Altzagarate du jaioterri Ianire Aranzabek (Altzaga, Gipuzkoa, 1999), Goierri sakonean dagoen auzo txiki bat. 2021ean hasi zuen ibilbidea, bakarlari bezala, eta handik gutxira batu zitzaizkion beste hiru musikari, laukotea osatuz: Iñigo Asensio (teklatua eta korua), Arri Iraeta (bateria eta korua), eta Imanol Rubio (gitarra elektrikoa). Horrela sortu zen Esanezin. Aireratzen EPa eta Erretratu bat lehen diskoa kaleratu ostean, Hormetan idazten bigarren lan luzea eman du argitara. Ordiziarock jaialdian aurkeztu du diskoa, familiaren eta lagunen babesean.
Hormetan idatzi dituzu kantuak. Zer dela eta?
Kontzeptu aldetik, lehenengo aldiz espazio batean irudikatu ditut kantuak. Ez dakit zergatik, baina esaldi batzuk hormetan idatzita irudikatu ditut, ulertzen dudalako hormek ematen digutela batzuetan lotura bat munduarekiko eta bertan gertatzen diren gauzekiko. Baita gure arteko hausnarketa eta gogoetarako elkarrizketa modura ere.
Diskoa nola hasi eta nola bukatu bereziki pentsatu duzu?
Nik beti defenditu izan dut zerbaitegatik ematen diegula ordena bat kantuei. Istorioak kantu bakoitzaren barruan doaz, baina disko honetan bereziki pentsatu dut hasieran eta bukaeran. Diskoa hasten da esanez azken aldiek ez dutela abisatzen. Bukatzen dut aldarrikatuz batzuetan ez garela iristen, eta ez dela ezer ere gertatzen. Lasaitasun edo bake mezu batekin amaitu nahi izan dut.
2021ean hasi zenuen ibilbidea. Bilakaerarik nabaritu duzu?
Asko aldatu naiz, baina aldi berean nire bizitza ez da aldatu. Bilakaera oso naturala izan dut, eta horrek poztu egiten nau. Diskoz disko joan gara talde bezala bidea zabaltzen, eta gauzak poliki-poliki etorri dira. Momentu oro jakitun egon naiz eman ditudan pausoez, eta egin dudan gauza bakoitza disfrutatzeko eta asimilatzeko aukera izan dut. Batzuetan eskertuko nuke kontzertu gehiago izatea, baina uste dut gure kantuek egin dutela bidea.
Esan duzu kontzertu gehiago edukitzea gustatuko litzaizukeela. Batzuetan gehiago espero izan duzu?
Egia da dena oso markatuta dagoela. Erretratu bat diskoa 2023ko azaroan atera genuen, eta saiatu ginen lehenengo hilabeteetan aurkezpen bira bat egiten, baina oso kontzertu gutxi lotu genituen: hiru edo lau. Esan genuen: «Hauxe da dagoena, eta honekin aurrera egin behar dugu». Diskoak urtebete egin zuenean, atera genuenean baino kontzertu gehiago genituen.
«Sentitzen dut askotan proiektuen balioa berehalakotasunarekin lotzen dugula. Musikaren balioa kontzertu kopuru bat ematetik harago doa»
Diskoak bere bidea egin zuen.
Bai, eta kantuek ere denbora behar dute bidea egiteko. Ematen du dena momentuan nahi dugula, eta sentitzen dut askotan proiektuen balioa berehalakotasunarekin lotzen dugula. Musikaren balioa kontzertu kopuru bat ematetik harago doa. Artea egiten ari garen heinean, ez dut ulertzen nolatan espero duten denon bidea berdina izatea.
Larunbatean Ordiziarock jaialdian aurkeztu zenuten diskoa, atera eta hurrengo egunean.
Ordiziarocken jotzea berezia da niretzat. Musikari gisa hazten ikusi nauen kolektibo batek antolatutako ekinaldi bat da, eta izugarria izan da diskoa bertan aurkeztu ahal izatea. Ez dago leku aproposagorik. Gainera, nire bigarren etxean, Ordizian. Nire lagunak eta familia hor egon ziren, eta horrek lasaitu ninduen. Azpimarratu nahi dut Ordiziarock bezalako plataformei eta kolektiboei esker sustatzen dela musika.
Familiak berebiziko garrantzia du zuretzat, eta horren adierazle da Altzagarate, ezta?
Egiten ditudan gauza guztien oinarrian beti dago Altzagarate. Bitxia da, ez baita munduko beste ezer. Altzagarate fisikoki beti egon da, baina auzoarekiko sentitzen dudan lotura hori eta babesaren eta maitasunaren kontzeptu hori gure amonak sortu du.
Zure lehen kantuak Altzagarate du izena...
Hori da, eta uste dut zerbaitengatik izan zela hori ere. Iruditzen zait polita dela nire auzoari erreferentzia egitea. Disko honetan ez da zerbait pentsatua izan. Naturalki atera zitzaidan, sentitzen dudalako esaldi horretan —«Hau ez da Altzagarate, baina oso gertu gaude»—, niretzat Altzagarate badela maitasunaren gailurra. Maitasunaren adierazle oso garbia da.
«Egiten ditudan gauza guztiez hitz egin beharko banu, oinarrian beti dago Altzagarate. Auzoarekiko sentitzen dudan lotura hori eta babesaren eta maitasunaren kontzeptu hori gure amonak sortu du»
Musikak bigarren aukerak eman dizkizula esan izan duzu askotan. Zer da musika zuretzat?
Erantzuteko galdera oso zaila da. Abestiek balio dute gertatzen zaizkigun gauzei buruz pentsatzeko, hausnartzeko eta ulertzeko. Kanal oso zintzoa da, indartsua, benetakoa eta deskribatzen zaila dena. Nik sentitzen dut nire bizitzan ez dagoela ezer musikak bezainbeste eragiten didanik.
Batzuetan esaten da hitzez azaldu ezin diren sentimendu batzuk kantuen bidez errazago azaleratzen direla.
Halaxe da. Musikan hasi nintzenean, argi nuen proiektuaren izena Esanezin izango zela. Beti kosta izan zaidalako hitzez gauzak azaltzea, eta konturatu nintzen musikak ematen zidala hori egiteko beste bide bat, askoz ere naturalagoa.
Bide horretan nola ikusi duzu zeure burua?
Uste dut askotan musikarioi eskatzen digutela oholtzara igo behar dugula sekulako jarrera batekin. Nik aldarrikatzen dut igo zaitezkeela oholtzara lotsatia izanda ere. Musika beste leku batetik egiten dut, tristuratik, eta musika tristuratik egitea bada hautu pertsonal bat. Esanezin bada modu bat aldarrikatzeko musikaren bidez izan zaitezkeela oso sinplea, minimalista eta itxia, eta egin ditzakezula kantak zure nortasun horrekin.