'Haragizko erreformak'

Nitik gura, eraldatuz

Idazlea: Mari Luz Esteban. Argitaletxea: Pamiela.

2023ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Mari Luz Estebanen hirugarren poema liburua da Haragizko erreformak. Aurreko bietan landutako gai eta estiloan sakontzen du egileak kutsu autobiografikoko lan honetan. Atalek zentzu narratiboa ematen diote lanari, haurtzarotik helduarora doan kontakizunean. Bilakaera kronologiko horretan arbasoak ageri dira, aurreko belaunaldien soslaiak; hurrengoei ere lekua egiten zaie, ordea. Belaunaldi arteko transmisioa da gai nagusietako bat. Horrekin batera, afektua, gorputza eta memoria aipatuko nituzke, baina, oroz gain, identitateari buruzko lan bat delakoan nago.

Ildo intimo bat sumatzen da liburuan, betiere arrasto kolektiboari segika. Identitatearen osaketan jatorriak duen garrantzia aitortzen du poetak lehen-lehenik. Aitaren aldetiko Zamorako sustraiak, amaren Kastrexana, Burgosko Pedrosa de Valdeporresen igarotako haurtzaroa eta, azkenik, 1970eko hamarkadako Basaurin laketzea. Berezkoa denaren eragin baitezpadakoa dago, gatozen lekuaren ezinbestekotasuna, baina baita behin mundualdian barrena geure burua eta ingurua eraldatzeko ahalmena ere. Orainalditik sustraiei begirada berrien argitan so egitearen hautua ere bai. Hori horrela, jaiotzatik bertatik abiatu eta gero, genealogia bat entseatzen du egileak. Poema batzuk estanpa itxurakoak dira, espazio eta une jakinen deskribapen poetiko zehatz eta zuzen samarrak; bestetzuk, aldiz, oinordetzaren eta, ondorioz, identitatearen gaineko hausnarketa modukoak. Aipatutakoa liburuan zehar ageri den bitasunaren erakusle da, esan nahi baita autorea bi uren artean mugitzen dela, gogoetaren eta literariotasunaren ildoen artean, berez uztartzen zailak direnak.

Mintzo berria atalean identitatearen eraldatzean sakontzen da eta aurretik finkatutako bi parametroei, hots, langile nortasunari eta emakume izatearen kontzientziari, hirugarren bat batzen zaie: euskalduntasuna. Edonola ere, identitatearen ertzok elkarreraginean dabiltza liburuan zehar, elkarri gainjarriz, batak bestea osatuz.

Nortasun baten etengabeko bilakaera erakusten zaigu orriotan, alderdi pertsonalaz bezainbat politikoaz elikatzen dena. Beste era batera esanda, ingurukoekin batera doala garatzen norbera. Ni poetikoa izanagatik ahots nagusia, bestelako pertsonaiak ere aurki daitezke, Ezpain margoa hortzetan poemako emakumea, esaterako. Hurkoaren presentzia, ordea, gehienetan oihartzun baten legez nabarmentzen da.

Liburua aberatsa da gogoetagaietan, hausnarketa iradokitzaile ugari jaurtitzen baitizkio Estebanek irakurleari. Gogoetaren eta poetikotasunaren arteko oreka batzuetan behar bezala gobernatuta ez dagoela uste dut, baina. Lehenengoan esplizituegi tematzeak kamustu dezake-eta bigarrena. Oro har, lurrari gehien lotutako poemak antzeman ditut eraginkorrenak. Eszenen eta irudien bitartez poetikotasunari heltzen diotenak. Esan bezala, kamutsagoak gogoeta esplizituagootara jotzen dutenak, maila abstraktutik hurbilagokoak. Dena dela, esan dezadan unibertsala izan gura duen intimitatea dela liburukoa. Ez da poesiaren definizio txarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.