Txillidaren mendeurrena

Nor da Txillida gaur?

Eduardo Txillidaren mendeurrena izan da egunotan, eta Pello Irazu, Maider Lopez, Sahatsa Jauregi eta Oier Iruretagoienaren hitzen bidez egin du BERRIAk haren ondare artistikoaren erretratua.

eduardo txillida artista bere obretako bati begira
Eduardo Txillida, bere artelanetako batekin. EDUARDO CHILLIDA-PILAR BELZUNCE FUNDAZIOA
Inigo Astiz
2024ko urtarrilaren 14a
05:35
Entzun

Izan zen nor. Gailur baten pare altxatzen da Eduardo Txillida artistaren figura XX. mendeko bigarren erdialdetik aurrerako euskal artearen historian, eta ezinezkoa da haren itzalari izkin egitea. Argi ikusi da hori asteazkenaz geroztik, orduan abiatu baitziren haren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko ekitaldiak. Erakusketa programa zabal eta esanguratsua antolatu diote artistari, eta, egunotan, hamaika profil eta iritzi artikulu argitaratu dira hari buruz, eta, oro har, hamaika laudorio ere bai. Baina bere obra monumentalekin, unean uneko gatazka politiko eta sozialekin izandako hartu-emanekin eta artea ulertzeko bere moduarekin, sasoi baten ikur ere bada Txillida, eta gaur egun aktibo diren lau euskal sortzailerengana jo du horregatik BERRIAk, haren artean emankor zein urruneko egiten zaizkien arloez galdetzeko. Maider Lopez, Sahatsa Jauregi, Oier Iruretagoiena eta Pello Irazu dira lau sortzaile horiek, eta haien erantzunek lagundu dezakete Txillida gaur nor den ulertzen.

Pello Irazu (Andoain, Gipuzkoa, 1963):

«Txillida munduan nola ikusten den, gorabeherak izango dira hor»

Pello Irazu
Pello Irazu. MARISOL RAMIREZ / FOKU

 

Eskalaren arabera bereizi ditu Pello Irazuk gehien interesatzen zaizkion Txillidaren lanak. Neurri txikikoak, batetik, eta, handiak, bestetik. Eta bi eskaletako bakoitzean ditu obra kuttunak. 1950eko hamarkadan Txillidak bere eskuz eta Hernaniko bere burdinolan (Gipuzkoa) landutako burdinazko pieza abstraktuak dira Irazuren obra txiki maiteenak. 1954ko Irrikatsua. 1955eko Musika isila. 1955eko Suari gorazarrea. 1957ko Burdin-ikara III. «Materiarekin bere burua neurtzen ari da hor eskultorea, eta gustuko dut Txillidaren momentu hori». Eta eskala handiko lanen artean, zalantzagabea da Irazuren aukera: Haizearen orrazia.

Burdin ikara iii eskulltura Eduardo Txillidarena
Eduardo Txillidaren Burdin ikara III eskultura.

Irazuren hitzetan, Txillidak Haizearen orrazia lanarekin lortutakoa «ez da askotan gertatzen». Alderdi askok bat egin behar dute horretarako, eta, Irazuk dioenez, guztiek bat egin zuten obra horretan. «Eta horrek zentzu berezi bat ematen dio artistaren lengoaiari». Gaston Bachelard pentsalariak 1952an jadanik aipatzen zuen proiektu hori Txillidak Parisko Maeght galerian egindako lehen erakusketako testuan, baina artistari ezinezko egin zitzaion muntatuta ikustea 1977ra arte. «Arazo tekniko handiak izan zituen», gogoratu du Irazuk, baina zailtasun horiei aurre egiteko erakundeek eta bestelako bitartekariek azaldu zioten babesa ere nabarmendu du artistak.

«Bitarte batean bezala». Hala geratu da Txillida, Pello Irazuk dioenez. «Oso bere garaiko artista izan zen, oso garaikidea, oso abstraktua eta oso poetikoa, baina, era berean, eskultura ulertzeko modu oso klasikoa da harena, masarekin, espazioarekin, bolumenarekin, argiarekin, presentziarekin eta antzeko kontzeptuekin lotutakoa». Eta hor sentitzen du Txillidarekiko distantzia Irazuk. «Ni justu harenaren ondorengo belaunaldiari lotuta bainago kontzeptualki, minimalismoari eta post-minimalismoari, esaterako, eta Txillida, justu, lehenago geratzen da. Errespetatzen dut, ulertzen ditut haren ahaleginak eta lana, eta oso artista inportantea da, baina nire lanerako ez. Ez dut sentitzen haren lanari lotuta nagoenik, nahiz eta hemen bizi, nahiz eta abstrakzioa landu».

«Oso bere garaiko artista izan zen, oso garaikidea, oso abstraktua eta oso poetikoa, baina, era berean, eskultura ulertzeko oso modu klasikoa da harena, masarekin, espazioarekin, bolumenarekin, argiarekin, presentziarekin eta antzeko kontzeptuekin lotutakoa». 

PELLO IRAZUArtista

Eta idulkia aipatzen du Irazuk bi ikuspegi horien arteko talkaren ikurtzat. Txillidarentzat, eta sasoi hartako beste artista askorentzat, idulkiaren gainekoa bakarrik zen artea, baina hurrengo belaunaldietako artistei jadanik ezinezko egingo zaie idulkia hor ez balego bezala jokatzea. «Txillidak eta haren belaunaldiko kideek eskulturari buruzko ideia transzendenteagoak dituzte, eta, gerokoontzat, eskulturak inguruan dituzten gainerako gauzen plano berean ari dira borrokan. Hor ikusten dut distantzia».

Behin topo egin zuen Txillidarekin, Madrilen. Kasualitatez. Baina, Irazuk dioenez, beti interesatu zaio gehiago artea, artistaren figura baino. «Ikonoklasta samarra izan naiz horretan. Guk jakin-minez artista bat ikusten genuenean, hari buruzko informazioa lortzen saiatzen ginen, baina gure interesa beti izaten zen artea, eta artearen historia. Txillida hartzen genuen, adibidez, eta zer beste artistarekin lotuta zegoen aztertu. Horrela ezagutzen genituen artistak. Eta era oso sakonean, gainera. Pertsonalki ezagutu edo ez, beste kontu bat zen».

Hain zuzen ere, Irazuk  erronka handi baten aurrean ikusten du Txillidaren obra, sasoiari lotuta egonik. «Baina ez da bakarrik nik nola ikusten dudan», egin du oharra. «Munduan Txillida nola ikusten den, nik uste dut horrek gorabeherak izango dituela. Artista klasiko bat da, merkatua dauka, museo askotan ditu lanak, baina jende asko dago orain, eta haren ingurukoek lan egin beharko dute haren lanak ikusgai jarrai dezan. Gauza hauek buelta asko ematen dituzte».

Maider Lopez (Donostia, 1975):

«Haizearen orrazia ez da objektu bat bakarrik: artelanak eraldatu egiten du lekua»

Maider Lopez artista
Maider Lopez. JUANAN RUIZ / FOKU

 

Lehen begiratuan, ia elkarren aurkakoak iruditu dezakete Txillidaren artelan monumental eta pisutsuek eta Maider Lopez artistak lekuan lekurako eta aldian aldirako sortzen dituen esku hartze arinek. Baina itxurazkoa baino ez da kontrakotasun hori. Lopezen lanetan, artelanak hartzen dituen testuingurua izaten baita maiz lehengai artistiko nagusia, eta, hain justu ere, hori da Txillidaren lanean gehien interesatzen zaion alderdia ere: «Paisaia natural eta urbanoarekin sortzen duen harremana». Eta bi obra aipatu ditu kuttunenen artean. Donostiako Haizearen orrazia da bata; eta Bartzelonako Creueta del Coll parkean hainbat burdinazko kableri esker ur gainean flotatzen dagoen 54 tonako hormigoizko Urari gorazarrea izenekoa da bestea, 1987an inauguratutakoa.

«Oso interesgarria da lan horiek lekuak sortzeko duten modua», jarraitu du Lopezek. «Haizearen orrazia-ri dagokionez, obra ez da objektu bat bakarrik. Hor jarritako hiru eskulturaren bitartez, askoz ere gauza gehiago sortzen ditu: artelanaren bitartez begiratzen diogu paisaiari, eta horrek eraldatu egiten du lekua». Eta antzera mintzatu da Urari gorazarrea obraren gainean ere. «Lekua berez ere bada oso interesgarria, baina artelanak horren beste irakurketa bat sortzen du, eta begirada kokatu. Artelanaren eta obraren arteko hartu-emana oso indartsua da».

Haizeen orrazia
Haizearen orrazia. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Materiala aurkezteko zuen modua da Lopezi interesgarri zaizkion alderdietako beste bat. «Keinu oso txiki batekin harriaren izaera aurkezten du, harria bera». Eta bere lan egiteko modua ere ikusten du keinu horretan Lopezek. Jadanik hor dagoena kontuan hartzea izaten baita bere esku hartze artistikoen erronketako bat.

«Urari gorazarrea obrari dagokionez, lekua berez ere bada oso interesgarria, baina artelanak haren beste irakurketa bat sortzen du, eta begirada kokatu. Artelanaren eta obraren arteko hartu-emana oso indartsua da». 

MAIDER LOPEZArtista

Bada, halere, Txillidaren proiektu bat Lopezi «oso problematikoa» egiten zaiona: Tindayakoa, hain justu. Eta aurreko lanak gustuko izateko dituen motibo ia berengatik iruditzen zaio problematikoa, gainera. 1990eko hamarkadan aurkeztu zuen Txillidak Fuerteventura irlako Tindaya mendiaren barruak husteko eta 50 metro kuboko hutsunea sortzeko asmoa. Protesta biziak piztu zituen proiektuak, ordea, eta bertan behera geratu zen lana azkenean. Zirriborro. Ekologikoki ez ezik, artistikoki ere bazaio problematikoa Lopezi. «Baina ez zen egin, eta, beraz, nahiago dut egindakoaz hitz egitea».

Eta, beraz, horra Txillidaren alderdien artean Lopezentzat emankorrena dena: «Objektuaren, paisaiaren eta ikuslearen artean sortzen den hiru norabideko harreman hori».

Sahatsa Jauregi (Itaparica, Brasil, 1984):

«Haren sentsualtasunagatik gustatu zitzaidan eskultura bat: hurbildu, eta, aiba, Txillida»

Sahatsa Jauregi
Sahatsa Jauregi. ENDIKA PORTILLO / FOKU

 

Txillidaren zer lan bereiziko lukeen erabakitzeko, memoriari ikaraldi bat eman behar izan diola onartu du Sahatsa Jauregi artistak. «Betidanik inguratzen zaituen paisaiari ez diozu hainbesteko arretarik jartzen», azaldu du. «Txillida oso modu erosoan txertatuta dago kulturan eta paisaian, eta, konfliktorik ez dagoen bitartean, horrek harengan arreta handirik ere ez jartzera zaramatza». Baina, dioenez, aldatu egin zen hori duela hiru urte, Donostiako San Telmo museoan Oteizaren eta Txillidaren lanekin osatutako Dialogoa erakusketa bisitatu zuenean. «Momentuan bertan ez nuen argazkirik atera, baina, atzera begira, gerora, disfrutatu egin nuen, eta, are, lan egiteko modu batzuekin identifikatua sentitzera ere iritsi nintzen».

Baina hori ere, memoria inarrosi ostean bakarrik identifikatu ahal izan du. «Nik oso modu intuitiboan egiten dut lan, eta, pentsatzen dut, hor nonbait, inkontziente kolektiboan edo, gordeta edukiko ditugula irudi horiek. Blaitu-edo egin gaituzte, agian».

«Hemen ez zait hainbeste gertatu, baina kanpoan nire lana horrela irakurri dute maiz, tradizio bat apurtzeko nahiaren barruan. Kanpotik etorritakoarekin lotuta dago hori, eta ez hainbeste nik bizi izan dudanarekin». 

SAHATSA JAUREGIArtista

Euskal Herritik kanpora joatean ohartu da, batez ere, horretaz. «Hemen ez zait hainbeste gertatu, baina kanpoan nire lana horrela irakurri dute maiz, tradizio bat apurtzeko nahiaren barruan. Kanpotik etorritakoarekin lotuta dago hori, eta ez hainbeste nik bizi izan dudanarekin. Arreta ematen dit horrek. Irudi du, kontakizun horren arabera, borondate kontziente eta posizionatu bat izan dudala tradizioari zer edo zer esateko, ia-ia konfrontaziotik, eta, noski, zer edo zer berria eta norberarena beti aurkitu nahi izaten du norberak bere lanean, baina ni ez naiz ohartu hor aurrean tradizioaren gudarostea izan dudanik, hari aurre egiteko. Kanpotik jasotako begiradatik heldu zait hori».

Artium museoan topatu zuen Txillidaren pieza batek «sorpresa handia» eman zion. Jauregik Flux Cored izeneko erakusketa osatu zuen han iazko udaberrian, eta museoko funtsak hartu zituen horretarako abiapuntutzat. Bilduma arakatzen ari zela topatutako giza enbor batek piztu zion arreta. «Zizelkatze ariketa bat izango zen, seguruenik, ariketa akademiko bat, bere lengoaia propioa garatu aurreko hasiera-hasierako Txillida batena, proto-Txillida bat, baina hor badago sotiltasun bat, sentsualtasun bat oso ederra iruditu zitzaidana. Pieza gustatu zitzaidan: hurbildu, eta, aiba, Txillida».

Topalekuak IV eskultura, Eduardo Txillidarena
Eduardo Txillidaren Topalekuak IV eskultura, Bilboko Arte Ederren Museoan zegoenean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Topalekuak IV. Eraikinaren handitze lanek iraun bitartean, Txillida Lekun dago Jauregik nabarmendu duen beste lanetako bat, baina Bilboko Arte Ederren Museoaren kanpoaldean egoten da zintzilik normalean. Eta hamasei tonako hormigoizko pieza horrek zintzilik egoteko duen moduagatik nabarmendu du, hain zuen ere. «Gustatzen zait elementu mekanikoak eskulturaren parte izatea. Pieza hori ez da berez sostengatzen, zintzilikatu egin behar da, eta, zintzilikatzeko, burdinazko aldamio bat asmatu behar da, eta gero, hortik altzairuzko kable batzuk atera, amu batzuekin. Elementu estruktural horiek beharrezkoak dira piezari airean eusteko, eta oso interesgarria egiten zait piezarekin nola integratzen diren, hari zer ekarpen egiten dioten, adibidez».

Eta Jauregiren lan batean baino gehiagotan ere ikusi daiteke Txillidaren piezan nabarmentzen dituen elementu estruktural horien zaletasuna. Verde Prato musikariarentzat sortu zuen agertoki eskegian, kasurako.

Eta, azkenik, Haizearen orrazia ere aipatu du Jauregik. Ez arantzarik gabe, ordea. «Paisaiarekin eta arkitekturarekin duen harremana oso interesgarria da, Luis Peña Gantxegik egiten dion plaza moduko horrekin». Eta orduan dator Jauregik obrari jartzen dion baina nagusia. Izena. Eta ez da pieza jakin horren tituluaz bakarrik ari. «Badu clickbait herrikoi baten zerbait. Haizearen orrazia entzun, eta mundu guztiak ulertzen du kolpean, eta berehala ikusten du eskulturak nola erlazionatzen diren espazioarekin. Ondo dago joera herrikoi hori, baina oso kitsch-a iruditzen zait».

Oier Iruretagoiena (Errenteria, Gipuzkoa, 1988):

«Obra publiko onak ditu, baina askotan arrisku faltaren sentsazioa izaten dut Txillidarekin»

OIER IRURETAGOIENA
Oier Iruretagoiena. JON URBE / FOKU

 

Gune publikoetako lanak nabarmendu dizkio Oier Iruretagoienak Txillidari. Eta bi adibide ere aipatu ditu. Donostiako Antiguako tuneletik gertu dagoen Flemingi omenaldia, eta Bartzelonako Topos V. «Bi horiek aipatzen ditut, behin baino gehiagotan pasatu izan naizelako aurretik, eta beti gustura topo egin izan dudalako berriz haiekin. Askotan ikusitakoak izanda ere, ez naiz aspertzen eta nekatzen, eta aldiro dute erakarpen indarra niretzat. Haren lanaren alderdi hori nabarmentzen dut, espazio publikoan lan egin izan duten artista oso gutxirekin gertatzen baitzait hori».

Iruretagoienaren hitzetan, salbuespen moduko bat bihurtzen du horrek. «Orokorrean, gauza txar asko egin izan dira espazio publikoan, eta egiten dira oraindik ere. Txillidak, batzuetan behintzat, jakin izan du materialak, eskalak eta kokalekuak sentiberatasunez lantzen. Haizearen orrazia-rekin ere gertatzen zait aipatutako beste bi eskultura horiei buruz esandakoa, nahiz eta hor garrantzi handia izan zuen Peña Gantxegi arkitektoaren lanak ere».

«Txillidaren lanen artean, eskuen marrazkiak gustatzen zaizkit gehien: oso ederrak dira. Ez naiz aspertzen hauskortasun moduko batean dauden trazu fin horiek ikusteaz».

OIER IRURETAGOIENAArtista

Iruretagoienak ez du ukatzen, halere, Txillidarekiko distantziarik. «Arrisku faltaren sentsazioa dut askotan haren lanekin, eta horrek urruntzen dit haren lana. Iruditzen zait estilo bat lortu zuela, eta askotan hura esplotatu eta errepikatu».

«Denok ditugu lan hobeak eta txarragoak: indar berezi bat dutenak, eta haien nolabaiteko imitazio erdipurdikoagoak ere bai. Baina, Txillidaren kasuan, badago halako homogeneotasun bat». Harridura falta du Iruretagoienak. Txillidaren erakusketa batean edo haren obrari eskainitako katalogo batean, «seriotasun dotore, garbi eta kontrolatu hori» espero du artistak, eta lan «asko eta asko» ikusi ondotik, «agortu» egiten zaio. «Pisutsu egiten hasten zait», dio. «Haren belaunaldiko beste artista batzuekin sorpresak izan ditzaket, haiengandik esperoko ez nituzkeen lanak topa ditzaket bat-batean, eta asko baloratzen dut hori. Txillidarekin, ordea, ez zait gertatu».

Eduardo Txillidaren esku marrazki bat
Eduardo Txillidaren esku marrazki bat. CARRERAS MUGICA

Eskuen marrazkiak dira Iruretagoienak maiteen dituen Txillidak. Etengabe marraztu zituen. Ezker eskuarekin. Eta, horregatik, badute beren mitoa ere. Txillidak berak kontatu zuenez, hasieran eskuin eskuarekin egiten baitzituen marrazkiak. Berezkoa zuen kasik, ordea, eta horregatik hartu zuen erabakia: ezkerreko eskuaz hasi behar zuen marrazten. «Azkarregi zihoan nire eskua, eta atzean uzten zituen burua, sentsibilitatea, emozioa eta artea lagundu behar duten gainontzeko guztiak. Esku abil bat baino ez zen hura, eta geldiarazi egin behar nuen. Arriskutsua zen. Lepotik behera marraztea zen hura, eta nik gizon osoak parte har zezan nahi nuen».

Eta erabaki hori da Iruretagoienak gustuko dituen aspektuetako beste bat. «Bere buruari zailtasun bat jarri nahi izan zion, eta, hain zuzen, gehien gustatzen zaizkidan lanetakoak dira eskuen marrazki horiek: oso ederrak dira. Ez naiz aspertzen hauskortasun moduko batean dauden trazu fin horiek ikusteaz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.