Nina Simoneren txiklea

Nina Simonek Londresen eginiko azken kontzertuan, 1999an, haren txiklea piano azpian itsatsita aurkitu zuen Warren Ellis biolinistak; objektu kuttun hori da 'Nina Simone's Gum' liburuaren abiapuntua.

Nina Simone abeslari, musikari eta musikagilea, 1965ean ateratako erretratuan. BERRIA.
Nerea Arruti
2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Nina Simonek oso gustuko zuen Ronnie Scott's musika areto ttipi dotorea; han biltzen dira Londresko jazz zale amorratuak, punta-puntako jazza entzuteko. 1990eko hamarkadan, Simonek iskanbila bortitza izan zuen jazz klubeko nagusiarekin; batzuek zioten hura jotzen ahalegindu zela, besteek hala egin zuela. Dena dela, bertan jotzeko debekua jaso, eta 1991ko urtarrilaren 13an Londres iparraldeko Town & Country aretoan jo behar izan zuen. Tokia ezaguna bazen ere, ez zen jazzerako egokia; ona zen, berriz, rock eta musika alternatiborako.

Gau hartan, Simone haserre irten zen eszenatokira. Aurrean zituen entzule gazte zuriek zer zekiten bere ibilbideaz eta gaitasunaz? Iragarkiek ospetsu egin zuten kanta hori bakarrik ezagutuko zuten, asko jota. Simonek, New Yorkeko Juilliard eta Filadelfiako Curtis goi mailako musika eskoletan trebatutako eliteko piano joleak, publiko horren kontra jo zuen. Justu Ipar Ameriketako beltzen traumaz diharduen Missisipi Goddam kantara iritsi zenean; une horretan, hain zuzen ere, sentitzen zuen umiliazioa gorpuztuz, aretoa sutan jarri zuen, iraganari ez ezik orainari ere kantatuz: «Can't you see it? Can't you feel it? It's all in the air».

Su horrekin, kanta berridatzi eta eguneratu zuen, zuzenean bakarrik jasoa izateko. Halakoa zen bere azken urteetan: erabateko porrota ziren zuzenekoak, edo, beste muturrean, entzuleen memorian betirako iltzaturik geldituko ziren emanaldiak; inoiz ez erdipurdiko zuzenekoak. Nina Simone, Miles Davisen estiloan, entzuleen aurkari izan zitekeen, Louis Armstrong ez bezala. Ez zuten arrazismoa zuritu nahi; Davis bizkarra emanez tronpeta jotzerakoan edota Simone entzuleen kontra hitz egiterakoan, profil entretenigarri eta sinpatikoaren aurka ari ziren. Davis, hala egiten zuenean, jenioa zen; Simone, aldiz, eroa.

Warren Ellis biolin jole australiarrak bere bidelagun Nick Cavek antolaturiko Meltown jaialdian ikusi zuen Simone, Londresen emango zuen azken emanaldian, 1999ko uztailaren 2an. Gau hartan ere, Simoneren pasio suminduak sutan jarri zuen aretoa. Kontzertuaren ostean, Ellisek Simoneren txiklea piano azpian itsatsirik aurkitu, eta hogei urtetan gordea izan zuen. Objektu kuttun hori da Nina Simone's Gum (Nina Simoneren txiklea) libururaren abiapuntua.

Nola gordetzen da zuzeneko pasioa memorian? Sarri esaten dira «han egon behar zinen diodana ulertzeko» modukoak bizitakoa azaltzeko. Han izatearen ordezko objektuak izaten dira kontzertu ostean erositako posterra edota kamiseta. Are gehiago objektua hain pertsonala denean. Hasieran, Ellisek toalla batean gorde zuen, material biologikoa izanik txistuak garrantzi handiagoa baitzuen. Kristautasunean ere badaude antzeko erlikiak —demagun, Veronicaren beloa—. Simonerenaz ari gara hemen, baina hainbatek lapurtu eta betirako gordeko lukete Joe Strummerren txiklea. Fededunaren testigantza dugu narrazioaren hastapen gisa: han izan nintzen, eta grabatutakoan entzuten ez den sua ikusi nuen.

Musikaz idaztea

Fanatismoa eta musika gurutzatuz, musika klasikoaren jarraitzaile sutsuen narrazioa eskaintzen du Julio Cortazar idazle argentinarrak Las ménades kontakizunean (Final del juego, 1956). Antzeko kanibalizazioa irudikatzen du rock musikan Mariana Enriquez idazle argentinar garaikideak Carne istorioan (Los peligros de fumar en la cama, 2017), non musikaren harrera fisikoki irudikatzen den. Sakralizazio bera dago Simoneren txikle-erlikian.

Idazleek maiz idatzi dute musikari buruz, genero eta estilo askotariko lanak ekoiztuz. Ez-fikziozko lanak aipatzearren, Jackie Kay idazle eskoziarrak bere bizitza argitzen du Bessie Smithen biografiaren bidez, Bessie Smith liburuan. Zer iradokitzen zion blues musika beltzak zurien artean bizi zen haur beltz eskoziar bati? Modu finean azaltzen du nola sortzen duen musikak gure identitatearen hezurdura. Halaber, Jonathan Lethem idazle estatubatuarrak Talking Heads taldearen hirugarren diskoa analitikoki aztertzen du izenburu bera duen saiakeran, Fear of Music izenekoan (2012).

Musikaz idazten dutenean, askotarikoa da idazleen begirada, baita musikariena ere. Esate baterako, Nick Cavek Stranger than Kindness liburuan musikariaren sukaldea erakusten du. Liburuaren abiapuntua 2019an Copenhagenen antolaturiko erakusketa bat da. Horretarako, Cavek Ellisi Simoneren txiklea eskatu zion, ordura arte gorderik zuena. Objektua bidali baino lehen, zilarrezko bertsioak egin zituzten txiklea molde gisa erabiliz; hala, objektuak bizirik jarraitzen zuen. Ondo iritsi, etahor hasi zen bere ibilbidea eskultura gisa. Erlikia, fetitxe edota eskultura, sormenaren sinbolo baita hasieratik: Simoneren txiklea ez da txikle xume bat, zuzenekoaren aparteko indarraren sinbolo eta sormenaren akuilu baizik.

Caveren liburuan makina bat objektu erakusten dira, sortzailearen sukaldean fetitxeen beharra azpimarratuz. Fetitxe hitza portugesetik datorkigu; artefaktu ederra eta erabilera magikoa gurutzatzen dira fetitxean. Caveren eta Ellisen modura, Jarvis Cockerrek kultura materialaren eta narrazioaren arteko hibridazioaren bidez objektuen balio sinbolikoan sakontzen du Good Pop, Bad Pop liburuan.

David Byrnek How Music Works saiakera zoragarrian dio musikak egiten gaituela gizon-emakume. Hasieran hitza zela, eta hori ahotsa besterik ez dela, beraz, hotsarekin hasi zela gure erreinua. 1991ko emanaldian Town & Country aretoan geundenok jakin badakigu, edota 1999an Warren Ellisekin batera Royal Festival Hallen zeudenek jakin badakite, bizipen errepikaezin hori fisikoki gordetzeko ez dela baliabiderik, eta hutsune hori bete ahal izateko Ellisen hitzak ditugula bidelagun. Hitz batez, denok irten ginen fededun: Simone gurea zeruetan zarena, etor bedi zure erreinua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.