Noranzkoa adosteko unea

Plangintza orokor baten falta da kultur eragile gehienek nabarmentzen duten hutsunea. Eta oinarri hori ezartzeko lehen urratsak egiteko izango dira bihar Durangon antolatutako topaketan.

Inigo Astiz
2014ko otsailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Haizeak ez du alde jotzen, eta norabidea adostu beharrean daude. Ekaitz moduko baten erdian irudikatzen dute beren burua Euskal Herriko kultur eragileek, eta biltzeko deia egin dute horregatik. Durangon (Bizkaia) batzartuko dira bihar, eta ia kultur sistema osoa deitu dute antolatzaileek: sortzaileak, kultur antolatzaileak, hezkuntza eragileak, kultur kazetariak eta baita kultur hartzaileak ere. Sorkuntzatik kontsumora arte doan soka osoa kontuan hartu nahi izan dute, eta goizetik arratsaldera arte arituko dira hizketan. Bakoitza bere esparrutik, baina guztiak batera. Guk gEUre Kulturaz izendatu dute bilkura. Topaketa horren atarian, han izateko asmoa azaldu duten hainbat kultur eragile elkarrizketatu ditu BERRIAk, beren kezken berri jaso eta igartzen dituzten hutsune eta indarguneez aritzeko. Eta hor dator ekaitz moduko horren aipamena, orokorra baita sentipena. Noranzkoa adosteko unea da. Egungo egoera ez da ona, eta etorkizunerako estrategiak hitzartu beharra dago. Hori da biharko erronka, eta etorkizunekoa.

KRISTIAN AMORENA Musikaria eta MIE elkarteko kidea

«Hemen bada potentzial handia, baina oso gaizki gestionatua dago»

Indarra badago; norabidea falta da. Kristian Amorena Damba musika taldeko kidea aritua da kanpoan lanean, eta ezagun du bertako egoera ere. Argi du diagnosia: «Nik ikusi dut Euskal Herrian badagoela potentzial handia, dirutza bat, baina oso gaizki dago gestionatuta. Hemen norberak egiten ditu bere gauzak, unean-unean. Gastatzen du diru kopuru jakin bat, eta besterik ez. Uste dut ordua dela plangintza orokor bat lantzeko. Hori landu behar dugu benetan, eta horri heldu behar diogu orain». Izena emana du Durangoko topaketarako, eta norabide hori hitzartzeko urratsak egitea litzateke haren helburua.

«Kritikoa da egoera». Eta Amorenak bat egiteko beharra azpimarratu du horregatik. «Musikari askok du hozkailua hutsik. Oso zail da jendeak hortaz duintasunez ezer ateratzea. Ez naiz ari erraten hortik bizitzeko, baizik eta zerbait ateratzeko zure lanaren ondorio gisa. Gero eta zailago da». Baina baikor da, halere: «Garai egokia da ikusteko ea elkarrekin posible dugun topo egitea, eta benetako proiektu kultural bat ematea Euskal Herrian. Orain arte, eskaintza hori ez da inoiz egituratua izan, eta ez da egin plangintza logiko eta zabal bat». Eta hori da topaketatik atera nahi lukeena, norabide hori. «Zenbatu behar dira denen beharrak, eta proiektu handi bat martxan ezarri».

Jadanik abian da egituratze hori, Amorenaren hitzetan. MIE Musikaren Industriaren Elkartearen lana aipatu du adibide gisa. Musika etxeak, soinu teknikariak, musikariak eta beste hainbat profesional biltzen ditu elkarteak, eta Amorena ere bada haren parte. Azaldu duenez, azken urteetan gora egin du elkartzeko joera horrek, baina urrunago joan beharra dagoela uste du. «Produktu eta eskaintza asko dago, baina falta da logika bat eta plan orokor bat». Eta mapa hori sortzeko lehen harria jarri nahi luke Durangoko topaketan.

ENRIKE LETONA Hartzailea eta Emun kooperatibako kidea

«Geure herrian bertan ere ez gara hegemonikoak»

Kultur hartzaile modura eman du izena Enrike Letonak Durangoko topaketan. Eta bada kultur hartzaile, baina baita hori baino gehiago ere. Emun kooperatibako kide ere bada, eta euskara da haren kezka iturrien ardatz: iraganetik datorren hizkuntza fluxu horren iraupena. «Azken urteetan, hizkuntza ekologia entzuten da asko; uste dut egokiagoa dela kultura ekologiari buruz hitz egitea. Kezkatzen nau herri moduan eutsiko ote diogun gure kulturari, gai izango garen transmisioan asmatzen eta kulturan funtsezkoak diren jarraipena eta irekidura modu egokian erabiltzen». Eta hor igartzen du hark ere Amorenak aipatutako hutsune bera: norabide falta.

«Euskal kulturak eta kulturgintzak zein misio du? Zein ibilbide egin behar du? Frantziak, adibidez, dirutza gastatzen du bere kultura eta hizkuntza indartzen. Guk baino baliabide indartsuagoak ditu, noski, eta, hala eta guztiz ere, beldur da, munduan hegemonikoak diren beste kultura batzuen beldur. Geurera itzuliz, geure herrian bertan ere ez gara hegemonikoak, hainbat herritan izan ezik, eta arlo politikoan ez dugu egin hausnarketa serio eta bateratu bat gure kulturaren lehentasunak zeintzuk diren adostu eta norabide berean ekiteko. Euskal kultura zer den definitzeko ere zailtasun handiak izango genituzke». Baina igartzen du elkarlanerako gogoa, eta, dioenez, horri eutsi behar zaio.

Garrantzitsua da hori, azpimarratu duenez. Urrats inportantea baita, haren ustez, batera egindako urrats bakoitza. «Herri egitasmoek eta administrazioek elkarrekin lan egin behar dute, adostasun bakoitza guk irauteko urrats txikia izango delako». Baina Letonak hartzailea ere sartzen du ekuazioan. «Sortzea eta eskaintzea funtsezkoa da; azken horretarako, bitartekariek beren lana egin behar dute ekoizpena hartzaileengana iritsarazteko. Eta hartzaileak ere badu bere egitekoa: gozatu, eskatu, erosi, gozatu, hausnartu, gozatu, emozionatu, goxatu, ikasi, gozatu, kritikatu, gozatu…».

JASONE PARADA Antzerki ekoizlea Artedrama antzerki laborategian

«Zaletasuna baldin badago, horrek ondorio positiboak ditu»

«Antzerkiak beharrezko du bestea». Baina, hain zuzen ere, horren falta sumatzen du maiz Jasone Paradak, beste horrena: publikoarena, alegia. Artedrama antzerki laborategiko kide da, eta ekoizpen kontuak eramaten ditu han. Dioenez, hori du kezka nagusia maiz: «Publikorik izango dugun edo ez». Konpainiak euskaraz bakarrik lan egiten du, eta horrek berezi egiten du beren kasua, Paradak dioenez. «Gure lanek iraupen bat dute beti. Barkoxetik Balmasedara eta Ondarroatik Tuterara, hor mugitzen gara gu, eta hor saiatu behar dugu publikoa gerturatzen». Ez da beti erraza izaten, ordea. Goizean herri batera heldu, arratsaldean saioa eman, gauean alde egin: «Ez daukagu denborarik herri horretan askorik eragiteko». Eta areto bakoitzeko arduradunen menpe egon behar, haien eragiteko gaitasunaren menpe.

Badute sarea eraikitzen joateko beren metodoa, halere. Saiatu egiten dira, behintzat, Paradak azaldu duenez. Bestea antzerkira joaten ez bada, antzerkia eramaten dute bestearengana: «Markina-Xemeinen (Bizkaia) antzerki talde bat baldin badago, hara joan, eta laguntzen saiatzen gara; edo saiatzen gara Aulestin (Bizkaia) antzerki ziklo bat egiten; edo saiatzen gara antzerkigile gazteei laguntzeko Zubi izeneko proiektua martxan jartzen... Egiten ditugu gure antzezlan propioak, baina, gero, saiatzen gara bidexka batzuk irekitzen beti antzerkiaren alde, eta horrek erraztu egiten du hurbilpena». Pozik mintzo da Parada ildo horretan lortutakoarekin, baina gehiago ere egin daitekeela uste du. Erraztu egin behar litzateke antzokirako bidea, ez antzezlan batzuetarakoa soilik, ez antzerki konpainia batzuetarakoa soilik; antzokirakoa, orokorrean. Ohiturak sortzea da gakoa, Paradaren hitzetan. «Antzerkiari ongi joaten bazaio, guri ere ongi joango zaigu. Zaletasuna baldin badago, eta herri bateko antzokia astero betetzen bada, horrek oso ondorio positiboa izango du, baita gu kontratatzen ez bagaituzte ere».

Durangon izango da ostegunean, baina onartu duenez, itsuan doa hara; espektatibarik gabe, baina entzuteko prest. «Ea jendeak zer ideia dituen, eta ea guk zer eskain dezakegun egiten dugunetik».

IXIAR GARCIA Artista eta Karraskan sareko kidea

«Uste baino konexio eta transfusio gehiago dago»

Ahotsak interesatzen zaizkio Ixiar Garcia artistari, norbanakoak. Eta hor dator baina. Hor igartzen du hutsunea. «Ohikoak ez diren hausnarketak, desioak, bizipenak, interesak, adierazpenak eta abarrak partekatu eta garatu ahal izateko une eta guneen falta sumatu dut». Karraskan Euskadiko Sormen Esperientzia Sareko kide ere bada horregatik. «Niretzat, oso baliotsua da etengabe harremanetan jartzea taldeen artean, gure inguruan daukagun indar sortzailearen berri izateko eta elkarren artean indar eta energia transfusioak egiteko. Horrela, denon artean irudikatu ahal izango dugu gure inguruan daukagun sarea. Uste baino konexio eta transfusio gehiago dagoela sentitzen dut, eta hori aurrez aurre bizitzean, benetan indartu egiten naiz». Horregatik izango da Durangon. Karraskan sarea da, gainera, topaketaren antolatzaileetariko bat.

Baikorra da Garciaren mezua; ingurua aurka izan arren ere, baikorra. «Sentitzen dut bizia dagoen bitartean gaitasun infinitua daukagula inguruan kalte egiten diguna transformatzeko, nahiz eta lagungarriak ez diren baldintzez inguratuta egon etengabe».

ERIKA LAGOMA Bertsolaria

«Kalitatezko sorkuntza nahi badugu, sortzaileak babestu behar ditugu»

Babes falta igartzen du Erika Lagoma bertsolariak, eta hori du kezka: sortzailearen bakardadea, nolabait ere. «Sortzetik bizitzea ia ezinezkoa da. Oso bizi apustu ausarta egin behar da horretarako. Gustuko ditugun sortzaileak miresten ditugu, baina dena iruditzen zaigu oso garesti: liburu bat, kontzertu baterako sarrera... Kalitatezko sorkuntza nahi badugu, sortzaileak gehiago babestu behar ditugu».

Parte hartze handiagoa behar dela uste du, eta azaldu du zergatik. Ez du uste programazio artistiko soiltzat ulertu behar litzatekeenik kultura; gehiago nahi luke, eta euskarazko sorkuntzari dagokionez, bereziki. «Kultura ezinbesteko tresna da hizkuntzarako atxikimendua gauzatzeko, eta gurea bezalako egoera soziolinguistikoan, berebiziko garrantzia hartzen du». Horregatik da hankamotza, haren ustez, programazio soiltzat hartzea kultura, eta aurrerako proposamena ere egin du. Norabidea hitzartu beharraz mintzo da Lagoma ere: «Beharrezkoa da kultur mugimenduak artikulatzen jarraitzea, baina norbere eremutik at estrategia eta noranzko bateratuak adostu behar ditugu».

CARLOS JUAREZ Euskal Produktoreen Elkarteko lehendakaria

«Gure arteko deskonexioa goratzen dute kultura monopolizatu dutenek»

«Lehen ere prekarioa zen kultur oinarria are gehiago murrizten ari dira, krisiaren aitzakian». Hori da Carlos Juarez Euskal Produktoreen Elkarteko lehendakariaren kezka. Dioenez, gainera, «errentagarri ez diren azpiegitura publikoak» laguntzearen alde apustu egin dute erakunde publikoek, lanpostuei «nahitaez» eusteko, eta ekimen pribatuaren kalte izaten ari da hori. Gainera, egoera ekonomiko honetan kultura «elitista» bultzatzen ari dela uste du, «gizartearen zatirik handienari eskuraezina zaiona».

Zinemagintza du lanbide Juarezek, eta zinemagintzak dituen hutsuneak nabarmendu ditu horregatik. AEBetako ikus-entzunezko enpresa nagusiek merkatua kontrolatzen dutela dio, eta horrek «oso ahul» uzten ditu euskal produktoreak; lehiarik ez dago. Baina urrunago ere jo du. «Estatuko medioek ekoizpen propioari izen ona kentzeko kanpaina egin dute, errentagarritasun arrazoi ekonomizistengatik. Merkeagoa da kanpoan erostea». Onartu du alde onik ere, ordea. Merkatu interes horien bazterrean egonik, handiagoa da sorkuntza askatasuna.

Badu aurrera egiteko formula proposamenik ere. «Ikus-entzunezko sektorearen aldeko apustu argia egin behar da, ez iraupen politiken aldekoa. Eta epe luzerako plana behar da, epe motzera ekiteari utzi gabe». Koordinazioa, babesa eta publiko berrien sorkuntza ere aipatzen ditu landu beharrekoen artean; hori aipatuko du Durangoko topaketan. Izan ere, esparruen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, batasun beharra. «Gure ahultasuna eta gure arteko deskonexioa goratu egiten dute kultura monopolizatu dutenek».

IGOR OTXOA Sortzailea eta kultur antolatzailea

«Hiru gune administratibotan banatuta egoteak zailtasun erantsiak dakartza»

«Frankotiratzaile gisa ibili gara, gure artean behar bezala elkarlana sustatu gabe eta helburu eta estrategia argirik gabe. Zergatik egiten du lobby-a automobilgintzaren sektoreak, gu isilik gauden bitartean?». Galdera horrekin, argi azaldu du bere iritzia Igor Otxoak. Bekatu guztiak ez dira besteenak. Oreka TX taldeko kide da, eta baita kultur antolatzaile eta Donostia 2016 proiektuko kideetariko bat ere. Beretik ari da orain, ordea, sortzaile eta kultur antolatzaile gisa izandako esperientziatik. Eta onartu du kulturgileen kulparen partea: «Ez dugu erreakzionatu, eta bakoitza gure aldetik ibili gara azken hamarkadetan, ikuspegi estrategikorik gabe». Orain arte, behintzat. Hori aldatzea baita Otxoak nahi lukeena.

Bada zeren aurka atera, dioenez, larria baita egoera. Otxoaren hitzetan, indar handia du «globalizazio uniformatzaileak», eta aniztasuna zapaltzen ari dela uste du. Kezka orokor horrek Euskal Herrian dituen ñabardurak azaldu ditu: «Gurean, Frantziako eta Espainiako kultura hegemonikoak gailentzen dira, eta estatu egitura ez izateak eta hiru eremu administratibotan zatitua egoteak zailtasun eta oztopo erantsiak dakartza». Haren ustez, kulturari ez zaio behar besteko garrantzirik aitortu Euskal Herrian, eta ez zaio aitortu sektore ekonomiko gisa duen pisu eta potentziala ere. «Horren adierazle argia da instituzioetako aurrekontuetan kulturak duen ehuneko apala eta garrantzi txikia».

Baikor da biharko topaketari buruz. Norabidea adostu beharra aipatu du Otxoak ere, eta analisia elkarrekin egin beharra. Bakoitzak beretik, baina batera; batera, baina bakoitzak beretik. «Nire ustez, ez da partxeak jartzeko garaia; irtenbideak integrala behar du izan, non pieza bakoitzak bere garrantzia izanen duen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.