Non egon, hala sortu

Lekuan lekurako garatutako proiektuak izango ditu ardatz 'Prototipoak' izeneko topaketak, Bilbon, maiatzaren 25etik 29ra

Prototipoak proiektuaren aurkezpena, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Ez da emaitza zehatza; lan egiteko modua da gakoa. Horrek batzen ditu Prototipoak izeneko Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Topaketako proiektu guztiak, eta Azkuna zentroan egongo dira, maiatzaren 25etik 29ra. Soinuarekin lotutako artelanak dira batzuk, arte eszenikoekin dute lotura besteek, edota baita arte plastikoekin eta argazkigintzarekin ere, baina guztiak dira espresuki hirirako sortutakoak, baita hiriko elkarte, eragile eta sortzaileekin batera sortutakoak ere. Horregatik Lourdes Fernandez Azkuna zentroko zuzendariak topaketez egindako deskribapen laburra: «Site Specific sorkuntza lanen bi-urteko moduko bat izango da Prototipoak».

David Marquez dabil koordinatzaile nagusi lanetan, eta lau komisario hautatu ditu programa garatzeko: Rosa Casado, Javier Duero, Mateo Feijoo eta Xabier Erkizia. Euskal Herriko eta nazioarteko artista sorta bana gonbidatu du haietako bakoitzak hiriko elkarte, eragile eta sortzaileekin harremanean hamabost proiektu garatzeko. Tartean dira Andres Senra, Flo Kasearu, Carlos de Hita, Maialen Lujanbio eta Oskar Alegria sortzaileak. Jadanik hasiak dira lanean, baina topaketen egun ofizialetan ikusi ahalko dira lehen emaitzak. Prototipoak.

Orain hiru urte antolatutako 3, 2, 1... Forma Eszeniko Berrien Nazioarteko Topaketa du oinarri egitasmoak. Antzerki, arte eta musikaren abangoardiako proposamenak biltzea zen jaialdi haren asmoa, eta amaiera data ere jarri zioten hasieratik. 2015ean amaituko zen proiektua, eta horregatik jarri zieten topaketei izenburutzat hirutik baterako atzerako kontaketa hori. Iaz, ordea, proiektu haren balorazio ona egin, eta egitasmo haren moldaketa moduko bat da Prototipoak. Bi urtean behin egingo dituzte topaketak, halere; zehaztu dutenez, horrek denboraz jokatzeko aukera emango baitie lekuan lekuko eragileekin harremanean lan egin ahal izateko. Izan ere, hori da topaketen erronka nagusia, Marquezek azaldu duenez. «Publikoarengana eta komunitatearengana nola hurbildu eta haiekin esperientzia artistikoak nola partekatu da erronka nagusia».

Gurdiaren zarata

Testu bat aipatu du Xabier Erkizia komisarioak, berak hautatutako proiektuen abiapuntu gisa. Testu bat, eta zarata bat. Izan ere, Catherin Lee Bates abestigile iparramerikarrak Bilboko zarata bati eskaintzen dio pasarte bat 1900. urteko Spanish Highways and Byways liburuan. Egiten zuten zaratagatik, urteak ziren hirian idi gurdiei sarrera debekatu zitzaiela, baina Batesek baserritar baten anekdota kontatzen du; nola joan zen lehenik gurdia eramateagatik isuna ordaintzera, eta nola gurutzatu zuen gero hiria gurdian isun hori itsatsia zuela. «Gurdi horren soinuak haustura bat markatzen du; garai zahar baten eta garai berri baten hasiera», zehaztu du Erkiziak. Zarata horren atzean hiria eraikitzen duten kontratu sozialak ikusten ditu komisarioak, eta, hain zuzen ere, kontratu horietan jarri nahi izan du begia berak ere hautatutako proposamen artistikoekin. Hiriaren zaratak biltzen dituen eguneroko moduko bat eta bi kontzertu berezi antolatu ditu horretarako. Azkuna zentroa eraikina geruzaz geruza isiltzea izango da saio horietako baten helburua, eta, horrez gainera, bi idi gurdi ere eraman nahi ditu hiria gurutzatzera.

Arte dramatikoak hautatu ditu Javier Duero komisarioak bere lan esparrutzat, eta hiriko mugimendu sozial eta artistikoekin lan egitea proposatu die Andres Senra eta Flo Kasearu artistei. Gorputza eta herri kirolak dituzte ardatz Mateo Feijoo komisarioak hautatutako proposamen artistikoek, eta, besteak beste, Azkuna zentroko erakusketa aretoa lorategi bilakatuko du Rosa Casado komisarioak hautatutako Kris Verdonck artistaren proiektuak.

Azkuna zentroa izango da topaketako proiektu gehienen erdigunea, baina zabaldu egingo dira proposamenak hiri osora.

Abangoardia. Hitza ez dute erabili, baina hori da Azkuna zentroaren asmoa, zuzendariak azaldu duenez, etorkizunean «oso ohiko» bilakatuko diren kultura lantzeko moduak frogatzea baita topaketen asmoa. Fernandez: «Kultura sortzeko modu berriak bilatzeko saiakera bat da hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.