Nola gorde eta erakutsi

Euskal kultura, identitatea eta transmisioa ardatz hartuta, ekitaldi sorta bat antolatu du aurten Labayru fundazioak, 40. urteurrena ospatzeko. Gaiaz hausnartzeko, mahai ingurua egin zuten ostegunean Gaizka Arangurenek, Xabier Payak, Agurtzane Intxaurragak eta Ane Ortegak, Bilbon.

Gaizka Aranguren, Xabier Paya, Agurtzane Intxaurraga eta Ane Ortega, ostegunean, Labayru fundazioak antolatutako solasaldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2017ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Zopa orokorraren teoria: «Munduko komunitate bakoitzak zopa bat du. Osagai nagusia, ura, hizkuntza da, eta ingurune kulturaleko osagaiak sartuz hartzen du zopak zaporea. Zopen lurrinak pilatzean, euria egiten hasi, eta munduan dauden beste zopa eltzeekin nahasten dira. Horrek aberastasun izugarria sortzen du. Baina badira gainontzeko eltzeetara ur gehiegi bota eta zaporeak estandarizatzeko joera dutenak ere». Gaizka Aranguren kazetariaren arabera, zopa propioa egitea da euskaldunak munduari egin diezaiokeen ekarpenik handiena. «Desagertu egiten bada, munduaren aniztasunetik zerbait itzaliko da». Labayru fundazioak antolatutako euskarari eta euskal kulturari buruzko mahai inguruan izan zen Aranguren ostegunean. Kazetariarekin batera izan ziren Xabier Paya Donostia 2016ko kultur zuzendaria, Agurtzane Intxaurraga Hika Teatroko zuzendaria, eta Ane Ortega BAM irakasle eskolako Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika saileko irakaslea ere. Nork bere esperientziatik sortu du euskal kulturaren transmisioari buruzko ikuspegia.

Iruditeria kolektiboen gaiari heltzea beharrezkoa da, Arangurenen arabera. Eta ildo horretatik erabili du euskal zoparen metafora. «Nork bere zopa ondo gordetzeko, birsortzeko eta sortzeko estalkia egituratu behar du». Argi dio komunitate bateko kide izateko beharrezkoa dela erreferentzia bateratu batzuk izatea. «Eiffel dorrea, Napoleon Bonaparte eta Gerard Depardieu aipatuta, Frantziarekin egiten da lotura berehala. Zezenaren eta urdaiazpikoaren irudia ikusita, berriz, Espainian pentsatzen da». Bota du galdera jarraian: «Zein da Euskal Herriaren imajinario kolektiboa?». Euskal lurraldeen zatiketa administratiboaren eraginez, nahastuta daude erreferentziak, kazetariaren ustez: «Ez dira erreferenteak elikatu, eta argi izan behar dugu guk sortzen ez baditugu besteenak izango ditugula». Horregatik dio beharrezkoa dela zopa gordetzeko estalkia sortzea.

Nazioartera zer eraman

Mugez gaindi aritu da lanean Paya azken urtean, eta gertutik ezagutu du euskal kulturaren eta nazioartearen arteko lotura. «Euskal zoparen lehen osagaia ura baldin bada, zergatik ahazten dugu etxean, nazioarteko jatetxeetan aurkezten badugu? Euskal Herritik kanpora egiten dugunean, oinarrizkoa dena ahazten zaigu: euskara, alegia». Euskal kultura nazioartean zabaltzeko dagoen nahia ere jarri du mahai gainean. «Kanpora goazenean, ez dugu hizkuntza eramaten, baina zenbat jo nahi dugu nazioartera? Euskal sortzaileak edo euskalgintzako erreferenteak ez gara gai ingelesez hitz egiteko ere».

Euskal dantzek asmatu dute modernizatzen eta nazioartean zabaltzen, Intxaurragaren arabera. Baina ez da gauza bera gertatu antzerkigintzarekin. «Gorputzaren mugimendua unibertsala da, eta horrek ez du mugarik». Baina Intxaurragak azaldu du euskara oztopo gisa ikusi dela ikusle eta sortzailearen arteko komunikazio bidea hizkuntza denean. «Militantzia eskatu du beti». Gai unibertsalak lantzeko apustua egiten da gaur egun antzerkigintzan, eta joera hori bultzatzen dute sektorea diruz laguntzeko deialdiek ere. «Sorkuntza lanak euskaraz egiteagatik %5 gehiago lor dezakezu diru laguntzetan. Estreinaldia izatea da jartzen den baldintza, eta ez sorkuntza prozesua euskarazkoa izatea».

Hortaz, obra gaztelaniaz egin, eta ondoren euskaratzea nahikoa da hizkuntzaren gehigarria lortzeko. «Talde askok erabaki dute euskaraz ez ekoiztea; sarritan, bertsio bi egiteko diru laguntzetan jasotakoa baino diru gehiago xahutzen delako». Kontsumitzaileei dagokienez, Intxaurragak nabari du gaztelaniazko bertsioa aukeratzeko joera areagotzen ari dela. «Zenbakiekin neurtzen dugu dena, eta obra ikustera joan den ikusle kopuruan jartzen da arreta. Ondorioz, erdarazkoetara jotzen da zuzenean». Oro har, euskaldunen autoestimua igotzea beharrezkotzat jo du Intxaurragak. «Bestela, nola maiteminduko dugu jendea?». Harkaitz Cano idazleari entzundakoa izan du ahotan. «Mahai inguru batean aipatu zuen dekretuz behartuko lukeela jendea urtean 100 hitz ikastera. Bat nator ideiarekin».

Euskaldun berriengan dago gakoa, Ortegaren ustez, eta, norabide horretan, kontzientzia linguistikoa lantzea beharrezkotzat jo du. «Hizkuntza gutxitu baten hiztuna izatea zer den jakitea garrantzitsua da». Azaldu du azken hamarkadetan bikoiztu egin dela euskararen ezagutza. «Galdera berriak daude orain. Zeintzuk dira transmisiorako benetako gakoak? Zein da, gaur egun, euskal identitatearen barruan euskarak duen lekua?». Galderak erantzuteko garaia da, Ortegaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.