Musika

Noaingo Batailari musika jarri diote, 500. urteurrena dela eta

Tafallako Rotten XIII taldeak Noain abestia estreinatu du gaur, eta bideo batekin aurkeztu du, Nafarroa Berriz Altxa ekimenarekin elkarlanean.

2021eko maiatzaren 28a
14:42
Entzun

Ekainaren 30ean, 500 urte beteko dira Noaingo guduan (Nafarroa) Nafarroako tropek erresuma berreskuratzeko azkeneko saioa egin zutenetik. Horren harira, eta datorren urtean Amaiurko gazteluko (Nafarroa) setioaren mende erdia beteko dela-eta, Nafarroa Berriz Altxa herri ekimena aurkeztu zuten apirilean. Ekimenarekin lankidetzan, Noaingo batailaren inguruko kantu bat sortu du orain Tafallako Rotten XIII taldeak, eta gaur estreinatu du, bideo baten bidez.

Ahanzturaren lurrak irauli nahi eta ezin.
Arbasoen senaren legez berriz ekin.
Haiengatik, sortu edo hil.
Deika dugu geroa,
altxatu Nafarroa!
altxatu Nafarroa!

Hala abesten dute Noain kantuan. Endika Irisok, David Uriartek, Patxi Uriartek, Amaiur Esparzak eta Irati Palaciosek osatzen dute taldea.

Nafarrek 1521eko ekainaren 30ean egin zioten aurre Gaztelaren mendeko tropei, Getzen. Nafarroako Erresuma berreskuratzeko eginiko hiru saioetatik azkena izan zen.

Gertaera haien urteurrena ez da oihartzunik gabe pasatuko. Apirilean aurkeztu zuten Nafarroa Berriz Altxa ekinbidea, Iruñeko Ziudadelan. Leku hura aukeratu zuten, konkistatzaileek «Iruñea menderatu eta kontrolpean mantentzeko» eraiki zutelako gotorlekua. Ekainaren 19an manifestazioa egingo dute, Iruñean.

«Konkistatu gintuzten arren, ez gaituzte guztiz menderatu», adierazi zuten Amagoia Susperregi eta Joseba Compains bozeramaileek, eta burujabetzaren alde mobilizatzera deitu zuten: «Ez dugu eskumenik gure arazoak hemen kudeatzeko, eta Madrilgo aginte bakarraren menpe bizi gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.