Kultura

Nestor Basterretxea hil da

90 urte zeuzkan, eta osasunez makal ibili da azken denboran. Euskal Arte Eskoletako kide, gerra osteko euskal artearen suspertzaile eta erreferente nagusietakoa izan da. Zinemagintza garaikidean, margolaritzan, eskulturan eta diseinuan ere utzi du aztarna. Hondarribiko etxean zendu da, senideen alboan. 

Oihan Vitoria.
2014ko uztailaren 12a
07:22
Entzun

Azken asteak osasunez ahul egin ondoren, gaur hil da Nestor Basterretxea, Hondarribiko etxean (Gipuzkoa), familiakoak alboan zituela. Donostiako erietxean ospitaleratuta egon da hainbat egun. Azken urteetan gurpil aulkia izan du bidelagun; baita oxigeno bonbona bat ere. 

Nestor Basterretxea Bermeon (Bizkaia) jaio zen, 1924ko maiatzaren 6an. Arkitektoa izan nahi zuen gaztetatik, baina trabak topatu zituen bidean: 1936an, familiarekin erbesteratu zen Frantziara, eta, II. Mundu Gerra hasi zenean, Buenos Airesera joan ziren. Publizitaterako hainbat marrazki egin zituen, eta orduan ekin zion ibilbide artistikoari. 20 urte baino ez zituen, eta marrazkilari trebea zen. Arkitektura tekniko ikasketak hasiak bazituen ere, diseinatzaile gisa ari zen; Emilio Pettoruti margolari argentinarra zuen irakasle. 11 urte igaro zituen han. Bi gerrekin batera bizitzea suertatu zitzaion arren, sekula ez zuen "euskal sentimendua" galdu. Politikarekin ere hartu-eman estua zuen. EAJko familia baten semea zen, eta EAko militantea izan zen hainbat urtez. 

Arantzazuko kripta

Ezkonduta itzuli zen sorterrira, 1952an, eta Arantzazuko Basilikako kriptako muralak egiteko eskatu zioten. Jorge Oteizak bultzatuta, hormairudia egiteko lehiaketara aurkeztu zen; baita irabazi ere. Hego Amerikako muralgintza berea zuen. Urtetako lanaren ostean, dena dela, Vaticanoren debekua jaso, eta bertan behera utzi behar izan zuen. Artistaren bizitzako zauri handietariko bat ireki zuen ezezkoak. Kolpe latza jaso zuen. Lanaren erdia egina zuen ordurako, baina 1984ra arte ezin izan zuen amaitu. Kriptarako egin zituen hasierako zirriborroak bildu zituzten iazko abuztuan Jorge Oteiza museoan, Altzuzan (Nafarroa). 

Bi talde artistiko esanguratsuren bultzatzaile izan zen: 1957an, Grupo 57 abangoardiako taldea sortu zuen Jorge Oteiza eta Agustin Ibarrolarekin; 1966an, berriz, Gaur taldea jarri zuen martxan Oteizarekin berarekin eta Eduardo Txillidarekin. 1958an albo batera utzi zuen margolaritza, eta orduz geroztik eskulturan aritu da gehienetan. Basterretxearen obra entzutetsuenak dira Eusko Legebiltzarreko buruan dagoen zazpi adarreko egurrezko zuhaitza, Donostiako bakearen usoa eta Renoko (Nevada, AEB) euskal artzainei eskainitako monumentua.

Ertz guztiak

Alabaina, argazkigintzan eta zinemagintzan ere jardun du. Handia da artistaren itzala esparru horietan. Ama lur lana (1968), esaterako, mugarri bat izan zen; ispilu bat ondorengoentzat. Fernando Larrukerte izan zuen bidelagun filmaren sorkuntzan, eta Gipuzkoako Ateneo Saria eskuratu zuten 2003an Donostiako Zinemaldian. Euskadiko Filmategiaren 35. urteurrenaren harira eman zuten filma iaz, Donostiako Antzoki Zaharrean. 

Aurretik ere eginak zituen zenbait film esanguratsu: Pelotari (1964), kasurako. Diziplina edozein izanda ere, aitzindaria zen Basterretxea. Gauza zaharrei aurpegi berria jartzeko ahaleginetan buru-belarri aritzen zen. Oro har, artearen ertz guztiak arakatu ditu bere ibilbide oparoan. Garai oso bat hartu du Basterretxearen itzalak. Horixe bera islatu zuten Bilboko Arte Eder museoan iazko otsailean. Basterretxearen inoizko atzera begirako erakusketarik zabal eta osatuena atondu zuten; 200 obra piktoriko, eskultoriko, diseinuzko eta arkitektoniko jarri zituzten ikusgai.  

Eskulturatik kartelgintzara

Kartelgintzan eman du zeresana azkeneko urteetan. Jose Luis Zumetarekin batera, Basterretxea da, ziurrenik, artisten artean kartel gehien egin duenetako bat. Makina bat diseinatu ditu: EAJ alderdiarentzat egin zituen lehenbiziko afixak, Francoren heriotzaren ostean. Pilaka egiten zituen. Oinarrizkoak ziren, kolorez eta itxuraz. Abstraktuak, bai, baina erabat apurtzaileak. Basterretxeak irauli egin zuen ordura arteko joera; alde batera utzi zituen Euskal Herriko mapak, ikurrinak eta Sabino Aranaren irudia. Estetika eredu baten sortzaile dute askok eta askok. Forma simetriko eta okertuak sintetizatu, eta grafismo bilakatu zituen. 

Kartelak ez ezik, logotipoak ere usu egin ditu artistak; Eusko Legebiltzarrarena, Bizkai Euskal Folklorearena eta Bai Euskarariren logotipo zaharra, adibidez. Nafarroa Oinez festarako eta Euskaldunon Egunkaria-ren alde ere lanak egin ditu. Elkartasuna eta euskalgintza zituen ardatz. Enkantean jartzen zituen obrak, eta jasotakoa proiektu anitz diruz laguntzeko erabiltzen zuen. 2012an, Durangoko Azokaren 47. aldirako egindako kartela izan da haren azkeneko lanik aipatuena. Oroimen historikoa ere aintzat hartu du beti: grabatu batzuk egin zituen 1512-2012 Nafarroa Bizirik egitasmoarentzat. 

Azken unera arte, sortzen

Aitorpen franko jaso ditu Basterretxeak. Azkena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren partetik. Irailean eman zion Urrezko Domina, omenaldi hunkigarri batean; Egin eta Euskaldunon Egunkaria kazetak saritu zituzten ekitaldi berean. 

Euskal artearen izen handietariko bat da harena, Oteiza eta Txillidarekin batera, eta ia azken unera arte jarraitu du sortzen. 80 urterekin egin zion aitorpena BERRIAri: "Ezin naiz egon ezer egin gabe; nire adinean gehiegi pentsatzen da heriotzan, eta horretaz sorkuntzak defenditzen nau gehien". Sortzen jarraitzeak "biziago" sentiarazten zuela esaten zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.