Neurrira sortutako jantziekin

Trio Zukan taldeak 'Soinuzko begiradak. Take 2' diskoa plazaratu du. Hainbat musikagilek txisturako, akordeoirako eta perkusiorako idatziriko obrak bildu ditu hirukoak bigarren lanean

Trio Zukaneko Jon Ansorena, Maria Zubimendi eta Gorka Catediano, Hernaniko Txillida Leku museoan kontzertua eman aurretik, joan den hilean. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2023ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Trio Zukan sortu zutenean, 2014. urtean, haiena bezalako formazio batentzat errepertoriorik ez zegoela azkar jabetu ziren Jon Ansorena (txistua), Maria Zubimendi (akordeoia) eta Gorka Catediano (perkusioa). Hain zuzen, David Cantalejoren Otxate zen orduan beren hiru instrumentuek elkarrekin jotzeko propio idatzitako obra bakarra. Hirukoteak kasik hamarkada bateko ibilbidea egin du ordutik, eta 40 piezako zakua dute eskura gaur egun. Obra horietako sei grabatu, eta beren bigarren diskoan bildu dituzte berriki; Soinuzko begiradak. Take 2 izenburupean kaleratu dute albuma, eta lana zuzenean aurkezteko bideari ekin diote dagoeneko. Iragan hilean kontzertu berezia egin zuten Txillida Leku museoan (Gipuzkoa), eta aurrera begira beren doinuak zabaltzen segitzeko asmo betea du hirukoteak.

Donostiako Musikene goi mailako musika ikastegiak elkartu zituen hiru musikariak. Duoak jotzen hasi ziren aurrena; Ansorena eta Catediano batu ziren lehenik, eta Catediano eta Zubimendi ondoren. «Hiruren artean kontzertu bat muntatzeko aukera egon zen, eta zenbait duo jo genituen, eta hirukorako zegoen obra bakarra, Otxate. Eta hala hasi ginen jotzen, hutsetik eta ia errepertoriorik eduki gabe», azaldu du Zubimendik.

Hirukotea osatuta, eta errepertorio gabeziari aurre egiteko asmoz, segidan jarri zuten martxan Soinuzko begiradak izeneko egitasmoa. Haien formazioarentzako moduko kantuak sortzeko eskatu zieten hainbat musikagileri. «Gertu-gertuko konpositoreekin hasi ginen lanean: Jagoba Astiazaran, Francisco Dominguez, Mikel Chamizo...». 2016tik aurrera, inguru hori zabaldu, eta musikagile gehiagorekin ere abiarazi zuten elkarlana. «Egia esan, nahiko kontaktu sare zabala daukagu, eta sortzaile askorekin lan egiteko aukera eduki dugu urteotan». Ia neurrira egindako trajeak sortu dizkiote haiek hirukoteari, baina nork bere estiloaz betiere.

Soinuzko begiradak lehen diskoa 2019an plazaratu zuen taldeak. Ordura arte hainbat sortzailek hirukoaren eskariz idatzitako lau obra eta beste bi duo bildu zituzten bertan: Jagoba Astiazaranen Hamaika ilargi, Francisco Dominguezen Seis miradas sobre..., Isabel Urrutiaren Etorkiz eta Izatez, eta Mikel Chamizoren Lantz, taldearen enkarguz sortutakoak; eta Gabriel Erkorekaren Haize-orratz (2007) eta Magnus Lindbergen Metal Work (1984), txisturako eta akordeoirako bata etaakordeoirako eta perkusiorako bestea.

Ordutik, beste hainbat konpositoreren laguntzaz, errepertorioa zabaltzen segitu dute, eta 40 piezatik gorako bilduma osatu dute dagoeneko. Horien artetik, beste sei lan hautatu dituzte oraingoan, grabatu eta Soinuzko begiradak. Take 2 disko berrian jasotzeko. Zubimendi: «Diskoa askotarikoa dela esango nuke, obrak elkarren artean oso-oso desberdinak direla. Azken batean, proiektuaren ideia nagusia hori izan da beti. Hutsetik hasi ginen, talde gisa, baina baita aurrez egindako ezer ez zegoelako ere. Erreferentziarik gabe hasi ginen, beraz,konpositore bakoitzak bere lanetan bere begirada jasotzea nahi genuen».

Sei begirada biltzen ditu, hortaz, disko berriak: Oihana Rodriguez, Francisco Dominguez, Zurin?e F. Gerenabarrena, Jose Maria Sanchez-Verdu, Maria Eugenia Luc eta Juanjo Eslaba musikagileenak.

Oihana Rodriguezen Gure sustrai obrarekin hasten da albuma, «euskal kulturaren alderdi musikal nabarmenak eta lengoaia garaikidea uztartzen dituen piezarekin». Ondoren, Francisco Dominguezen Bertso entzun daiteke, zeinak «euskararen fonetika eta idazkera instrumentala» batzen dituen. Zurin?e F. Gerenabarrenarena da hirugarrena: Donostiako Musika Hamabostaldiaren enkarguz idatzi zuen Harri, Haize, Harea obra, eta musikariek beren tresnekin sortutako doinuak elektronikaren soinuekin nahasten ditu.

Segidan dator Jose Maria Sanchez-Verduren Luz Negra III. Homenaje a Chillida pieza, zeinak Eduardo Txillida eskultorearen argi beltza kontzeptuaren inguruko gogoeta duen oinarrian. Maria Eugenia Lucek, berriz, Begiratu Bi lana idatzi du, zeinak hiru musika tresnen aukerak aztertzen baititu. Eta, bilduma ixteko, Juanjo Eslabaren Desprendida Voz jaso du hirukoteak, «basoan eroritako zuhaitz batekin izandako topaketan eta haren ahotsa partekatzeko bultzadan oinarritutakoa».

Diskoak islatzen duen aniztasuna haien musika tresnetan ere badagoela gehitu du Zubimendik. «Erabiltzen ditugun instrumentuak ere askotarikoak dira. Obra bakoitzak bere perkusio set berezia dauka, obra horretarako prestatua». Txistuan ere, Ansorenak tresnaren familia osoa baliatzen du piezetan. Eta Zubimendik bai akordeoi kromatikoa bai mikrotonala jo ditu; esan du azken hori baliatzea ez dela hain ohikoa, «mundu osoan bost edo sei» jotzaile baino ez baitira. «Asko esploratu gabeko instrumentua da, eta gu saiatzen ari gara hori ere lantzen».

Egileekin eskuz esku

Zubimendik dio konpositoreekin «oso harreman estua» izaten dutela piezak sortzeko. Aurrez haiekin tresnak frogatzeko saioak egin, bakarka idatzi dutena elkarrekin berrikusi, entseatu, estreinaldien aurretik berriro elkartu... «Guk dugun 40 obrako katalogo hori konpositoreek sortu dute guretzat, eta ez hori bakarrik; Zukanen bertsioa da lehena, eta ardura ere bada, baina polita da, horixe geratzen baita adibide gisa».

Hasi zirenetik, «asko» nabaritu dute musikagile gehiago animatzen direla orain halako formazio batentzat lanak sortzera. Ezin dituzte guztiak grabatu, baina pixkanaka bide horretan aurrera egiten segitu nahi dute. Bitartean, pieza horiek «bizirik» egoteko eta ezagutarazteko, Hernaniko saioaren ondotik, urrian ekingo diete berriro zuzenekoei.

Taldeak hamar urte beteko ditu 2024an, eta aurrera segitzeko gogoa du. «Gure bilakaera ikusteak poza ematen digu, eta indarra beste hamar urtez segitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.