Xabier Etxaniz Rojo. Idazlea

«Nik nahiago dut arlo humanoari begiratu, eta ez borrokalariaren mistikari»

Bizitzak horretara eramanda, txatartegien edo hilerrien bazka izatetik gertu dauden autoz eta zaharrez bete du azken ipuin liburua. Umorea galdu gabe eta gatazka politikoaren aztarna sakabanatuak ahaztu gabe.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Nobela bat eta kronika liburu bat ere baditu argitaratuak, baina ipuingile moduan da batez ere ezaguna Xabier Etxaniz Rojo (Trintxerpe, Pasaia, 1971). Laugarren ipuin liburua du Txatartegirako ipuinak (Erein, 2010). «Aurrerapausoa» izan da egilearentzat, eta kritikariek eta irakurleek ere harrera ona egin diote.

Zure liburuetako ipuinek, autonomoak izanagatik, izaten dituzte, normalean, liburuko gainerako ipuinekin batzen dituzten elementuak. Ipuin bakoitza idaztean, zer neurritan duzu buruan ipuin hori bere barnean hartuko duen liburua?

Orain arte, ipuinak banaka idatzi eta ordenagailuan gordeta uzten nituen. Gero, ikusten nuenean bazegoela lotura bat ipuin batzuen artean, liburu batean biltzen nituen ipuin horiek. Txatartegirako ipuinak liburuaren kasuan, jabetu nintzen baneuzkala autoak eta zaharrak agertzen ziren lauzpabost ipuin, eta hortik abiatuta libururako propio egindako ipuin batzuk daude. Ohiko prozesuaren alderantzizkoa izan da, beraz, liburu honetakoa. Normalean, ipuina idazten dudanean ateratzen da ateratzen dena, beste ipuinekin zerikusirik izan gabe. Baina, kasu honetan, lehen aldiz idatzi ditut ipuin batzuk liburuko beste ipuin batzuk kontuan hartuz. Hori niretzat gauza berria izan da.

Zer moduzko esperientzia izan da?

Gustura geratu naiz. Baina ideia bururatu zitzaidanetik ipuinak idatzi nituen arte denbora asko pasatu zen. Elementu horiek errepikatzen ziren ipuinak idatzi behar nituela erabaki nuenean, ez nintzen hasi idazten berehala. Denbora hartu eta ipuinak nahiko modu naturalean sortu nituen, neure burua behartu gabe. Niretzat aurrerapausoa izan da.

Autoak eta zaharrak aipatu dituzu. Txatartegiaren eta hilerriaren atarian daude horietako asko, liburuan.

Uste dut ni ere aldatzen ari naizela. Zahartzen ari naizela. Neure ingurukoen bilakaera zein izan den ikusten dut, eta horrek eragina du. Adibidez, emaztearen gurasoak, biak, hiru hilabeteren bueltan hil ziren, degradazio prozesu baten ondoren. Eta beste kasu batzuk ere egokitu zaizkit gertu. Idazleok ikusten dugunaz idazten dugu, eta niri ikusi dudanak bizitzaz ikuspegi horretatik pentsarazi dit. Uste dut horrek markatu nauela ni, eta markatu duela liburua.

Umorerik bada, hala ere.

Pentsatu nuen liburuak behar zuela beste alde bat, ez zutela ipuin guztiek tonu berekoak izan behar, astuna izan zitekeelako bestela. Adibidez, azken ipuina [Gaizki hasitako egunak] barregarria da, eta propio jarri nuen azkena, komenigarria iruditzen zitzaidalako irakurleak liburua irribarrez amaitzea.

Gizarteak pertsonaren gainean ezartzen duen presioa ere askotan ageri da liburuan, Autoa eta Klaxonen festa ipuinetan bereziki.

Izan ere, presio hori toki guztietan dago. Gizarte honetan, ezin zara artaldetik atera. Bestela, arraroa zara, eta azkenean normala izatera behartzen zaituzte. Ni ez naiz ardi beltza, oso arrunta naiz, baina, hala ere, sentitzen dut presio hori, eta leku batzuetan lekuz kanpo sentitzen naiz. Badakit artaldetik kanpo dagoenak gaizki pasatzen duela, eta hori islatu nahi nuen.

Aurreko liburuetan bezala, honetan ere Euskal Herriko gatazka politikoa atzealdean ageri da askotan, eta pertsonaien bizitzetan askotariko eraginak ditu. Pertsonaia asko ezker abertzaleko kideak dira, baina ez dira, inondik ere, ez infernuko etsai eta ez heroi miresgarri.

Jarrera kontziente bat da hori. Heroien literatura ez zait interesatzen. Ni ere parte sentitzen naiz, ezkertiarra eta abertzalea bainaiz. Baina nik nahiago dut arlo humanoari begiratu, eta ez borrokalariaren mistikari. Uste dut guk idatzi behar dugula gatazkari buruz, beste aldekoek ez baitute egingo; edo, egiten badute, egingo dute erdaraz eta helburu jakin batekin. Baina ezin dut borrokalariaren mistika bat egin, are gutxiago kontuan hartuta ez zaidala iruditzen, herri honek egin duen borrokari dagokionez, gauzak ondo egin direnik. Beste biderik ba ote zegoen? Nik zalantzak ditut. Hortik abiatuta, nahi izango banu ere —eta ez dut nahi—, ezin izango nuke landu borrokaren ikuspegi mistiko bat. Azken ipuineko sindikalista da ideologikoki niregandik gertuen dagoena, eta bera da liburu osoan okerren tratatzen dudana. Uste dut horrelako pertsonaiak izango direla ezker abertzalean ere, inguru guztietan bezala, denak ez direla onak izango.

Duela hamaika urte kaleratu zenuen lehen ipuin liburua, Begiak itxi eta kitto (Elkar). Txatartegirako ipuinak laugarrena duzu. Liburutik liburura, idazleago sentitzen zara?

Lehen liburua atera nuenean, ez nintzen oso kontziente zer egiten ari nintzen. Ipuinak idatzi nituen, editore bati eman, hari gustatu eta argitaratu egin nituen, besterik gabe. Hasieran baino gutxiago idazten dut orain, baina modu kontzienteagoan. Argiago dut zer egin nahi dudan, eta agian horregatik idazten dut gutxiago. Lehen, kantitatea bilatzen nuen; orain, nahiago dut kalitatea zaindu.

Zutabegile zara hiru hedabidetan: BERRIA, Irutxuloko Hitza eta Aizu! Laguntza edo traba da hori idazlearentzat, ipuingilearentzat?

Traba da denbora kentzen didan neurrian. Baina nire zutabeetako asko ipuin laburrak dira, eta alde horretatik lagungarria da zutabea, astero azterketa bat egitera behartzen bainau. Niretzat oso ariketa polita da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.