Katuajeak

Norbait

Lorea Agirre.
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Gizon emakumeen lan baldintzak berdindu egin omen dira, horrela diote egunkariek, baina beherako bidean. Alegia, ez dituzte emakumezkoek eskubide gehiago eskuratu, gizonezkoek galdu baizik. Ez baita berdina gizonen pare izatea eskatzea, edo emakumeen pare izatea eskatzea. Berdintasunaren norabidea, zu eta nire artekoa, ez da berdina zugandik niregana, edo niregandik zuregana. Nahiz bakoitza dagoen tokian egon. Ez dut gizonik ezagutu emakumeekin parekatzea eskatzen duenik. Ez dituzte gure eskubide berberak izan nahi. Ulertzekoa da. Emakumeek gizonen eskubide berberak nahi dituzte. Hain zuzen bakoitza dagoen tokian dagoelako. Eta tokiak dira desberdinak.

Eta gizonezkoek tokia dute leku guztietan. Festetan, kalean. Inauterietan, demagun, egun hauetan bertan. Emakumez jantzita. Konkistatutako espazioak gorde egin behar dira, eta horregatik, emakumeek festa ere hartu dezaten baino lehen, emakumeen errepresentazioa hartzen du gizonezkoak, horretarako emakumez mozorrotuz. Gizonezko, emakumezko eta animaliazko, mozorro guztiek azpian gizon bat eramatea izan da ohitura.

Hala interpretatu izan da antropologiatik. Zu geratu zaitez etxean, asko jota kale bazterrean begira eta txalo joka, nik egingo dut zure papera, izango naiz emakume, neuk egingo dut festa. Hori ere indarkeria —barka hitza, badakit zatarra dela edozein modu erabiltzea— izan liteke. Sinbolikoa. Ezda fisikoa, ez zaitu hilko, ez ubelduz markatuko, ez da ikusten, baina muga, debeku, irain eta gutxiagotasun sentimenduz josiko zaitu. Zure lekuan jarriko zaitu. Hori baino ez. Indarkeria sinbolikoa, enfin, onargarria ere izan liteke. Fisikoa ez. Horregatik, asko jota emakumeari bere burua defendatzen erakutsi behar zaio erasotzailearen aurrean —normalean bizikide du, auzo, lagun, ezagun, ugazaba—. Autodefentsa ikastaroak boladan daude.

Bi feminista erradikal, Ada eta Luz, hitz eta diskurtsoez gogaituta daude eta ekintzara saltoa egiteko ordua dela erabaki dute: indarkeriari indarkeriarekin erantzutea da autodefentsa onena. Prentsan iragarki labur bat jarri, prostitutak balira. Zita baterako deitzen ditu Galiziako gobernuarekin harreman estua duen eraikuntzako enpresa gizon ezagun batek. Hoteleko gelan bertan tiroz hiltzen dute. Gorpuaren gainean txarteltxo bat: puta hiltzaileak. Hedabideetan agertzen da notizia: agintari, alderdi, sindikatu, emakume talde, kultur koordinakunde, eliz gizon... Demokrata diren guztiek gaitzesten dute ekintza. Erreportajeak han eta hemen. Haizatzen doa kontua. Parisen antzeko hilketa bat gertatzen da. Berlinen eredu bertsuko beste bat. Milanen geroago. Txarteltxo bera frantsesez, alemanez, italieraz. Al Kaedaren komando autonomo horien modura. Ulergaitzena ez da indarkeria bera, emakumeek egitea baizik. Nolatan hasi dira emakumeak gizonezkoak hiltzen? Ze arrazoi dute horretarako? Larriena emakumeek egitea da, denok dakigu indarkeria eta emakumea ezkon ezinezko bi hitz direla. Naturaz, kulturaz, elizaz eta politikaz. Ezin dira emakumeak izan, terroristak dira.

Unha puta percorre Europa, Alberto Lema galiziarraren lehen eleberria da. Beharrezkoa den beste liburu horietako bat. Beste begirada bat, beste eztabaida bat. Eta bide batez, beste behin, eta agian kasualitatea izango da, baina hizkuntza minorizatu batetik datorkigu bestelako literaturgintza bat.

Nik ere ez dut emakumeen pare izan nahi. Emakumeei ukatzen zaien eskubide eta aitortzen zaien bizikera, pentsaera, ibilkera, janzkera eta ahoskera ez ditut nahi. Indarrean dagoen emakumea izan nahi ez duen eta indarrean dagoen gizona ere izan nahi ez duen norbait naiz ni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.