Irribarrerik ederrena erakutsi zuen atzo Julia Robertsek Donostia saria eskuetan hartu zuenean, «nire bihotz barru-barrutik eskertzen dizuet sari hau». Gogoan izan zituen une horretan sariarekin batera Donostiara eraman duen Eat, Pray, Love filmekolan talde osoa, «bizitza osorako lagunak izango dira»; senarra, «dirdira egin dezadan adoretzen nauena»; eta Donostia, «harrera maitagarriena egin didan hiria».
Ryan Murphyk zuzendu eta atzo sail ofizialean lehiaz kanpo aurkeztu zuten filmeko aktore protagonista eta adiskide Javier Bardemek eman zion oroikurra Robertsi Kursaalean egin zen galan. Aktore espainiarrak estatubatuarraren «talentu ikaragarria» nabarmendu zuen, «hala Robert Allmanekin edo Woody Allenekin edo Steven Spielbergekin, pertsonaia bakoitzari daukan onena ateratzen dio, beti»; baina bereziki Julia Roberts pertsonaz mintzatu zen: «Emakume benetan eskuzabala da, dibertigarrian, oinak lurrean ondo finkatuak dituena eta ingurukoak adoretzeko indar berezia duena».
Julia Roberts berak ere, aktoreaz baino pertsonaz hitz egiteko baliatu zuen sari-emate ekitaldiaren aurretikEat, Pray, Love filma aurkezteko prentsarekin izan zuen solasaldia. «Neure burua ez dut Julia Roberts gisan ikusten, eta horrek erabakiak ondo hartzen laguntzen dit».
Gehiegikeriarik gabe, umoretsu eta zentzudun mintzatu zen kazetarien aurrean,galdera pertsonalei ihes eginez eta filmaren inguruko galderei erantzun zuzen eta onberak emanez, eta apaltasunez eta dotoreziaz egin zuen irribarre eta barre.
Munduaz arduratua
Elizabeth Gilberten Eat, Pray, Love: One Woman's Search for Everything Across Italy, India e Indonesia (Viking, 2006) autofikzio nobela arrakastatsuan oinarritutako filma da Eat, Pray, Love, Ryan Murphyk zuzendua. Lortu nahi zuena lortu ondoren -arrakasta idazle gisa, bihotzez maite duen senarra, berak amestutako etxea-, barrutik hutsik sentitzen da pertsonaia nagusia, Liz Gilbert (Julia Roberts). Barruko hutsune horrek bere bizitzan aurreneko aldiz Jainkoarekin hitz egin eta otoitz egitera eramango du lehenik; ondoren, dibortziatu eta Erromara, Indiara eta Indonesiara bidaiatzea erabakiko du, galdutako orekaren bila.
Argitaratu zen urte berean irakurri zuen Robertsek Gilberten nobela. Baita ikaragarri gustatu ere. Ryan Murphy zuzendariak nobela zinemarako egokitzeko proiektua aurkeztu zionean berehala eman zion baiezkoa. «Materiala aukeratzean, gidoia irakurri ondoren berehala sentitzen dut parte hartu behar dudan edo ez», komentatu zuen Robertsek. «Gero ezerk ez dit gidoiaren azkeneko orrialdea irakurri ondorengo sentimendu horretan oinarritutako erabakia aldarazten».
Filmaren izenburuan agertzen diren hiru ekintzak -jatea, otoitz egitea, maitatzea- «elikadura entitate bat osatzen dute, bizitzari eusten laguntzen dizun ekintza bat», Robertsen iritziz. «Aktore gisa, pertsonaia belauniko jarri eta Jainkoari otoitz egiten hasten den unea bikaina iruditzen zait».
Munduaren egungo egoeraz arduratuta, Liz Gilbertengandik gertu sentitzen da Roberts giza elkartasunaren inguruko kezken aldetik. «Gure etxean garrantzia ematen diogu ingurumenarekin eta beste kausa sozial batzuekin zerikusia duten kontuei begira egiten dugunari. Baina gero eta obsesionatuago nauka pertsonok elkar tratatzeko dugun moduak. Horrek ere kausa soziala izan beharko luke, ordenagailuen, blogen eta idazle anonimoen aro honetan gero eta eskasagoa baita pertsonon arteko konexioa. Elkarri begietara begiratzeari utzi diogu, eta baita denok pertsona gisa ahal duguna egiten dugula eskertzeari ere. Hori bultzatu nahi dut, denok elkarrekin giza mailan egin dezakegun guztia».
Umore zipriztinak
Mitikotzat jotzen duten irribarrea lagun, umore zipriztinik ere isuri zuen Robertsek bere erantzunetan. «Nire kontratu guztiek dute klausula bat, esaten duena filmeko gizonezko guztiek nire sateliteak izan behar dutela nahitaez, eta horrek oso ondo funtzionatzen du», erantzun zion, adibidez, filmeko gizon guztiek Liz Gilbertengatik sentitzen duten lilura aipatu zion kazetari bati.
Beste kazetari batek «Amerikaren andregaia» -Julia Robertsi hala deitzen diote askotan hedabideetan- krisian denean AEBetako estatua ere krisian izaten ote den galdetu zionean, irribarrea luzitzeko beste aukera bat eman zion bere buruari: «Krisi batean sartzen naizenean, Obama lehendakariari deitzen diot, eta hark erantzuten ez badit Obama andrearekin hitz egiten dut. Egia esan, emakumeek dituzte erantzun guztiak».
DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA
«Neure burua ez dut Julia Roberts gisa ikusten»
«Bihotz barru-barrutik» eskertu du Julia Robertsek Donostia saria. Javier Bardem aktore eta lagunak eman dio saria, 'Eat, Pray, Love' pelikula sail ofizialean lehiaketaz kanpo aurkeztu ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu