«Ni ere aldatu egin naiz, baina neu naiz oraindik»

Aurreko lanetako pop-rock elektrikoari beste sonoritate batzuk gehitu dizkio Rafa Ruedak 'Enaren geometria' diskoanAutoekoizpenaren bidetik jo, eta diskoa dendetan salgai ez jartzea erabaki du

Bilbo
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Enaren geometria disko berriaren izenburua bere etxeko garajean zegoela bururatu zitzaion Rafa Rueda kantariari: «Enara habia bat dago bertan, eta urtero datoz bisitan. Hasi nintzen begira, ea joan-etorrian zebiltzanak enara berberak ziren. Gero, hausnarketa hori alde batera utzi, eta hasi nintzen pentsatzen zelako parekotasuna dagoen enararen eta gizakiaren artean».Etengabeko aldaketa hori hartu du abiapuntutzat. «Behin eta berriro ari gara leku edo egoera beretik pasatzen, baina pertsona berberak izanda ezberdinak ere bagarela konturatu naiz». Geometriak erejoan-etorriko bidaiaren irudi horrekin zerikusi zuzena duela azaldu du Ruedak, hor elipse bat sortzen delako.

Rafa Ruedaren laugarren lanean, musikalki, aurreko diskoetako pop-rock elektrikoa ageri da, baina badaude sonoritate berri batzuk. Kanta batzuetan oinarri elektrikoen gainean kolore akustikoa jarri du taldeak. Aurreko diskoetan ageri ez diren mandolinak, soinuak edota tronpetak bestelako ukitu bat ematen diote diskoari.

Musikariei dagokienez ere badago aldaketaren bat edo beste. Bateria joz PILT taldeko Xanpe izan du Rafa Ruedak alboan grabazioan, eta lagun zaharrarekin berriz lan egiteaz pozik azaldu da. Baxua Jaime Nietok jo du, eta gitarra Joseba Irazokik. Parte hartzaile berrien artean Txus Aranburu dago, Tapia eta Leturiarekin batera teklatua eta soinua jotzen aritutakoa. Korneta jotzen, Iban Urizar elgoibartarra. Aipagarria da Arkaitz Minerren parte hartzea ere, mandolina eta biolina joz. Disko berria autoekoizpena da, Jonan Ordorikak grabatua eta nahastua Katarain estudioetan.

Dendetan leku gutxiegi

Enaren geometria disko berria autoekoizpena da, eta, gainera, dendetan salgai ez jartzea erabaki du Rafa Ruedak. Diskoa erosteko lehen aukera gaur izango da, Tolosako Bonberenean emango duten emanaldian. Kontzerturako sarrera eta diskoa 10 euroren truke erosteko aukera ematen baitu taldeak. Kontzertuetan eros diateke, eta baita Internetez ere, www.rafarueda.net webgunean.

«Hau egiteko arrazoia gaur egungo egoera da», azaldu du kantariak. «Argi dago dauden disko denda gehienak desagertzear daudela, eta supermerkatuetan edo saltoki gune handietan kulturari oro har eskaintzen zaion lekua gero eta txikiagoa dela. Beraz, saltzaileek ez badute halako esfortzurik egiten musika zabaltzeko, sortzen dugunoi gelditzen zaigun bide bakarra bitartekaritza hori erditik kentzea da», azaldu du Ruedak. Horiek hala, haren jarraitzaileek musikariarekin hartu-emanetan jarriz inoiz baino era zuzenagoan eskuratu ahal izango dute lan berria edo taldearen beste edozein disko.

Urtea amaitu bitartean egingo dituzten kontzertuetan izango da diskoa erosteko aukera: gaur, Tolosako Bonberenean; hilaren 17an, Arrasateko Gaztetxean; 20an, Donostiako Le Bukowski tabernan; abenduaren 2an, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean; abenduaren 7an, Durangoko Azokako Ahotsenean; abenduaren 16an, Bergaran, eta abenduaren 23an, Ondarroako Kafe Antzokian. 2012ko lehen kontzertua Bilbon emango dute, Kafe Antzokian, urtarrilaren 26an.

Bizkaieraz kantatu du lehen aldiz kantu bat Rafa Ruedak, disko berrian. «Lagunekin ohituta nago bizkaieraz berba egiten» azaldu du, «baina kantuan orain arte batueraz aritu naiz. Edorta Jimenezek proposatuta sortu da nire bizkaierazko lehen abestia». Astea kantua euskalkiak ikasi nahi dituen jendearentzat dago sortua. Bertan, asteko egunak bizkaieraz azaltzen dira.

Hitz gehienen egilea

Baina kantuen hitzen aldetik, berritasun bat dago oraingo honetan: Rafa Ruedak berak idatzi ditu hitz gehienak. «Lehenengoz, nik idatzi ditut ia testu guztiak», azaldu du. «Orain arte neure burua musikari moduan ikusten nuen, baina urteekin konturatu naiz garrantzitsua dela nire ekarpena egitea kantuen hitzetan ere». Orain bere gogoeta pertsonalak kantuen hitzetan azaltzeko beharra sentitu duela azaldu du.

«Etengabeko aldaketen inguruan idatzi dut, egunerokotasunean bizi ditudan egoerei buruz», dio Ruedak. Nahiz eta momentu gogorrak ere agertu, oro har gai nagusitzat denbora eta gizakiadituzten kantu baikorrak dira.Enaren modura alde batetik bestera ibili arren habia non dagoen ahaztu gabe bizi garela azaldu du kantariak; une oro gauza berriak ikasten, baina nortasuna mantenduz. «Ni ere aldatu egin naiz, baina neu naiz oraindik».

Egun eder honetan abestia gure gizarteko egoera latzei aurre egiteko modu terapeutiko bat dela argitu du Ruedak. «Kaosaren erdian eguzkia ager daiteke, eta zoriontsu izan gaitezke behintzat minutu batez, ordubetez agian».

Inor bagina kantuko hitzak Hasier Rekondok idatzi ditu, hala ere. Bob Dylan eta Tom Waits abeslariei buruzko abesti hori kasualitatez sortu zen. «Behin, Hasierrekinkontzertu batera joan nintzenean, bi artistak asko gustatzen zaizkidanez, joaterakoan bat jarri nuen bidean entzuteko eta bueltan bestea».Hortik etorri zen abestiaren gaia: nola egin daitekeen norbait hilezkor kantu bateko protagonista izanez.

Diskoaren diseinua Alain M. Urrutia artista bilbotarrak egin du. Azala, kontrazala eta abestien hitzak idatzita datorren liburuxka ere hark egin ditu. «Asko gustatzen zait Alainen lana», esan du Ruedak. «Diskoaren azalean nire irudiarekin muntaketa berezi bat egin du. Sudurretik gora agertzen naiz, enararen eta nire arteko nahasketa eginez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.