Artea

Nestor Basterretxearen inguruko webgune bat sortu dute

Artistaren jaiotzaren mendeurrenean, haren ibilbidea eta obra ezagutarazteko asmoz jarri dute abian. Miren Vadillo, Fernando Golvano eta Peio Agirreren testuak bilduko ditu, besteak beste, baita argazkiak eta ikus-entzunezkoak ere.

Nestor Basterretxea, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Nestor Basterretxea, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2024ko martxoaren 21a
11:03
Entzun

Heldu den maiatzaren 6an beteko dira ehun urte Nestor Basterretxea sortu zela (Bermeo, Bizkaia, 1924–Hondarribia, Gipuzkoa, 2014). Hogeitik gora erakundek bat egin, eta hamaika ekitaldi antolatu dituzte mendeurrenaren harira, hala nola erakusketak, ikus-entzunezko programak eta argitalpenak, «euskal artistarik eraginkorrenetako, polifazetikoenetako eta joan den mendeko 50eko hamarkadan hasita euskal artea berritzen gehien lagundu zutenetako baten oroimenez». Bide beretik, eta artistaren ibilbidea eta obra ezagutarazteko asmoz, webgune bat sortu dute orain. Adituen testuak, urteurrenaren harira antolatutako jarduerak, argazkiak eta ikus-entzunezkoak bildu dituzte bertan, besteak beste.

Webgunearen irudi bat.
Webgunearen irudi bat.

Artistaren alderdi biografikoen gaineko informazioa bildu dute webgunean, hasteko. Horretarako, haren ibilbidea ezagutzen duten hainbat adituren ekarpenak bildu dituzte atarian. Peio Agirre komisario, arte kritikari eta editoreak, Basterretxeari buruzko zenbait erakusketa monografikoren arduradun eta Un retrato de N.B. dokumental-saiakeraren egileak, haren funtsezko aipamen biografikoa idatzi du, baita margolari eta eskultore ibilbideari, zineman, arkitekturan eta diseinuan egindako lanei eta lan instituzionalari buruzko testu bana ere. Halaber, Miren Vadillo EHUko Artearen Historian doktore eta komisarioak saiakera labur bat osatu du «Basterretxearen konpromisoari eta dimentsio etikoari buruz». Eta aurki bi aditu horien ekarpenari beste bat batuko zaiola iragarri dute, Fernando Golvano arte kritikari eta komisarioaren saiakera bat ere jasoko baitute webgune berrian. Horiez gainera, Monika Basterretxeak, artistaren alabak, testu «oso pertsonal bat» idatzi du, familiaren ikuspegitik.

Biografiaren atalean, denbora lerro batean atzera eta aurrera eginez, Basterretxearen bizitzan mugarri izan diren hainbat datu jakin daitezke.

Halaber, hainbat ikus-entzunezko pieza eta argazki sorta zabal bat bildu dituzte beste atal batean. Atal horretan, hainbat grabazio historiko ez ezik —Basterretxeak emandako elkarrizketa batzuk, tartean—, berri batzuk ere izango direla iragarri dute sustatzaileek; izan ere, mendeurrena dela eta, bost ikus-entzunezko pieza sortu nahi dituzte, zeintzuetan artistarekin harremana izan zuten hainbat pertsonak parte hartuko duten. «Atal honek izaera dinamikoa du, eta zabalduz joango da, izaera historikoko beste ikus-entzunezko batzuen argitalpenarekin», gaineratu dute.

Bestalde, espazio publikoetan nahiz museoetan kokatuta dauden haren lanik esanguratsuenak geolokalizatzeko eta bistaratzeko aukera ematen du tresna batek. Eta albisteen atal bat ere badu webguneak.

Bigarren fasea

Atariaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, «laster aktibatuko den bigarren fase batean», webguneak aukera emango du Artium museoaren dokumentazio zentroaren Nestor Basterretxea Artxiboan dauden dokumentuetara sartzeko ere. Funts hori Basterretxea Irurzun familiak dohaintzan eman zion museoari, eta, gaur egun, museoa antolatzen eta katalogatzen ari da. Artistaren artxibo pertsonal zabala 5.000 dokumentuk baino gehiagok osatzen dute, eta, proiektu artistikoei buruzko dokumentazioa, zirriborroak, eskuz idatzitako eta mekanografiatutako testuak, korrespondentzia, zinema gidoiak, prentsa ebakinak, argazkiak eta Biok altzari modernoen diseinu enpresaren inguruko materialak biltzen ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.