Irudikaezina irudikatzea. Hori izan zen Claude Lanzmann zinemagile frantziarrak (Paris, 1925) bere buruari jarri zion erronka. Nazien deuseztatze esparruetan hildako milioika juduen historia kontatu nahi zuen. Zergatia ulertu nahi gabe, kontakizuna gertakari hartan zentratuz, eta artxiboko irudirik erabili gabe. Bizirik atera zirenen lekukotasunak, besterik ez. Hori da Shoah, bederatzi ordu eta erdiko lan monumentala. Hamabi urte behar izan zituen egiteko. Horrekin lotuta izango da betiko Lanzmannen izena. Baina badu gehiago ere haren bizitzak. Erresistentziako kide izan zen nazien okupazio garaian, Jean Paul Sartreren gertuko lagun, eta Simone de Beauvoirren maitale ere bai. La lièvre de Patagonie (Patagoniako erbia) lanean kontatu ditu bere oroitzapenak. Donostian mintzatuko da gaur, Literaktum jardunaldien barruan; 19:30ean, San Telmo museoan.
Lanzmannetik at mintzo da Lanzmann. Aspertuta onartzen ditu galderak, onartzen dituenean, eta erantzun gabe uzten ditugustuko ez dituenak. Bere 85 urteko gorputzetik harago mintzo da. Betierekotasun gisako batetik. Egin duen lanaren garrantziaren jakitun. «Ni hilko naiz; nire lanek iraungo dute. Luze hitz egingo da haietaz». Eta, halere, bere gorputz zehatzetik ere mintzo behar, nahitaez. Nekatuta, atseden hartzeko gogoz, erretxin antza.
Heriotza izan da zure bizitzaren ardatza, eta hari buruz hitz egiten hasten duzu zure memoria liburua ere. Heriotza zigorra izan da zure bizitzako gai nagusia, diozunez. Eta, halere, bizi-zaletasuna da nagusi beti.
Bizitza asko maite dut. Bizitzarekiko oso sentimendu sakona dut. Horregatik da hain garrantzitsua heriotza. Ez dut sinesten betiereko bizitzarik badenik, ez dut sinesten erlijioetan, ez dut sinesten inongo jainkorengan... Auschwitzen hiru urtez komando berezietan lan egiten zuen Filip Mueller izeneko juduaren hitzak aipaditzaket. «Bizitza. Hori besterik ez dago». Hala pentsatzen dut nik ere. Hiltzen naizenean, niri buruzko filmik eginez gero, zehaztua dut izenburua: «Ez dago bizitza besterik». Ume nintzenean gillotinan hildako pertsona baten exekuzioari buruzko film bat ikusi nuen. Hura gabe, agian, ez nukeen sekula Shoah egingo.
Nola itzultzen da bat bizitzara heriotzari buruzko halako testigantzetan murgiltze sakona egin ondoren?
Ez da erraza hortik ateratzea. Denbora asko behar da. Hamabi urtez aritu nintzen Shoah lantzen, eta nolabait denbora gelditu egin zela sentitu nuen. Suspentsio bat gertatu zen. Bestela, sentipen hori gabe, ezinezkoa izango zitzaidakeen lana. Beti izan nuen uste baino lehenago bukatuko nuen esperantza, baina sakonean banekien hori ez zela egia. Denbora dominatzera heldu izana da nire harrotasunik handiena. Filma egun zehatz baterako bukatu ezean gillotinapean bukatuko nuela esan izan balidate, gillotinapean hilko nintzatekeen. Bi urte izan banitu, eta bi orduko film bat egin behar izan banu, hori hautatuko nukeen. Neure burua beste inor ez dut obeditu. [Isilik gelditu da]. Zein zen galdera?
Halako lan baten ondoren nola heltzen diozun berriz bizitzari.
Ez da posible. Shoah bukatu nuenean, ohartu nintzen filma hasi nuenetik denbora asko pasatu zela. Denboraren eriondoan nengoen. Denbora poliki baina pasatu egin zela ikusi nuen. Formula bat badut aipatu dudan hamabi urteko eten hori deskribatzeko: «Denborak, niretzat, ez dio sekula utzi ez pasatzeari». Niretzat gelditu egin da denbora, baina badakit, ezinbestean, pasatu egiten dela. Ez nago ziur etena inoiz erabat osatzeko gai izango naizen. Horrek mantentzen nau gazte.
Shoah-en sorkuntza prozesua estasi baten gisa deskribatzen duzu. Poloniako Treblinka herria existitzen zela jakitean aginte moduko bat sentitu zenuela diozu. Kontatu behar bat.
Ez nuen Poloniara joan nahi. Shoah-eri buruz edonon hitz egin liteke. Egin liteke Australian edo beste edozein lekutan ere; Milanen, Ingalaterran… Polonian, ordea, ezberdina da. Ezerezaren lurraldea da hura. Ez dago ezer ere, juduak hil egin ziren. Han zeuden deuseztatze esparruak. Han bakarrik, poloniar lurretan. Alemanian ez zegoen deuseztatze esparrurik, kontzentrazio esparruak baizik. Eta oso ezberdina da hori. Han ez zegoen gas kamerarik. Polonian, bai. Hara joan nintzen, halere, eta ohartu nintzen ezin nuela Polonia bazterrean utzi. Han egon gabe ulertu ezin nituen gauza asko zeuden. Chelmmoko deuseztapen esparrutik bizirik irten zen lehen lekukoa elkarrizketatzean… [isilik gelditzen da]. Ikusi duzu Shoah? [mesfidantzaz].
Bai.
Filmaren hasieran kantuan ageri den gizona da. [Simon Srebnik, kanturako zuen gaitasunari esker, naziek bizirik utzi zuten umea]. Israelen ikusi nuen lehenengoz, eta ez nuen kontatzen zidan ezer ulertzen. Poloniara joan behar nuela ohartu nintzen. Hara heltzerako jakintzaz blaituta nengoen. Kargatutako bonba bat bezalakoa nintzen. Filmerako prest nengoen, baina detonagailua falta zen. Polonia izan zen detonagailua. Treblinka, zehazki. Izen hori zuen herri bat existitu egiten zela ikusi nuenean, adin guztietako jendearekin… Banekien existitzen zela, baina nigandik urrun nuen. Kondaira baten gisa. Bat-batean aurre egin behar izan nion hari. Kondaira egia zen. Leku eta izenaren topaketa izan zen detonagailua. Lehertu egin nintzen.
Bi arrisku suma daitezke orain juduen erailketari buruzko lanetan. Fribolizaziorako joera bat, batetik, eta egia haren gordintasuna samurragoa egin nahia, bestetik.
Baina ez dut nik halakorik egin!
Egin duzun lana egin ondoren, baina, jakin nahi nuke nola ikusten dituzun zureaz besteko lanak.
Berdin-berdin zait besteek zer egiten duten. Ikaragarri film txarrak daude juduen erailketaz.
Egia samurragoa egiteko joerari buruz, ordea, zure lanean ere bada adibiderik. Shoah-en, itzultzaileek ere leundu egiten zituzten poloniarrek juduei buruz botatzen zituzten irainak. Zer iritzi duzu halakoei buruz?
Gertatua gaizki aurkezten dutela, hara zer pentsatzen dudan! Trikimailuak dira, eta zorrotza izan beharra dago. Nik aurrez aurre begiratu nuen Shoah-en eguzki beltza. Ez nuen ezker-eskuin begiratu. Aurrera begiratzen duen zaldia bezalakoa izan nintzen.
Filosofia izan da zure bizitzan beste konstante bat. Oso hurbileko izan zenituen Jean Paul Sartre eta Simone de Beauvoir, besteak beste. Franz Fannon pentsalari martinikarrarekin hitzordua ere antolatu zenien Italian. Zer oroitzapen duzu hartaz?
Lehenengoz utzi zion Sartrek lan egiteari orduan. Orduan soilik; hiru egunez. Fannon entzuteko izan zen. Heriotzara kondenaturiko profeta bat zen. Ez zegoen eztabaidatzerik, aditu egin behar zen.
Gogoeta franko eskaini diozu Israelen sorkuntza eta iraupenari. Liburu barruan zailagoa da kontua, baina kontrazalean honela dio testuak: «Kontraesanik gabe bizi izan ditu borroka antikoloniala eta Israelen defentsa». Hala izan da?
Kontraesanik batere gabe, bai.
Egia eta edertasuna. Bi horien bilaketa da zure lana.Nola batzen dituzu izugarrikeria eta asmo estetikoa?
Behin zerbait eginez gero, hobe zerbait ederra egitea. Shoah oso film konplexua da, sotila. Badira oso plano ederrak. Edertasunak inporta du. Agerikoagoa egiten du izugarrikeria. Auschwitz ez da gune ederra. Gas ganberetarantz doazen giza irudiak ageri dituen igeltsuzko maketa bat filmatzea ikaragarria da. Negu hotzean oso panoramika motel eta perfektua egin genuen hor, eta eskuak ezin du dardararik egin. Hori da film bat egitea. Hori da zorroztasuna. Gauza bera dira etika eta estetika.
Claude Lanzmann. Zinema zuzendaria
«Neure buruari baino ez diot obeditu»
'Shoah' deuseztatze esparruei buruzko filmarekin sartu zen Claude Lanzmann zinemaren historian. «Gerora ere luze hitz egingo da hartaz», dio. Hitzaldia emango du gaur Donostian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu