta gai-emaile lanak.

Vidalen aginduetara hasi dira bertsolariak kantuan: zortziko handian lehenbizi. Berau izan da ariketa multzorik estuena, entzulea oraindik ez zegoen guztiz bero eta bertsolariak ere plazari tamaina hartzen. Zortziko txikikoak izan dira ofiziorik arrakastatsuenak.

Galletebeitia eta Enbeita kuadrillako bi kide izan dira, Enbeitak urtero erosten ditu bi dezimo loteria Galletebeitiarekin partekatzeko, baina, aurten, estatuari dirua ematea zela eta, Galletebeitiak ez du dezimorik nahi izan. Tokatu egin da. Fin hasi da Galletebeitia «estatu ikuspegia etorri» zaiola esanez. Zorrotz erantzun dio Enbeitak: «nik txuleta jango dot/ ta zuk zure berbak». Adiskidea limurtzen saiatu da Galletebeitia: «sentimentua da ez/ soilik materia/ zu beti izan zara/ nire loteria». Eztabaidan jarraitu dute, eta horrela biribildu du saioa Enbeitak: «aurton hemen tokau da/ eta ez Madrilen/ gauza bat argi dago/ gafea zu zinen».

Uria eta Pagonabarragaren artekoa ere oso txalotua izan da. Enpresak luntxa prestatu dien bi langile izan dira bertsolari biak. Uria mahaira gerturatu denerako hutsik zegoen dena, eta hantxe ikusi du Pagonabarraga esku biak pintxoz beteta. Paga estraren kontua serio hartu duela esan dio Uriak lehenengo bertsoan eta hala erantzun dio Pagonabarragak: «Janariai begira/ ene ze desfase/ zuk ezer ez, nik dena/ lana bezelaxe». Halere pozik dagoela kantatu du Uriak lankideari ardoa hartzeko eskurik gelditzen ez zaiolako. Eta horrela biribildu du bigarren bertsoko ideia: «Urtea egin zaigu/ itxuraz luzea/ ez da ederra biok/ daukagun posea/ alkoholismo puntu bat/ ta kriston gosea/ hara nola dagoen/ langile klasea».

Puntu erantzunen txanda izan da gero, baina ale azpimarragarriagoak izan dira hamarreko txikiko ofizioetan. Ibarzabalek eta Galletebeitiak eta Bartrak eta Pagonabarragak egindakoak izan dira txalo gehien jaso dituztenak. Plaza piztu baldin bada, ordea, bakarkakoen unean izan da. Intxausti ikasketak euskaraz egin zituen pertsona bat izan da. Hogei urteren ondoren ikaskideekin elkartu, eta ikusi du ikaskide ohiak ez zirela euskaraz erantzuteko gai izan. Ederki heldu dio gaiari eta hizkuntza ereduen porrota salatu du azken bertsoan.

Nerabe bat izan da Galletebeitia, bere zaletasunengatik frikia dela esaten dioten nerabea. «Gero ez etorri nire hiletara/ negar batean txabales/ bere sutea begiratzera/ doan piromano bat lez» esanez amaitu du ariketa, eta izugarrizko txalo zaparrada jaso du ordainetan. Enbeitak eta Ibarzabalek biek kantatu behar izan dute adiskidetasunari buruz. Berarekin maitemindu den lagunari kantatu dio aurrenak, eta kuadrilla toxikoari bigarrenak. Bartra lo egiteko pilulak uzteko ezinean dagoen pertsona bat izan da. Honakoa izan da bere hirugarren bertsoa: «Nire buruarekin dut/ sekulako debatea/ hartzen dudalako beti/ kopuru inportantea/ noizbaiten edukiko dut/ sobredosi atakea/ baina honek ematen dit/ logurea ta bakea/ ikusiz zelan dagoen/ gaur egungo jendartea/ guztia dela estresamina ta antsietatea/ ia ia mirari bat da/ zoriontsu izatea». Uria pailazo bat izan da presoen aldeko kanta bat kantatzeagatik salatu dituzten lankideei elkartasuna adierazten. Pagonabarraga lanpostu finkorik lortu ezin duen gazte prekarioa eta Etxebarriazarraga, berriz, mobilean argazki zaharrak borratzen ari den pertsona.

Buruz burukoan aldaketarik ez

2021eko buruz buruko bera izan da. Uria eta Ibarzabal. Ofiziotan umorez aritu dira: heriotza gaizki igarri duen igarlea eta bezeroa izan dira lehenbizi, eta 2002ko Bizkaiko Txapelketako Finaleko anekdotak kontatzen aritu dira gero. Honakoa izan da ganbarako gaia: «Kasualitate hutsa izan zen, baina, orain, inoiz gertatu zaizun onena dela uste duzu».

Adiskidetasunari oda bat egin dio Ibarzabalek; kasualitatez ezagututako lagun bati kantatu dizkio bertsoak. Eta Uriak matematika ikasi izanak ekarri dizkion onurak ekarri ditu gogora.

Nerea Ibarzabal. 1.036,5.
Jone Uria. 1.029.
Xabat Galletebeitia. 616,5.
Gorka Pagonabarraga. 609.
Onintza Enbeita. 607.
Oihana Bartra. 606,5.
Aitor Etxebarriazarraga. 556,5.
Aissa Intxausti. 550.

40 urte bete ditu aurten Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Hori dela eta, ibilbide horren parte izan diren eta diren pertsonek egin dute sari banaketa. Marko horren barruan aukeratu dute Begoña Iturriza txapel emailea ere: Zihara Enbeitak esan bezala, «inurri lan nekaezinagatik». Honako bertsoa kantatu du Iturrizak: «Norbaitek esan omen zuen behin/ bart egin nuen ametsa/ emakumeok emana dugu/ izugarrizko urratsa/ andra gizonak lagun hartuta/ horixe baita baldintza/ arnas anitzez osa dezagun/ biharko bertsolaritza».

Gogoratzeko moduko hainbat une egon dira agurretan. Eta azkenik, hala amaitu da saioa:

Barrua bete zaigu hemengo
grina arnastean
hau gal daiteke euskara hezkuntzan ez irakastean
bihotza Gazan astean
hil nahiko duten gaztean
kartzelak lepo ta denok preso merkatu askean
badirudi kontrastean
argi izpi bat desastrean
dena izozten dela baten bat kantuan hastean
badirudi kontrastean
argi izpi bat desastrean
dena izozten dela herri bat
kantuan hastean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.