Literatura

Nobela beltzaren eta historikoaren arteko uztarketa egin du Edorta Jimenezek 'Kilkerren hotsak' liburuan

Edorta Jimenez idazle mundakarrak gaur goizean aurkeztu du bere azken liburua, 'Kilkerren hotsak' izenburua duena. Bere lan gehienak bezalaxe, Susa argitaletxearen eskutik ikusi du argia azken honek. "Irakurlearentzako irakurterraza izan dadin" idazten saiatu dela nabarmendu du gaurko aurkezpenean Jimenezek. Nobela historikoaren eta nobela beltzaren arteko nahasketa erabili du idazle bizkaitarrak ale honetan. 1937. urtean kokatzen da eleberria, eta Uriarte izeneko espioi baten ikuspegitik orduko giroa eta gertakariak ditu hizpide.

2003ko urriaren 9a
16:48
Entzun
Pertsonaia erreal ugari biltzen dituen lana da 'Kilkerren hotsak'. Robert Capa eta David Seymour argazkilariak eta Jay Allen eta Lauaxeta kazetariak dira, besteak beste, eleberri honetako pertsonaia aipatuenak, betiere, Uriarte espioiak abian jarritako hariari jarraituz. Historia eta nobela beltza tartekatu eta arintzeko amodiozko historia bat ere jorratzen du Edorta Jimenezek.

Jimenez eskarmentu handiko idazlea da euskal literaturaren unibertsoan. 'Atoiuntzia' (1990) ipuin liburua, 'Speed gauak' (1991), 'Azken fusila' (1993) eta 'Baleen berbaroa' (1997) nobelak dira idazle bizkaitarrak orain arte kaleratu dituen lan aipagarrienak.

'Kilkerren hotsak' eleberria 'Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan' lan erraldoierako pilatutako informazioaren ondorio da, lan horretarako eskuratutako datu asko pilatzen baititu gaur aurkeztu duen liburuan. Bigarren lan mardul hori hemendik bi hilabetera emango du argitara Susa argitaletxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.