Bost egun falta dira oraindik Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako, baina Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak jada aurreratu du nork jantziko duen txapela. Sebastian Lizaso bertsolaria arduratuko da lan horretaz; garaikurra nori jantziko dion da orain koska. Igandean jakingo da. 14.600 bertsozale bilduko ditu Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokako emanaldiak, 450 boluntario baino gehiago izango dira lanean, eta zortzi bertsolari arituko dira kantuan: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre. «Zortziko bikaina da», adierazi du Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak: «Saio borobil bat egiteko gaitasun bermatua dute». Zortzikoteko bertsolariek, berriz, azaldu dute aldi berean «ilusioa», «motibazioa» eta «ardura» dela finalean egotea. Haietako bakarrari jarriko dio txapela Lizasok, ordea.
Edukia da finalean berri izango dena, zeren eta, gainerakoan, orain lau urteko finalaren ildo berean joango da igande honetako saioa ere: orduko ariketa berak egingo dituzte bertsolariek; orduko leku berean arituko dira; eta Unai Iturriagak hartu zuen lekua Agirrek hartuko duelako ez balitz, orduko ia talde bera izango da oholtzan. «Nobedade handirik ez da izango: duela lau urteko patroi berean jokatuko da txapela», onartu du Muruak. 09:00etan irekiko dituzte ateak, 11:00etan hasiko da bertsoaldia, eta bitan zatituko du eguna bazkariko etenak. Buruz burukora pasatuko dira arratsaldean emanaldian puntu gehien lortzen dituzten bi bertsolariak, eta 20:00etan jakingo da nori jantziko dioten txapela.
Aski ezagun du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia Lizasok, eta horregatik hautatu dute bera sari nagusia emateko. 1982an izan zen lehenengoz final batean, eta 1986an jantzi zuen bere lehen txapela. Txapeldunorde izan zen gero 1989an eta 1997an, eta oso harrera ona izan du beti bestelako bertso saio eta plazetan ere. «Lizasoren ibilbide osoari aitorpena egiten dio horrela Bertsozaleen Elkarteak», adierazi du Muruak. Plazetan lagun izan duela ere igarri zaio, gainera, emandako azalpenetan. «Izugarrizko ekarpena egin duen bertsolaria da. Bertsolari moduan pedigria duela esan dezakegu, azkarra, ondo betetzen dituena plaza ez ezik, lagunartea eta bertsoa ere. Nik uste dut hizketan baino hobeto bertsotan ulertzen zaien bertsolari bakarretakoa dela».
Beren maila emanda
Amets Arzallus da txapelketan orain arte kantatu ez duen bakarra, finalean izango diren zortzi bertsolarien artean. Berak irabazi zuen txapela orain lau urteko finalean, eta aurten postua ziurtatu dio horrek BECen. Orain arteko saioei jarraipena egin diela aitortu du, halere, eta, dioenez, oso ongi ikusi ditu kideak. «Nik uste dut bertsolari hauek hemen baldin badaude eserita berriz, lehen zeuden lekuan, horrek berak erantzuten diola galderari. Seinale da beren maila eman dutela. Uste dut bertsoaldi gogoangarri batzuk egon direla, eta txapelketaz harago helduko diren bertso batzuk ere bai. Talde honek bertsogintzan ematen duen maila aski berezia da».
Oholtzan kantatu gabe egonik,gogoz dagoela onartu du Arzallusek. «Orain arte ez dut kantatu, eta ez dakit gehiegi neure burua, nire arrazoien zorroztasuna eta nire sasoi puntua nola esplikatu: nik neuk ere galdera marka bat daukat finalera begira». Esan duenez, ordea, «aski barneratuta» sentitzen da txapelketan jadanik.
Ilusioa eta ardura aipatu ditu Maialen Lujanbiok ere. Berak ere badaki txapela janztea zer den. 2009an irabazi zuen finala, eta txapeldunorde gelditu zen 2013an Arzallusekin buruz buru aritu ostean. Lujanbiok dioenez, zail egiten zaio igandean zer aldarterekin helduko den pentsatzea, baina azaldu du nola egon nahi lukeen. «Neurtu ezin den lanbro horretan bakoitzak ahal duena jarriko dugu, baina neurtu ezin den lanbro anbiguo horretan, nik eskatuko nuke argitasuna eta zorroztasuna, ideiak argi izan ditzadala, denon artean saio on bat osatzeko».
Umorea baliatu du Aitor Mendiluze bertsolariak finalerako aurreikuspenak azaltzerakoan. «Neure burua nola ikusten dudan? Barreak sortzeko arriskuarekin, esango nuke ikusten dudala soil. Aurreko saioetan jolaserako tartea izan dut, eroso sentitu naiz oholtzan eta taldean, eta hortik planteatu nahi dut finala». Final batean kantatzen duen bosgarren aldia izango du igandekoa. Puntu zenbatekoari baino gehiago, bertsoen nolakoari begiratu nahi diola ere gehitu du, ordea. «Pretentsioak ez dira hainbeste postuari begirakoak, bakoitzak eman dezakeenari begirakoak baizik».
Publikoa gogoan hartuta
Hirugarren finala izango du igandekoa Aitor Sarriegi bertsolariak, eta publikoa hartu du gogoan. «Ni ere gogotsu nago», onartu du. «Orain arte eroso xamar sentitu naiz txapelketan, eta antzeko tenplearekin iristea gustatuko litzaidake igandera. Denok amestu dugu saio borobil hori egiten dugula, gu eta entzulea ere betetzen gaituen saio borobil hori, eta saiatuko naiz saio hori igande honetan izan dadin».
Finala «ona» izango dela uste du Igor Elortzak, dioenez, saioak badituelako horretarako behardiren osagaiak. Laugarren finala izango du berak, eta ilusioa eta ardura aipatu ditu aldi berean. «Zortzi bertsolari batuko gara, zein bere ikuspegi kritikoekin, zein bere egiteko modu estetikoekin, eta milaka lagun hemen egongo dira, eta beste milaka irrati, telebista eta Interneten; hori aukera handia da, eta ardura handi bat ere bai. Eta neure burua horretan dago oraintxe bertan: erronka horri maila ideologiko eta artistikoan ondo erantzuteko nahia eta aldartea topatzen». Final lehiatua izango dela ere gaineratu du, eta, azaldu duenez, final lehiatu horretan «ahalik eta urrunena» iristea izango da bere asmoa.
Sustrai Colinak ere ardura eta ohorea aipatu ditu, baita motibazioa ere. «Niretzat, motibazioaren, ohorearen eta arduraren arteko nahasketa bat da. Motibazioa, erakusleiho handi bat delako. Ohore bat, kantukide hauekin jai eta egun hau pasatzea ohore bat delako. Eta ardura bat, hasteko, bertsotan nik egin nahi dudan bezala egiteko tenplea bilatu nahi dudalako: barruan dudan bertsolari hori atera nahi nukeelako». Edonola ere, partez kolektiboa ere bada Colinak aipatzen duen ardura hori. «Ardura kolektiboa, plaza hau euskal kulturaren eta herrigintzaren plaza oso garrantzitsua delako. Badakit hemen kantatzen den bertso on bat gogoratu egiten den bertso bat dela, eta horrelako bertso asko uzteko gosez eta egarriz nago». Bosgarren finala izango du berak igandekoa.
Aurpegi berria
Bigarrenez izango da, berriz, Beñat Gaztelumendi final batean, eta «oso gogotsu» eta «tentsio puntu batekin» dagoela esan du. «Oso pozik nago hona iritsi naizelako, eta ez dakidalako berriz iristerik izango ote dugun». Pozik dago txapelketan orain arte egindakoarekin, baina, dioenez, gehiago eman dezakeen sentsazioa ere badu, eta hori izango du helburu igandean. «Topikoa da, baina nik bertsotan egiteko gogoa daukat. Eta bertsotan egitea da gaiei ertzak bilatzea, gaiak lurrera ekartzea, gaiei sentsibilitate berri batzuetatik edo ahal den ikuspegi diferenteenetatik heltzea, eta horretara joango naiz, eta dena emango dugu».
Lehenengoz izango da finalean Unai Agirre bertsolaria, eta, esan duenez, «ohore bat» izango da hori harentzat. «Final honetako aurpegi berria naizela esaten dute, baina ez naiz berria: zaharrena naiz zortzietan!». Ziurrenik, helburu «lausoenak» ere berak dituela esan du, baina saio «dotore» bat eginda bukatu nahi lukeela. «Horrela, jasotako sari honek beste kolore bat izango luke». Bera pozik, beraz, saioa orokorrean polit joango balitz. «Alboko hauekin batera final on bat eginda, ni behintzat konforme geratuko nintzateke».
Bertsolariez gainera, zazpi epaile izango dira finalean: Ekaitz Elorriaga, Eneritz Azkue, Eneko Bidegain, Joseba Santxo, Mirari Azula, Nerea Bruño eta Zigor Leunda. Eta lau aurkezlek gidatuko dute saioa: Maite Berriozabalek, Inazio Usarraldek, Saroi Jauregik eta Joana Itzainak.
Astinduarekin, pozik
Orain arte txapelketak egin duen ibilbidearekin pozik azaldu da Murua. «Oso gustura gaude, sortu duen ilusioarekin, bertsoak izan duen lekuarekin eta eraginarekin, zaleen txisparekin, bertsogintzan eman zaion astinduarekin, bertsolariek egin duten etxeko-lan handiarekin, eta oholtzan aniztasun bikainean erakutsi diguten horrekin guztiarekin». Horregatik, «bermatutzat» jo du saioaren kalitatea ere.
Mintzola terraza ere jarriko dute aurten. Nazioarteko ahozkotasunaren ikertzaile, aditu eta inprobisatzaileak bilduko dira bertan, eta elkarren arteko harremanak estutzea da antolatzaileen asmoa. AEBetako, Erresuma Batuko eta Euskal Herriko Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkariak izango dira terraza horretan. Murua: «Ikertzaileez gain, kantu inprobisatuko bestelako adierazpideetako ordezkariak ere izango ditugu». Sardiniakoak, Galiziakoak, Kurdistangoak, rap abeslariak eta beste bilduko dira bertan, Muruak azaldutakoaren arabera. «Gonbidatu horiei berehalako itzulpena eskainiko zaie, gaztelerara eta ingelerara, baina terrazako gonbidatuei soilik».
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundia da txapelketaren babesle nagusia, eta bertsolaritzak euskal kulturgintzan duen erreferentzialtasuna nabarmendu du horregatik Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak. Haren hitzetan, ereduzkoa da bertsolaritza kulturgintzan. «Transmisioa bermatuta dago, ezagutza bermatuta dago, eta hedapena ere bermatuta dago».
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaren aurkezpena
Nork bai, baina nori?
Sebastian Lizaso bertsolariak jantziko dio txapela igandean BEC erakustazokan Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko irabazleari. 2013ko finalaren egitura bera izango du saioak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu