Nola forjatu orraziak

'Haizearen orrazia'-ren eraikuntzari buruzko erakusketa jarri dute Donostiako Museum Cemento Rezolan, 40. urteurrenaren harira

Maria Elosegi Itxaso, Museum Cemento Rezolako arduradunekin, erakusketan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
Donostia
2017ko apirilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kontxako badiaren ertz batean dago Haizearen orrazia, Eduardo Txillidaren eskultura multzoa. Mendiak eta itsasoak bat egiten duten lekuan, Donostiako hirigunetik urrunen gelditzen den badiako puntan. Nahiz eta izkina batean egon, hiriaren sinbolo ezagunenetako bat da, turista eta turista ez direnen argazkien marko ohikoa. Jarri zutenetik 40 urte bete direla, eraikuntza prozesua gogora ekarri du orain Añorgako Museum Cemento Rezolak; urriaren 7ra arte egongo da ikusgai erakusketa.

Argazki ugariren protagonista izan arren, ezezaguna da eskultura horiek hor jartzeko prozesua. Hala nabarmendu du Maria Elosegi Itxasok: lan horretan parte hartu zuen ingeniariaren alaba da, baita erakusketaren komisarioa ere. Dokumentazio andana egin du Elosegik Jose Maria Elosegi aitarekin batera: helburua prozesu horretan guztian parte hartu zutenei aurpegia jarri eta haien lana erakustea da, batetik, eta prozesu horren guztiaren dokumentu guztiak jasotzea, bestetik.

1977an jarri zituzten, azkenik, Haizearen orrazia osatzen duten burdinazko hiru piezak. Izan ere, urteetako prozesuaren azken urratsa izan zen: maiatzetik irailera jardun zuten lanean, eta, azkenik, irailaren 3an amaitu zituzten lanak. 1968an hasi ziren martxan. Herritar batzuek omenaldi bat egin nahi zioten Txillidari, erakusketaren baten bidez; hark, ordea, ezetz esan zuen, bere sorkariaren zati bat oparitu nahi ziola Donostiari.

Hamabost bat pieza txikiri jarri zien Txillidak Haizearen orrazia izena. Hasieran, horietako bat eskala handian ekoiztu eta jartzea proposatu zuen; baina ideia aldatu zuen gero, eta hiru piezako multzo bat izango zela erabaki. Erakusketan dokumentuak, planoak, argazkiak, Elosegi-Itxaso familiak utzitako marrazki originalak eta Txillida-Belzunce familiak utzitako Haizearen orrazia-ren sei zirriborro jarri dituzte ikusgai.

Muntaketa zaila

Txillidak berak aukeratu zuen eskulturen multzoa jartzeko lekua. Erronka ez zen makala. Batetik, pieza horiek egiteko zailtasunagatik —dituzten kurbadura guztiekin—. Bestetik, piezak garraiatzeko zailtasunagatik. Eta, azkenik, harkaitzetan finkatzeko maniobrengatik. Izan ere, bakoitzak bederatzi tona pisatzen du. Esaterako, trenbide bat imitatu zuten, Atotxako estazioak lagunduta, piezak garraiatzeko. «Orduan ez zeuden gaur egungo aurrerakuntza teknologikoak: pisu guztia aguantatuko zuten harriak behar zituzten. Modu egokian zulatu behar zituzten: garrantzitsua zen lehenengo ahaleginean ondo egitea, ez baitzegoen atzera-bueltarik», gogoratu du.

Prozesu hori guztia azaldu dute panel informatibo batzuen laguntzarekin. Deigarria da ikustea etxeen eraikuntzetan ohikoak diren aldamio horiak arroketan jarrita, itsasoa gertu dutela. Pieza bakoitzeko argazki sorta bat ere jarri dute, jartzeko prozesua kronologikoki erakusten duena: biradera bati eraginda ikus ditzake bisitariak. Erakusketa amaitzen denean, Haizearen orrazia-n bertan jarri nahi lituzke Elosegik prozesuaren inguruko datuak.

Jende andanak parte hartu zuen prozesuan, eta haiei guztiei egindako omenaldi gisa baliatu nahi du erakusketa. Txillidaren, Elosegiren eta Luis Peña Gantxegiren —plaza diseinatu zuen— izenak dira ezagunenak, baina dozena baten laguntza behar izan zuten. Guztien lanari balioa eman eta transmititu nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.