Donostiako 60. Zinemaldia

Nork bere buruarekin bakea egin

Carlos Sorinen 'Días de pesca' filmak alkoholiko ohi baten goxotasunerako bidaia kontatu du, xumeki

Carlos Sorin zuzendaria eta Alejandro Awada aktorea, atzo Donostian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Carlos Sorin zinemagileari «hunkigarria» iruditzen zaio alkoholikoek eta drogazaleek mendekotasunetik askatzeko egiten duten ahalegina. Marcos Tucci, hain zuzen Sorinek zuzendutako Días de pesca filmeko protagonista, 52 urteko alkoholiko ohi bat da. Mendekotasunari aurre egiteko denbora-pasaren bat bila dezala gomendatu diote, eta marrazoak arrantzatzea aukeratu du. Patagonia haizetsura joko du, eta goxotasunerako bidaia bat egin, bere buruarekin bakeak egiteko asmoarekin. Zeregin horretan, badu, ordea, egiteko garrantzitsuagorik: alaba aurkitzea.

Aitaren eta alabaren arteko harremana da, zuzendariaren iritziz, «pelikularen funtsa». Sail Ofizialean aurkeztu zuten, atzo, eta Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko da. Zuzendari argentinarrak «aspalditik» zeukan horrelako istorio bat kontatzeko intentzioa. Protagonistaren rolerako hiltzekotan zegoen gaixo batengan pentsatu zuen hasieran, «baina garrantzitsuena arimaren muina denez», alabaren bila dabilenaren aldeko hautua egin zuen. «Emaztea edo senarra abandonatu dezakezu, baina alaba, ordea, inoiz ez».

Badira bost urte baino gehiago Tucci emaztearengandik bananduta dagoela eta ez duela Ana alaba ikusten. Badaki Patagonian bizi dela, eta jo du harantz, Buenos Airestik hegoalderantz, auto batean. Eremuak berak, paisaia infinituak, itsasoak, haizeak, berebiziko pisua dute filmean. Sorinek azaldu zuen zergatik: «Arnasa hartzea erabakitzen du, ingurunez aldatzea, eta zein toki hobea, Patagoniako haize freskagarria baino». Alejandro Awadak jokatu du alkoholiko ohiaren rola, eta harentzat, halako lekuetan «nahigabe ere» konektatu behar du norberak bere arimarekin.

Prentsaurrekoan egon zen atzo, Sorinekin eta ekoizleeetako batekin batera. Gustu handiz, argi eta patxadaz erantzun zituzten, batez ere, kazetari argentinarrek edo herrialde hartako kuriosoek egindako galderak. Esaterako, protagonistak zer sentitzen zuen azaltzeko eskatu zitzaion Awadari: «52 urte dauzka, eta norabidea aldatu nahi du; daukan bizitza mingarria edertu nahi du». Haren ustez, «benetako nahitasunekin», existentziaren «gorentasunarekin» konektatzen saiatuko da. «Ez dakit zer gertatuko zaion, baina ahalik eta bizitza ederrena eduki dezala opa diot».

Ixiltasuna eta anbiguotasuna

Tucci ez da oso morroi hiztuna. Sorinentzat, esaten ez dena esaten dena baino garrantzitsuagoa da. «Ixiltasunak anbiguotasunaren abantaila dauka. Horrek lanean hasteko aukera ematen dio ikusleari berari». Gidoia eman ziotenean, Awada segituan konturatu zen Sorinena zela. «Gauza txikien unibertsoa sumatu daiteke, uneena». Tuccirekin «enpatizatu» zuen Awadak, eta «zehatza zein soila» izateko prestatu zuen bere burua. «Une bakoitzean nota egokia jo behar izan dut».

Hain zuzen, Awada bera eta Ana alabarena egiten duen Victoria Almeida dira aktore bakarrak. Agertzen diren gainontzeko pertsonaiak aktore ez direnek egin dituzte, Sorinen beste lan batzuetan gertatu bezala. «Zaila da haien freskurara heltzea, eta horregatik behar da aktore pazientziadun eta eskuzabal bat lagundu ditzan», adierazi zuen zuzendariak. Izan ere, aitak eta alabak izan ezik, inork ez du rol paperik jokatu. Ostatuko harreragilea, jatetxeko zerbitzaria, gasolindegiko langilea, arrantzarako gida... Horien gainetik, ordea, nabarmentzen dira Oscar Ayala boxeo entrenatzailea eta Cococho Godoy boxeolari ohia, garai batean irabazitako munduko txapeldunaren gerrikoa lapurtu zuena. Sorinek aitortu zuen boxeoari buruzko film bat egingo duela noizbait, «ia-ia zinema baino gehiago gustatzen baitzait». Awadari, berriz, iruditzen zaio «oso aberasgarria» dela aktore ez direnekin lan egitea, «azalekokeriak eta aurreiritziak kentzen dizkizulako».

Bosgarren aldiz aurkeztu du film bat Sorinek Zinemaldian. Gainera, sariak irabazitakoa da: 2002an eta 2006an epaimahaiarena Historias mínimas-ekin eta El camino de San Diego-rekin, eta 2004an Fipresci saria, Bombón el perro-rekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.