Nafarroa Berriz Altxa mugimendua sortu dute, burujabetzaren alde

Erabakiak Nafarroan hartzeko «beharra» aldarrikatu dute. Manifestazioa egingo dute, ekainean

Gizarte mugimenduetan diharduten dozenaka lagunek aurkeztu zuten ekinbidea, atzo, Iruñeko Ziudadelan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
«Gizarte eraldaketarekin konprometitutako» Nafarroako hainbat pertsona bildu ziren atzo goizean Iruñeko Ziudadelan, «Iruñea menderatu eta kontrolpean mantentzeko eraiki zuten gotorlekuan», Nafarroa Berriz Altxa ekinbidea aurkezteko. 1521eko herri altxamenduen eta Noaingo eta Amaiurko (Nafarroa) guduen 500. urtemuga amutzat hartuta, aldarrikatu zuten Nafarroak «burujabetza berreskuratzeko beharra» duela, «erabakiak bertan hartu ahal izateko». Ekainaren 19an manifestazioa egingo dute, Iruñean.

Mugimenduaren sustatzaileek manifestu bat adostu dute, eta hainbat arlotan aritzen diren Nafarroa osoko 73 pertsonak sinatu dute. Horien artean daude feminismoan, euskalgintzan, lan eremuan, ekologismoan, pentsiodunen mugimenduan eta ikasle mugimenduan jarduten dutenak, bai eta intsumiso izandakoak eta errepresioa pairatutakoak ere. Hauek dira sinatzaileetako batzuk: Patxi Zamora, Beñat Jusue, Itxaso Torregrosa, Begoña Zabala, Joxe Lacalle, Edurne Leon, Xabi Gartzia, Sagrario Aleman, Beñat Hach, Eneko Villegas, Irati Ornat, Petti, Lur Albizu...

Nafarrek izaera «errebeldea» dutela adierazi zuten Amagoia Susperregi eta Joseba Compains bozeramaileek: «Konkistatu gintuzten arren, ez gaituzte guztiz menderatu». Ideia horri helduta, iraganean nafarrek «eskubideen alde eta eraso eta injustizien aurka» bultzatutako zenbait mugimendu zerrendatu zituzten; besteak beste, Espainiako trantsizio garaiko langile borrokak, abortuaren aldeko mugimendua, Itoizko urtegiaren aurkakoa, NATOren aurkakoa edota Altsasuko gazteen aldekoa.

Orain Nafarroaren burujabetzaren alde mobilizatzeko unea dela adierazi zuten. Izan ere, haien hitzetan, erabakiak bertan hartzeko «beharra» agerian utzi du du osasun krisiak: «Ez dugu eskumenik gure arazoak hemen kudeatzeko, eta Madrilgo aginte bakarraren menpe bizi gara». Horren ordez, eguneroko bizitzan eragiten duen orori buruz «libreki» erabaki nahi dutela nabarmendu zuten: «Hezkuntza, osasuna, lan harremanak, euskara, pentsioak, fiskalitatea, etxebizitza, berdintasuna, estatus juridikoa eta gainerako euskal lurraldeekiko harremana».

Agerraldian esandakoaz gain, sinatu duten manifestuan adierazi dute Nafarroak «bidegurutze historiko orotan konkistatu ezin duten subiranotasuna» azaldu duela, eta sortzetiko errebeldia horrek, «fosilduta egotetik urrun», gaur eguneraino ekarri duela herrialdea.

Halaber, jaso dute politika publikoak «gehiengoaren alde» jartzeko eta eredu sozial eta ekonomiko «bidezkoagoa» eraikitzeko lanabes politikoak eskuratzeko beharra dagoela, Nafarroa «berdinzaleagoa, inklusiboagoa, feministagoa, euskaltzaleagoa, berdeagoa, solidarioagoa eta, azken batean, burujabeagoa» lortzeko. «Memoria borondate bihurtzeko unea da, eta berau errespetatuta izan dadin, behingoz; beren etorkizunaren jabe bakarrak diren nafarrek askatasunez eta subiranotasunez adostu eta gauzatu dezaten».

Aurkezpenak aurki

Aldarrikapen horiek zabaltzeko, maiatz hasieran Rotten XIII taldeak egitasmorako sortu duen kantu bat aurkeztuko dute; maiatzaren 22an aurkezpenak egingo dituzte herri eta auzoetan; eta, azkenik, ekainaren 19an manifestazioa egingo dute Iruñean, Nafarroa berriz altxa, burujabetza askatasuna da lelopean. Informazioa eta materialaeskuratu daiteke nafarroaberrizaltxa.eus webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.