Norbere margoaren gamak

Aiziritzen, Eneritz Zabaletak, Maddalen Arzallusek eta Ramuntxo Christyk lortu dute Xilaba bertso finalerako sailkatzea

Eneritz Zabaletak lortu zuen puntu gehien saioan. SYLVAIN SENCRISTO.
Beñat Zamalloa Akizu.
Aiziritze
2014ko azaroaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Jendeak maite du lehenik umorea». Argi du hori Ramuntxo Christyk, eta umorearen bila ibili zen Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdian. «Helburua bada jendeari plazer ematea bertsotan. Hori bilatzen dut nik: jendea pozik uztea». Nahiz kanporaketan gai serioekin «ongi moldatu» zen. Umorea izan zen Christyren margoa Aiziritzeko Herriko Gelan (Nafarroa Beherea). Bertaratu ziren 280 bat bertsozaleak margoarekin gehien zipriztindu zituena izan zen Christy, zale gehien bildu zuena ere bai. Nabaria zen kantatzera zihoanean, eta nabari zen kantatzen zuenean. Margoaren intentsitateari gehiegi kolorgetu gabe eutsi zion, eta bere margoa finalean erakutsarazteko atea ireki zion horrek. Xilabako finalean aurrenekoz izango den bakarra da, Sustrai Colina, Eneritz Zabaleta, Maddalen Arzallus, Odei Barroso eta Xumai Murua aurrez finalean izanak baitira.

«Zirtoa eta umorea» emango dizkio finalari Christyk, Zabaleta Aiziritzeko irabazlearen arabera. «Jendearekin beti konektatzen du. Gaur ere ikusi da. Jendeak anitz maitatu du, eta nik ere anitz maitatu dut», zioen igandean, saioaren ondotik. Zortziko txikian eta kartzelakoan lortu zuen Christyk bere helburua bete-betean betetzea. Zortziko txikian ehiztaria izan zen Aitor Servierrekin batera. Servier ehiztariak hegazti ikerlari bat eraman zuen usategira Chistyri jakinarazi gabe. «Azaldu behar dakot / orain dutan kezka / jakin behar duzu hau / ez da Organbidexka», bota zion Christyk. Gai horretan sortutako giroa baliatu zuen kartzelan umorea indartzeko.

Zabaletak ez zuen tonu bereko hitzik bere lana balioztatzeko. «Pixka bat galdua bezala» sentitu zen saioan, eta une batez «larritu» ere egin zen: «Pentsatzen nuen kalera nindoala». Ordura arte kolore garbirik bilatu ezinik, ohi duen gisan hamarreko txikian erakutsi zuen kolorerik berezkoena. Egoitz Zelaia bikotekideak astebetez Belokeko monasteriora pentsatzera joateko erabakia jakinarazi zionean kokatu zituen gaiak. «Azkenaldian ainitz / daukazu frailetik / neri adarrak jarri / zenizkidanetik», zehaztu zuen gaia Zabaletak aurrenekoan. «Denbora behar duzu / ez dut behar etsi / zugan behar dut oino / pixka bat sinetsi / niretzat zira horren / eder ta berezi; / baina gureak, Egoitz / ote du merezi? / Zailtasun bakoitzean / baitzoaz ihesi», kantatu zuen gero.

Zortziko txikian izan zuen une txarrak indarrak bilarazi zizkion Arzallusi: «Pentsatu nuen horretaz gehiago ez pentsatu eta aurrera egin beharra zegoela. Hortik aurrera hobeto sentitu nintzen, eta hamarreko txikian nahiko gustura eta kartzelan gusturago». Hamarreko txikian arrazoiketan ibili zen fin. Aitor Servier eta Arzallus bi aktore izan ziren. Euskal gatazka gaitzat zuen film batean parte hartzea proposatu zieten, eta, Servier ez bezala, Arzallus ez zen ados. «Zineman ikusteak / emango dit pena / zinemara joan gabe / ikus daitekeena», bukatu zuen bertsoetako bat. Kartzelan gusturago ari zela sumatu zen. Hau zuten gaia: «Atea itxi duzu, eta ez duzu hona itzuli nahi». Amets Arzallusek azken Txapelketa Nagusian plazaratutako doinuarekin bi bertso on josi zituen; ez zuen, ordea, berak itxi atea kontakizunean. 2008an finalera iritsi zen, eta hurrengo urtean utzi egin zuen bertsogintza. Aurten itzuli da Xilabara. «Tripako minak eta urduritasunak-eta berberak dira. Txapelketa honetan sentitzen naiz lehendabiziko aldia balitz bezala», zioen.

Etendako pintaketak

Patxi Iriart zein Servier kanporaketako saioan baino «lasaiago» sentitu ziren Aiziritzen. Hala ere, hiruzpalau aldiz trabatu ziren bertsoa kantatzen ari zirela. Dena den, Iriartek behin baino gehiagotan lortu zuen umorez aritzea. «Betelanean eta bertsoa egokiago egituratzen» hobetu beharra ikusten du Iriartek: «Batzuetan, ez hain hutsa uzten hastea». Hiruzpalau aldiz trabatu izana zuen «arantza bakarra» Servierrek.

Zelaiak Xilabarako lortu nahi izan zuen kolorea azaldu zuen: «Ahalegin berezia egin dut aurten gustagarri egiteko jende gehienari. Askotan burua joaten zait ihesi, eta ez da denen ulergarritasunean sartzen nire bertsokera». Helburu hori lortzeko, soiltasunerantz jo zuen. Batzuetan garbiagoak eta emaitza hobekoak eta besteetan nahasiagoak izan ziren Zelaiaren koloreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.