Nork bere bidea jarraituz iritsi dira ondoko lau idazleak idazle izatera. Trebatzeko erabilitako erreferentziak eta esperientziak jaso dituzte ondoko lerroetan, BERRIAk hala eskatuta.
JON ALONSO
Idazle ofizioa ikasten ahal da?
Bai, noski, zergatik ez? Askoz ofizio zailagoak irakasten-ikasten dira. Ofizioa ikasteak ez du esan nahi, baina, ofizioa ikasita primerako ofiziala izango zarena. Hori besterik da. Baina hori medikuei eta iturginei ere gertatzen zaie, igual-igual. Zaleak ginenoi, ofizioa ikastearen pistan Bernardo Atxagak jarri gintuen, aspaldi, Obabakoak liburuko bi ipuin gogoangarriekin: Ongi plajiatzeko metodoa eta adibide bat, eta Pitzadura bat elur izoztuan. Azken 30 urteko argitalpenen aniztea, partez, zordun zaie ipuinoi, zalantzarik ez.
KATIXA AGIRRE
Ez dut inoiz idazketa ikastarorik egin, asko irakurtzea izan da nire eskola, eta, behin idaztera jarrita, proba-errore metodoa. Bereziki eskertzen diet lagun idazleei beren idazlanak pasatzen dizkidatenean, iritzi eske, irakurraldi kritiko baten bidez ere asko ikasten delako. Intuizioak balio handia du idazle batentzat, baina horrek ez du esan nahi ikastaro edo eskuliburuek ez dutenik ezertarako balio: ziurrenik, lagungarriak izan daitezke kontu teknikoak modu sistematikoago batean barneratzeko edo begirada kritikoa zorrozteko.
ARANTXA URRETABIZKAIA
Txikitan, pentsatzen nuen idazle izatea grazia bat zela, zerutik heltzen zitzaizun grazia. Gogoan dut, oraindik, hamasei urte nituela errezatu niola Ama Birjinari dohain hori eskatuz.
Orain, pentsatzen dut idaztea ofizio bat dela, jardunean ikasten dena. Ile apaintzaile ona izatera iristeko, buru asko ukitu behar dira, mekanikari ona izateko eskuak motor askotan sartu behar diren bezalaxe.
Seguruenik, jardunarekin batera norbaitek teoria irakasten badizu, arinago egingo duzu bidea. Seguruenik, baina ez dut horretan esperientziarik.
HARKAITZ CANO
Originaltasunaren kontra. Ubu.com webguneari eta Nola galdu denbora Interneten mintegiari esker egin da ezagun Goldsmith. Bere tesia: idazketan ere, ekologia ez ote den gakoa. Idaztea baino gehiago, dagoena berrerabiltzen asmatzea. Sare sozialetan edozer gehitzen dugularik, nork bere autobiografia idazten dugu etengabe, bai eta, modu zeharkakoan, geure lagunen eta ezagunen biografia ere, ingurukoen hitzak eta irudiak ezabatu, hautatu eta sailkatzen ditugun heinean. Informazio masa ikaragarri hori kudeatzea litzateke kontua; Interneteko bilatzaileak eta askotariko softwareak estrategia narratibo gisara baliatu eta jada idatzitakoari testuinguru berri bat ematea. «Idatzi gabe», idazketa berri bat garatzea.
•Kenneth Goldsmith, Uncreative Writing(Columbia University Press, 2011) / Gaztelaniaz: «Escritura no-creativa»(Caja Negra, 2015)
NOLA IKASI IDAZTEN
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu