Internetek bere agerpena indar guztiz egin zuen arte (eta ondorioz, informazio erauntsi bat eskura izan genuen arte), 90eko hamarkada amaiera inguruan, betiko bizpahiru lagun musikazaleren gomendioek, anai-arreba helduagoen disko eta gustuek eta aldizkari edo irratsaio bakarren batek zedarritzen zuten musikazalearen bideorria. Iturri gutxi batzuk osatzen zuten galbahea, eta hartara, erreferentzialtasunak argiagoak ziren. Behin gustuko iturriak topatuta, errazagoa izaten zen gustuko edo intereseko zen harengana iristea. Besterik izaten zen, gustuko artista, talde edo disko horren jabe bihurtzea, irisgarritasuna ez baitzen horren erraza akaso. Musika eskuratzea abentura bat izan zitekeen. Atzerrira egindako bidaiak bihurtzen ziren maiz musika deskubrimenduetarako parada bikain, eta Londres zen totem nagusi. Egun, aldiz, ia edozein musikarako dugu sarbide erraza. Musikaren inbutua asko zabaldu da azken hamarkada eta erdian. Munduko musika guztia dugu eskura. Baina non dira galbahea egiteko erreferentzialtasunezko iturriak? Musikarekin lotura estua duten sei laguni egin diegu galdera hori.
GOTZON URIBE Kontzertu eragilea
«Gustuko ditut 'Pitchfork' eta tankerako aldizkari digitalak artista berriak ezagutzeko»
Bi disko ari da entzuten egunotan etengabe Gotzon Uribe. The XXen Coexist da bata. «Oso ona iruditzen zait, ekoizpen eta kontzeptu aldetik. Zuzenean haiek ikusten agian aspertuko nintzateke, baina diskoa ederra iruditzen zait». Bestea Bill Fay kantari eta piano jotzailearen Life Is People da. 41 urteren ondotik atera du diskoa musikari ingelesak. «Disko zoragarria». Musikaren mundua gertu gertutik bizi du Uribek. Musika kontzertuak antolatzen ditu Bilboko Kafe Antzokian eta musikari buruzko artikuluak idazten. Orain dela urte batzuk «informazio falta» sumatzen zuen, eta egun, ostera, informazio ugari dagoela «eskuragarri». «Sarritan gehiegi, galdu egiten naiz sarean murgiltzen naizen bakoitzean». Baina, hala ere, sarean murgildu behar musikaren egunerokotasuna jarraitzeko: «Orrialde ugari daude. Gustuko ditut Pitchfork eta tankerako aldizkari digitalak artistarik edo diskorik berrienak ezagutzeko. Amerikako Estatu Batuetako Amoeba musika denden kateak ere bere webgunean baditu gauza interesgarriak. Zenbait irrati digital ere entzuten ditut. Asko jarraitzen dut www.kexp.org Seattleko irratia». Irratsaio konbentzionalak ere entzuten ditu: «Gurean oso gustuko dut Fermin Etxegoienen irratigintza, egun Musikatea jarraitzen diot Euskadi Irratian. Podcast euskarria gogoko dut. Nahi duzunean programak entzuteko aukera zoragarria iruditzen zait».
Garai bateko erreferentzia eta agerkari paperezkoei ere ez die muzin egiten oraindik: «Ruta 66 eta Rockdelux aspalditik erosten ditut hilero, baita Mojo ere. Gero diskoetxeen newsletter edo berriparerak hartzen ditut, nobedadeekin, berrargitalpenekin etab».
Erreferentzialtasuna zerri edo nori eman erabakitzeko zein galbahe erabiltzen duen ez dauka argi, ez dauka bat finkoa. «Baina gustuko ditut kazetarien iritziak entzutea. Diego Manrique beti jarraitu izan dut». Eta erreferentzia bidez jasotako lehen diskoa zein izan zen ez du oroitzen, baina ia seguru dago Josetxo Anitua musikari eta DJa zenak gomendaturikoren bat izango zela: «Gogoratzen dut Kafe Antzokian elkarrekin egoten ginen bakoitzean esaten zidala: 'entzun al duzu disko hau? Izugarri ona da...eta beste hau? Soula egiten dute baina modu berezi batean...edo entzun al duzu talde honek bluesaren zer-nolako interpretazio pertsonala egiten duen?...'. Josetxo Anituarekin musika beste modu batera entzun eta ulertzen ikasi nuen. Berdin da zein den estiloa, kantuak onak diren bitartean. Sarritan gogoratzen naiz berarekin...».
ANDONI TOLOSA 'MORAU' Musikaria eta kritikaria
«Lehenik eta behin lagun musikazaleen aholku eta aipamenak jarraitzen ditut»
Amazon salerosketa webgunean kuxkuxean zebilela topatu zituen Andoni Tolosa Morau-k Cajun Swamp bildumaren azken bi aleak. Erreferentzia bidez eskuratu zuen lehen diskoa, aldiz, The Dransfields folk talde ingelesaren estreinakoa izan zen. Gunibarda diskoetxearen erreferentzia bidez jaso zuen: «Biniloa zen eta neuk orduan ez neukan kasetea baino. Lagun bati aldatu nion Pentangle taldearen zinta baten truke. Orduan ero moduan aritzen nintzen informazio bila eta ez zen erraza musika batzuen gaineko informazioa jasotzerik. Garai hartan diskoen karatulak ziren biderik errazena, ze musikarik jo duen zein diskotan, zein diskoetxek argitaratzen zuen... Izen batek beste bat ekartzen zuen eta azkenean halako konstelazio musikal txiki bat osatzen zenuen».
Gaur egun nahi denaren inguruko informazioa topatzeko «askoz ere aukera gehiago» dagoela dio. «Arazoa, hainbeste informazio maneiatzea da eta azkenean, uste dut, neuk behintzat, garai bateko estrategia berdinak erabiltzen ditudala. Lehenik eta behin, lagun musikazaleen aholkuak eta aipamenak jarraitzen ditut. Horretarako facebook adibidez nahiko tresna egokia gertatzen zait. Horretaz gain, adituen iturrietara jotzen dut, garai batean aldizkari espezializatuak ziren, eta gaur egun web orri, blog eta antzekoetara jotzen dut, baina funtsean lan bera egiten dute».
Garai batean ohikoa izaten zen disko dendara joatea ea zer nobedade iritsi ziren ikustera. «Itsumustuan aritzen ginen. Horregatik egun Itunes eta Amazonen buelta batzuk ematen ditut disko eta artista ezagunen erreferentzia bila». Ohiko prentsara ere (egunkari eta aldizkariak) jotzen du Morauk. «Aspaldi egiten ez dudana entzuketa kolektiboak dira, bizpahiru lagun bildu, alegia musika entzutera. Moduren bat bilatu beharko dugu hori egiteko...».
MIREN NARBAIZA Musikaria eta kazetaria
«Dagoen informazio guztiarekin, inpazientzia handiagoz entzuten dut»
Musika edo hari buruzko informazioa eskuratzeko galbahe lana nola egiten duen azaltzea «zaila» da Miren Narbaiza Napoka Iria taldeko kantariarentzat. «Hor subkontzienteak bere lana egiten baitu, eta ezin jakin noraino. Dagoen informazio guztiarekin, esango nuke inpazientzia handiagoz entzuten dudala musika berria. Ez banau konbentzitzen beste batera pasako naiz, denbora galduko dudanaren egonezina izan daiteke akaso. Agian ez diot aukera askorik ematen hasiera batean gustatzen ez bazait. Aurrerago, akaso posible da beste entzunaldi bat egitea baina printzipioz alde batera lagako dut. Musika asko dago ezagutzeko, denbora galtzen ibiltzeko...
Narbaizak etxean jaso zituen lehen musika erreferentziak, gurasoengandik eta «batez ere bere nebarengandik». «Horrela ezagutu nituen Alanis Morissette, Kashbad, Faith No More, Ama Say, Beti Mugan, Itoiz, Anari, Massive Attack, Moloko, Diamanda Galas, PJ Harvey, Tori Amos... Gero Anderri esker ere (Napoka) talde asko ezagutu ditut. Neil Young, Zea Mays, Damien Rice, Nick Drake, John Frusciante, Alison Krauss... Beraz, mugitu, sasoi hartan gutxi mugitzen nintzen musika eskuratzeko. Eskuetara heltzen zitzaidanarekin nahikoa eta soberan nuen...».
Musikari «garrantzi berezia» ematen hastearekin bat hasi zen aldizkariak erosten Narbaiza: Entzun, Rockdelux, Popular1... «Inoiz ez zait larregi gustatu izan musikari buruz irakurtzea, absurdu samarra iruditzen zait, nahiz horrela ere deskubritu izan ditudan hainbat talde, nahiago dut lagun batekin entzunaldia eginez taldeak deskubritzea».
Erreferenteak izatea egun zailagoa da Narbaizaren iritzian, «hamaika bide daudelako musika ezagutzeko». «Nik neure buruari galdetzen diot, gustatu zait? Zer eragiten dit? Merezi dit talde hau jarraitzeak? Argi dago, lehendik jarraitzen ditudan gustuko taldeek lan berria kaleratzen dutenean entzungo dudala». Kanpora egiten dituen bidaietatik musika ekartzea ere oso gustukoa du. Polonian egon berri da oraintsu. «Ekarri ditugu hainbat musikariren erreferentziak: Hey taldeko Nosowska, Anita Lipnicka, Kayak (Bregovicekin)... Beste bide batzuetatik eurengana heltzea zailagoa litzateke, bertakoei zuzenean galdetzearekin alderatuz. Hor ere emakumezko artistak deskubritzen saiatzen naiz, edo behintzat alde batera ez lagatzen». Generoen kontuan nahita egiten du galbahea. «Aspaldian emakumezko ahotsak edo musikariak bilatzen saiatzen naiz. Konturatu naizelako kontsumitzen dudan gehiena, anglosaxoia eta gizonezkoek egina dela. Modu horretan jakin dut Tune Yardsen berri, esaterako».
JOSEBA MARTIN Irrati esataria
«Iturri gehiago eta gehiegi dago, eta umorearen arabera batera edo bestera jotzen dut»
Radio Euskadiko La Jungla Sonora saioko gidariaren azken musika erreferentzia Sam Lee folk kantari ingelesa da. «Froots aldizkarian topatu nuen, bere badcamp-eko kantuak entzunda. Segituan konturatu nintzen kantari ona zela. Handik gutxira, Londresen dugun berriemaile bereziak, Andrew Cronshaw musikari eta ekoizleak, gauza bera esan zigun. Eta berehala saioan jarri dugu jendeak ezagutzea merezi baitu».
Lehen ingelesezko aldizkariak irakurtzen zituen, batik bat: Q, Voice, Uncut, The Rolling Stones, Mojo... «Horietarik oso gutxiri erreparatzen diet orain, batez ere Froots-i, zeina world music arloan espezializatua den». Bertako prentsa eta espainierazko aldizkariak — «Rockdelux eta Ruta 66, 1986tik»— ere jarraitzen ditu, eta «asteburuetako eranskin gehienak desagertu egin direnez», Interneten aritzen da informazio bila, «The Guardian, Radio France International edo Metacritic-en, besteak beste». Musikaren datu baserik onena, Allmusic.com da Martinen iritzian, eguneko kontuak ikusteko http://www.thisdayinmusic.com webgunean sartzen da, eta kantu zehatz bati buruz gehiago jakiteko wikipediara jotzen du. «Iturri gehiago eta gehiegi daude eta umorearen arabera batera edo bestera jotzen dut. Hitz gutxitan, erdi kaotikoa naiz bilaketan eta galbahea entzulearen ikuspegian jartzen dut. Junglero arrunt batek kantu hau onartuko luke? Erantzuna baiezkoa bada, aurrera!».
XABIER SAGARDIA Kazetaria eta musikaria
«Entzuten duguna ongi entzutea eta disfrutatzea da gakoa»
Lehen erreferentzia musikalak nerabezaroan iritsi zitzaizkion Xabier Sagardia Entzun aldizkariko koordinatzaileari: «Lagunek kasetetan egindako grabazioak ziren. Urte askotan, lagunak, irrati libreak (musika saioak grabatzen nituen), taberna jakin batzuetan jartzen zuten musika eta fantzineak izan ziren nire erreferentziak. Aldizkariak askoz ere beranduago etorri ziren». Hala ere, bere burua oso despistatutzat dauka, eta deskubrimendu asko zoriaren erruz izan direla dio. «Adibidez, Nirvana ezagun egin zenean eta jende guztia hartaz mintzo zenean, ni ez nintzen enteratu ere egin eta Weezerren disko urdinaz maitemindu nintzen telebistan bideo bat ikusi nuelako».
Egun oso argi dauka zer gustatzen zaion, zer soinu bilatzen duen. «Horren bila joaten naiz sarera, blogak, foroak, youtube.... Irratsaio espezializatuak entzuten ditut, musika denda espezializatuetara ere joaten naiz eta lehen egiten zen bezala dendariari disko hau edo hori pintxatzeko eskatzen diot egun ere. Lagun musikazaleek eta Entzun-eko kazetariek asko irakasten didate egunero». Sagardiaren ustetan, egun «errazagoa» da musika bilatzea. «Gakoa ez erotzea da. Ezinezkoa da guztia asimilatzea. Entzuten duguna ongi entzutea eta disfrutatzea da gakoa».
JOSE JOAQUIN FORCADA 'FORKI' Musika kazetaria
«Irratian promo bidez jasotzen ditugun erreferentzia asko nahiko komertzialak dira»
Ez dira asko izango musika erreferentziak Jose Joaquin Forcada Forki kazetariak adina maneiatu dituenik 8oko hamarkadatik aurrera. Urte luzez irratigintzan aritu da hango eta hemengo musikari eta proposamen berriak aireratuz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gaztemaniak programaren bidez beste horrenbeste egin du. Erreferentzien mundua «dezente aldatu» dela dio. «Orain arte irratian jasotzen genituen erreferentzi ugari promo orriak izaten ziren, orain internetetik jasotzen dira gehienak, Ritmoneten bitartez. Hala ere erreferentzi horiek nahiko edo oso komertzialak izaten dira».
Lehenago egiten zuen modu bertsuan aldizkari batzuk irakurtzen ditu oraindik ere Forkik: NME, Les inrocks, Magic, Wire... Eta horiez gain, web horri batzuk jarraitu (Pitchfork edo NPR music). Bestela, Radio 3 irrati kate espainiarrari dio fideltasuna.
Musika ezagutzeko bideak
Non du galbahea egun musikazaleak?
Musika entzuteko moduak soilik ez, erreferentzialtasuna topatu eta zehazteko moduak ere aldatu ditu Interneten masifikazioak. Erreferentzien inbutua geroz eta zabalagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu