Nick Caveren gauerainoko bidaia

Txuma Murugarrenek euskarara moldatu du musikari australiarraren 'Nocturama' diskoa, 'Gautegia' lanean. Bilboko Izar & Star ziklorako egokitu zituen kantuak lehendabizi, 2014. urtean

MAIALEN ANDRES  / @FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2023ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
2014an, Txuma Murugarrenek euskarara moldatu zuen Nick Cave musikari australiarraren Nocturama (2003) diskoa, eta Javier Corral Jerry irrati esatari eta musika kritikariak Bilbon antolatzen zuen Izar & Star zikloan zuzenean aurkeztu. Lauzpabost emanaldi egin zituen proiektuarekin, baina, gerora, beste egitasmo batzuetan jardun zen. Orain, berriz, bederatzi urte igaro diren honetan, orduko moldaketak berreskuratu eta disko batean bildu ditu: Gautegia (Gaztelupeko Hotsak).

«Jerryk Izar & Star-erako proposamena egin zidanean, Nocturama aukeratu nuen, iruditzen baitzitzaidan oso disko moldagarria izan zitekeela», aitortu du Murugarrenek berak. «Diskoa oso gustukoa ere badut, baina, gainera, alde praktikoari begira, Rafa Aceves pianistarekin taularatzeko egokia iruditzen zitzaidan».

Orain dela gutxi, proiektua «betikotzeko» gogoa piztu zitzaion musikariari, eta Aceves ez ezik, Miguel Ramirez (baxua), Angel Unzu (gitarra), Oriol Flores (bateria) eta Gaizka Insunza (koruak) ere proiektura batuta, bi egunean ondu zuten diskoa. «Nahasketetan ukitu batzuk egin genituen, baina, funtsean, egun bakarrean grabatu genuen, eta uste dut hori nabari dela diskoan».

Caveren ibilbidean, disko «bitxia» da Nocturama, Murugarrenen iritziz. «Oso lirikoa da. Piano oso oinarrizkoak ditu, oso melodikoak». Hitzei dagokienez, bestalde, «elurraren figura agertzen da askotan, isiltasunaren eta bakardadearen metafora gisa». Castillo Suarezen Alaska poema liburua irakurtzen aritu da Murugarren azkenaldian, eta horko hainbat olerkitan ere azaltzen da elurra.«Iruditzen zait elurra oso irudi indartsua dela isiltasun berezi hori irudikatzeko». Caveren musikak berak giro hori laguntzen duela uste du Murugarrenek, nahiz eta ez den diskorik estimatuena kantariaren jarraitzaileentzat.

Hitzak euskaratzea lantegi «gaiztoa» izan dela aitortu du Murugarrenek, eta, hein batean, «askatasunez» heldu diola. «Hitzek errima daukate, eta errima oso gaiztoa da moldaketa bat egiten duzunean. Hitz batzuk itzul ditzakezu, baina itzulpen hori koadratu egin behar duzu daukazun tartean. Azken batean, silaba jakin batzuekin melodia horrek ematen dizun bideari eutsi behar diozu». Eta, horregatik,bide berriak bilatu behar izan ditu Caveren kantuen hitzek esaten dutena esateko. «Hark esaten duenaren inguruan mugitu naiz beti, hitzen esentziari eutsi nahian. Eta hori, jakina, ezinezkoa da hitzez hitzeko itzulpen bat egiten baduzu».

Ez da halako itzulpen lan bat egiten duen lehenengo aldia, Lou Reed, mila esker (2014) disko kolektiborako ere —hainbat euskal musikarik New Yorkekoaren kantuekin egindako bertsio lana— berak egin baitzituen itzulpen guztiak. Halere, lan hura «ezberdina» izan zen Murugarrenentzat. «Errazagoa izan zen, Lou Reedek ez duelako errimarik erabiltzen, ezpada oso kantu bakanetan».

Nocturama oro har disko lasai eta pausatua den arren, biltzen ditu kantu pare bat bortitzagoak, Caveren alderdi rockzalea azaleratzen dutenak: Baby, I'm on Fire eta Dead Man in My Bed. «Baby, I'm on Fire-ren euskarazko moldaketa (Sutan nago) piano eta gitarra hutsez ere egiten genuen Rafak eta biok, baina, Bilbo Hiria irratiaren urtemugako diskoan parte hartzea proposatu zigutenean, erabaki genuen baxuarekin eta bateriarekin grabatzea, eta sekulako indarra hartu zuen kantuak». Hain zuzen ere, grabazio hura da orain diskoan jaso dutena. Dead Man in My Bed, ordea, ez dute grabatu. «Nahiago izan dugu abesti lirikoetan zentratu». Beraz, Nocturama-k hamar abesti biltzen ditu, baina Gautegia-k bederatzi baino ez.

Lozorrotik ateratzea

Orain dela zazpi urte kaleratu zuen Murugarrenek bere azkeneko disko luzea (Zerbait ari da gertatzen, hor, 2016), eta handik bi urtera single bat ere atera zuen (Marmokak eta itsas izarrak, 2018). Orduz geroztik, musika eszenatik aldendu samar ibili da, baina Gautegia grabatzeko lanak «lozorrotik ateratzeko» balio izan dio, aitortu duenez. «Garai oso arraroak izan dira azkeneko hauek. Eta, bestalde, [pandemia] garai horiek iritsi zirenerako ere, ni gogo gutxirekin nenbilen. Batzuetan, gauzak egiten dituzu, eta iruditzen zaizu zure lana ez dela iristen nahiko zenukeen lekuetara, edo ez duela behar besteko oihartzunik. Eta etsipen sentimendu bat ere nabaritzen duzu».

Gautegia-k berriro martxan jartzeko balio izan dio Murugarreni, eta jada idatziak ditu kantu batzuk. «Asmoa daukat hemendik gutxira, datorren urtean edo, nik idatzitako abestiz osatutako disko bat ateratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.