Nevadako oroimina

urtzi urkizu
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Zuzendari eta gidoigilea: Nacho Reig. Ekoizlea: Berde Produkzioak. Musika: Audience. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 91 minutu.

Urtzi Urkizu

Dokumental batek beharrezko arima baldin badu, protagonistek ikuslea hunkitzea lortzen dutelako izaten da. Berdin protagonistak aberedikoak izan, landaredikoak izan edo gizajendeen tribuetakoak. Amerikanuak laneko protagonistak hezur-haragizkoak dira, benetakoak, konplexurik gabe hitz egiten dute. Ez daude gidoi nahasi batean galduta. Eta horretan datza dokumentalaren gakoetako bat. Nevadara joandako euskaldunekin identifikatzen da ikuslea, gertu sentitzen ditu. Tranparik gabeko joko batean iristen zaizkio. Eta haiekin ordu eta erdi entretenigarria pasatzeko aukera sortzen da.

Zintak formalki plantea zezakeen zailtasun bat ordu eta erdi horretan gauzak off-eko ahotsik gabe kontatzea zen. Nacho Reig zuzendariak hautuan asmatu egiten du bete-betean. Euskal emigranteen ahotsak eta paisaje elurtuaren gainean entzuten den Audience taldearen doinuak nahikoa dira kontatu beharrekoa kontatzeko. Zinez ederra da filmeko argazkia. Eta ez da faltan sumatzen off-eko ahotsik.

Elkon gelditzen diren euskaldunak nola bizi diren azalduko dute, haien artzain bizitza nolakoa izan zen eta egun zer kezka dituzten. Nolabaiteko dekadentzia bat ageri da mikrokosmos horretan. Tristura ematen du une batzuetan halako dekadentziak, nahiz eta protagonistek umore onez jantzi. Umorea da, aldi berean, protagonisten hitz-jarioaren beste ezaugarri bat. Eta, agian, umorerik gabe askoz nekezagoa izango zatekeen egileentzat dokumental hau egitea. Baita ikusleengana iristea ere. Dokumental batean barre egitea eskertzeko kontua da.

Aurrekontu txiki batekin proiektu erakargarri bat egiteko modua ere badagoela erakusten du Berde Produkzioak ekoizpen etxeak. Azken emaitza ere ez dago batere gaizki.

Urruti dago Nevada. Urruti joan ziren euskal emigranteak. Dokumentalean sentitzen den aipatutako dekadentziak, ordea, balio dezake Euskal Herrian bizi diren zenbait errealitaterentzat. Ispilura begiratzea bezala izan daiteke batzuentzat.

Garai batzuen oroimina elur gainean jasotzen da Amerikanuak lanean. Emigrante batzuen errealitate zehatza da, bai; baina balio dezake guretzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.