IRITZIA

Nobelik gabe hobeto

Txuma Murugarren.
2016ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Zatozte lagunok, bildu hona, onartu ura handitu dela zuen inguruan eta aurki blaituko zaituztela, salbatzeko garaiz zabiltzatela uste baduzue hobe duzue igerian hastea edo harrien modura hondoratuko zarete, zeren eta garaiok aldatzen ari baitira» esaten zuen Bobek ni jaio nintzen urtean, baina egia esan funtsezko gauza gutxi aldatu dira geroztik, nahiz eta orduko eferbeszentziak eta konpromiso politiko eta sozialak beste zerbait iradokitzen zuten. Ez, gauzak bere hartan gelditu ziren, ez zen uholderik egon, eta kongresistei zein senatariei kargu hartzen zieten horiek senatari edo kongresista dira egun. «Aizak, Dylani eman ziotek literatur nobel saria, jode nola dagoen mundua!», esan dit nire lagunmin batek notizia smartphonean irakurri eta segituan. Eta nire burua sari hori emateko zeintzuk izan zitezkeen arrazoiak aztertzeari lotu zaio. Gauza gutxi dakit Dylanen literaturaz (orain horrela deitu beharko diogu, zeren museo batean erakusten den oro arte-lan bilakatzen baita), baina gauza gutxi horien artean, iruditeri kaletar, lumpeneko bat, erabiltzen zuela datorkit burura. Jim Morrisonen poesiaren tonu berbera atzematen diot, edo Tom Waitsen letra onirikoen usaina edo Lou Reed-en Walk on the Wild Side-n antzeko portreta garratzen mina. Eta hori zenbat gustatzen zitzaidan gogoratu naiz, zinez maite nuen bere jarioa. Segidan etorri zait burura D.A. Pennebakerrek Dylanek 1965ean Londresen egindako bira akustikoari buruz egindako dokumentala, Don't Look Back izenez 1967an estreinatu zena. Dylan gazte eta harro bat agertzen da bertan, jokabide zakar eta ankerra erakusten du tarteka kazetari edo miresleekin, idolo bat zela sinetsita zegoen ordurako. Dokumentala 90eko hamarkada ondo aurreratua zegoenean ikusi nuen eta bere musika eta letretan sumatzen nuena ez zetorren bat dokumentaleko Dylan horrekin. Gerora ezin serio hartu bere letretan jendearen tragedia txikiei egiten zien gorazarrea, «zer sentitzen da zure baitara bildurik egotean, etxerik gabe zaudenean, arrotz baten moduan, like a rolling stone», ezin sinetsi, artifizio literario hutsa zela begitandu zait geroztik.

Harritu nau sari honek, agian ez Bakearen Nobel saria Obamari eman ziotenean beste, baina hortxe-hortxe. Nobel sariek (humanitateetan esan dezagun) sinesgarritasun falta nabaria dute. Nahiago dut Dylan Nobelik gabe, Pennebakerren dokumentalik gabe, garai bateko Dylan, artean sinesgarri egiten zitzaidana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.